Gaurtik domekara bitartean ospatuko da 57. Eibarko Euskal Jaia

Gaurtik domekara bitartean ospatuko da 57. Eibarko Euskal Jaia
2022/05/27 15:25
eta kitto!
Lehen Pala Txapelketarekin eta larrain-dantza ikastaroarekin motorrak berotzen joan den egitarauak atzoko talogintzarenarekin paso emango dio gaurtik domekara arte asteburu betea eskainiko digun Euskal Jaiaren 57. edizioaren mamiari. Jolasak, kontzertuak, azoka, herri-kirolak, herri-afari eta bazkariak, dantza jaialdia... izango da bakoitzaren gustora egokitutako dastatzeko nahiko elikagai.

Gaurkoan gaztetxoenak bihurtuko dira hasierako protagonista. Bizikleta Plazan garatuko da Udaleko Kultura sailetik antolatutako “Kalian Jolasian”, umeei hainbat jolas eta jokotan parte hartzeko aukera eskainiko dien programazioa. 17:00etan hasi eta 19:00etan amaituko da ekimen hori. Jarraian musikak hartuko du lekukoa eta gaueko/goizeko 03:00ak arte iraungo du. Horko lehen tartea Game Of Txaranga (GOTx) elektrotxarangaren eskutik etorriko da, herriko kaleetatik izango baitira 21:30ak arte. Afaldu ondoren Untzagako karpa izango da jaiaren gune nagusia, bertan Mconak eta Mugi Panderoaren kontzertuek izango dutelako hitzordua: Mconak 23:00etan hasiko da eta 00:30ean amaitu, ondoren Mugi Panderoak erromeria eskaintzeko 01:00etatik 03:00etara.

Euskal kutsuko azoka

Bihar goizeko 10:00etatik bertatik erakutsiko dituzte euren produktuak Artisau eta Baserritarren Azokan parte hartuko dutenek standetan. Eta ordu berean Euskal Jaiko pala txapelketaren lehenengo edizioaren finala jokatuko da Astelena frontoian. T. Etxebarria kalean egingo den azokara itzulita, bost baserritako produktuak eta Eibart elkartearen inguruan batzen diren 17 artisauen lanak ikusi ahal izango dira (eta baita erosi ere, jakina!). Eguerdiko 12:00etan herri-kirolarien eta bertsolarien txanda izango da. Jose Mari Bustinza “Tubi”, Jokin Eizmendi, Garbiñe Lopez de Uralde, Ruth Linaza eta Jon Loiola kirolariek hainbat lan-saio egingo dituzte, modalitateetan banatuta, Ibon Iza esatariak lagunduta: “Besteak beste, harri-jasotzea, lasto eta ingude jasotzea, trontza eta lasto jaurtiketa egingo dira”. Bertsotan Eneko Beretxinagak eta Mikel Iturriotzek jardungo dute eta ez ahaztu goiz osoan zehar talopostua ere egongo dela, “Gure Esku Dago ekimenaren eskutik”.

Arratsaldean, bestetik, kale-animazioak hartuko du tartea hasteko. Eibarko Trikitilariak-en eskutik trikipoteoa izango da 19:00etatik aurrera, eta Kittu musika taldeak, bestetik, 20:00etan hasiko du bere saioa. Biek ere erdiko kaleetatik zehar joko dute 21:30era arte, kantu-afaria hasi arte. Ohikoa denez, karpan izango da afari hori, Biziminak prestatuta. Aurten, dena dela, “kantuak mahaitik abestuko dira, jendea oholtzara igo barik”, antolatzaileek diotenez. Hori bai, “Kittu musika taldeak lagunduta”. Behin hori amaituta, erromeriaren ordua izango da, Jainaga eta Narbaizaren eskutik.

Kostaldeko dantzak

Euskal Jaiko Dantza Jaialdian oraingoan Donibane Lohitzuneko Begiraleak dantza taldeak hartuko du parte Kezka Dantza Taldearekin batera. Azken urteetako bidetik jo dute antolatzaileek oraingoan ere, kanpotik talde bakarra ekarrita. Kezkako Oier Araolazak dioenez, “hainbat ediziotan handik eta hemendik taldeak ekarri ondoren, Ezpalak zikloarekin amaitu genuenetik bide berri batean sartu gara. Ezpalak Jaialdiak beste erritmo bat eskatzen zuen, antolaketa lan handiagoa, eta orain nahiago dugu gertukoekin jardun eta gustora dantzatu, gure zaletasuna partekatzeko”. Iruñeako Gureak Dantza Taldea ere izan da azken aldian, Eibarko Kezkarekin duen harreman berezia aprobetxatuz, eta oraingoan Iparraldetik dator gonbidatua: “Handik ere askotan gonbidatu gaituzte, baina orain- dik ezin izan gara bertara joan. Eurek orain bazuten aukera eta baietz esan digute. Klub Deportiboa moduko elkartea da eurena, kirolik gabe bakarrik kultura arloan lan egiten badute ere: antzerkian, literaturan...”. Donibane Lohitzuneko dantza taldeak lan handia egin zuen 80. hamarkadan “galtzen zeuden plazako dantzak berreskuratzen, dantza-jauzien eta musikuen bitartez”. Begiraleak-ek eta Kezkak, talde biek, oraingoan kostaldeko dantzak eskainiko dituzte domekako saioan: “Kaskarot dantza, Lekeitioko Kaxarranka, Ondarruakoa... Eta amaieran kontradantza egingo dugu eurekin".

Hori bai, Urkizutik irtengo den kalejira ordu laurden aurreratu dute, goizean jokatuko den txirrindulari proba Urkizun amaituko delako: “Jaialdia iragarritako orduan hasiko denez, eguerdiko 12:30ean, kalejira martxa lasaiagoan egingo dugu, Depor aurrean ere dantza egiteko aprobetxatuz”.

Larrain-dantza

Dantza horrekin amaitzen dira azken edizioetan Eibarko Euskal Jaiak. Baita hasi ere, aste batzuk lehenagotik abiatzen dutelako larrain-dantza ikastaroak. Ingurutxoa eta jota oinarri hartuta eraikitako dantza suitea da larrain-dantza. Ordulariaren orratzen kontrako noranzkoan mugitzen den zirkulu irekia osatzen duten bikoteetan dantzatzen da. Lizarran du jatorria, baina litekeena da iraganean hedadura handiagoa ezagutu izana. Dantzaren zatiak honakoak dira: sarrera, katea eta zubia, fandangoa eta abestia, balsa, jota zaharra, bolerak eta azken korrikaldia. Musika beti interpretatzen da dultzaina eta danborarrekin.

Araolazak dioskunez, “70. hamarkadan egin zen Euskal Dantzari Egunaren bueltan dantza nazional gisa hautatu zuten larrain-dantza; hortik hainbat herritara zabaldu izana eta hainbat ikastaro antolatzea”. Hala ere, onartzen du ez dela dantzan hasteko dantzarik samurrena, bera hedatzeak gehiago duela emozionaletik edo sinbolikotik. “Normalagoa da Eibarren urtetan dantzatu den arin-arina gertuago sentitzea”. Aurrekoarekin lotuta, domekan berriro gurean izango den Patxi Perez eta Konpainiaren erromeriarekin lortutakoa azpimarratzen digu: “Hasieran inor gutxi ausartzen bazen balsa edo jauzi egitera, urteen poderioz zabaltzen joan da eta gaur da eguna jendea animatu eta erruz parte hartzen duena. Espektroa zabaldu egin da eta, aldi berean, normalizatu”. Horretarako dira erromeriak.