San Andres Eskolarteko XVIII. Bakailao Txapelketarekin abiatuko den sanandresetako egitaraua aurkeztu dute

San Andres Eskolarteko XVIII. Bakailao Txapelketarekin abiatuko den sanandresetako egitaraua aurkeztu dute
2022/11/16 eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dute San Andres jaiak ospatzeko jai egitaraua Jon Iraola alkateak, Patxi Lejardi Kultura eta Festetako zinegotziak eta Jose Luis Gonzalez “Poxpolo” saileko teknikariak. Alkateak adierazi duenez, “bi urteko murrizketen ondoren, aurten, azkenean, San Andres jaietako ospakizunak eta jarduerak normaltasun osoz egingo dira, jakitun izanik eibartarrek gogo eta ilusio handia dutela jaietarako”. Era berean, jaietarako egitaraua osatzeko lan egiten duten herriko elkarte eta taldeen ekarpena nabarmendu du, eskerrak ematearekin batera.

Jaien inguruan antolatu diren jarduerak domekan (hilak 20) hasiko dira, San Andres Eskolarteko XVIII. Bakailao Txapelketarekin. Lehiaketa Errebal Plazan egingo da, 10:30etik aurrera, eta 32 ikasle-bikotek hartuko dute parte. Zehazki, DBHko lehen eta bigarren mailako 22 bikote eta DBHko hirugarren eta laugarren mailako 10. Ikastetxeei dagokienez, Eibar BHIko 14 bikote izango dira, Aldatzeko 11, eta La Salle Azitaingo 7.

Bestalde, hilaren 23an eta 24an (eguazten eta eguenean) 'San Andres Saria’ XVIII. Pintxo Lehiaketa egingo da, Arrate Kultur Elkarteak antolatuta, Eibar Merkataritza Gune Irekiarekin, Udalarekin eta Eibarko ostalariekin elkarlanean.

Hilaren 24an, berriz, ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako ‘San Andres XXVII Bertso Jaialdia’ egingo da Coliseo antzokian, 18:30ean, Jesus Mari Irazu, Miren Artetxe, Eñaut Martikorena eta Onintza Enbeita bertsolariekin. Jaialdirako sarrerak egunean bertan ipiniko dira salgai leihatilan, 6 euroan, jaialdia hasi baino ordubete lehenago (17:30ean). Beti bezala, bertan banatuko dira San Andres Bertso Paper lehiaketako sariak.

Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatutako Txistorraren Egunaren XVIII. Edizioa, bestetik, azaroaren 26an (zapatua) ospatuko da, Untzagan. Egun osoa beteko du jaiak (09:00etatik 21:00etara) eta kilometro bat txistorra prestatuko dute, pintxoetan saltzeko. Gainera musika eta kirol emanaldiak ere egongo dira. Horrekin batera, 19:00etatik 21:00etara Ustekabe txarangak joko du eta 19:00etatik 22:00etara Gorka Perez DJaren emanaldia egongo da Errebal plazan.

Hilaren 27an, San Andres Saria XXVIII Bakailao Txapelketa egingo da Untzagan, 11:00etatik aurrera. Izena emateko epea amaitua, 31 bikotek hartuko dute parte.
Bestalde, azaroaren 29rako elektrotxaranga bat ibiliko da herriko erdialdeko kaleetan zehar, 19:00etatik 22:00etara eta, ondoren, 22:30etik aurrera, Jaixak Herrixak Herrixandako elkarteak antolatuta, Altxa Porru taldearen erromeria izango da Untzagako karpan.

Eta, jaiak biribiltzeko, azaroaren 30ean, San Andres egunean, ohiko azoka egingo da. XLIII. Azoka 09:30ean hasiko da, Untzagan eta Txaltxa Zelaiko karpetan egongo diren  postuekin. Nekazaritzako produktuekin 53 postu egongo dira guztira: horietatik 19 postuk ogia salduko dute, 14k gazta (horietako 12k jatorri-deitura duten produktuak eskainiko dituzte), hamar postuk barazkiak, zazpik eztia, batek fruta,  beste batek loreak eta beste batek ontziratutako produktuak.

Horrela, Txaltxa Zzelaiko karpan jatorrizko deiturako produktuak saltzen dituzten postuak jarriko dira (7 eztiarenak, 12 ogiarenak eta 12 gaztarenak), eta gainerakoak Untzagan egongo dira.

Abeltzaintza-azokari dagokionez, Fermin Calbeton kalean jarriko dira horretarako guneak. Honako baserriek hartuko dute parte: Aritxuleta, Mandiola Gainekua, Zumaran, Arimendi Goikua, Orbe, Agarre-Azpi, Untzeta, Gisasola eta Mendigoitxi. Besteak beste behiak, ardiak, pottokak, poniak, zaldiak, ahuntzak, oiloak, antzarak, astoak eta idiak ikusi ahal izango dira.

Gainera, egun horretan bertan, 11:30etik aurrera, Usartza Txistulari Bandak kalejira egingo du, eta 12:00etan Toribio Etxebarria kalean Binakako Aizkolari Txapelketa egingo da; bi bikote gaztek eta hiru bikote helduk parte hartuko dute. 12:00etan Untzagako harmailen inguruan bertsolarien eta trikitilarien emanaldi bat egongo da eta ondoren kalejira egingo dute.

Eguerdian, 12:30etik aurrera, Plazara Dantzara erromeria egingo da Untzagako Plazan, Kezka Dantza Taldearen eskutik eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin. 13:00ean banatuko dira San Andresetako kartel lehiaketen, pintxo-lehiaketaren eta Nekazaritza Azokako modalitate ezberdinetako irabazleen sariak. San Andres eguneko jai-egitaraua arratsaldean amaituko da, 18:00etan, Untzagan, Kezkaren eskutik egingo den Plazara Dantzara erromeriaren azken saioarekin.