Sanandresetako jai egitarau zabala aurkeztu du Udalak

Sanandresetako jai egitarau zabala aurkeztu du Udalak
2021/11/04 eta kitto!
Osasun-egoeraren eboluzioak baldintzatuta bada ere, oraingo egoerak okerrera ez badu egiten behintzat, aurten Sanandresak ospatzeko moduan izango gara. Hala iragarri zuten atzo Jon Iraola alkateak eta Jose Luis Gonzalez “Poxpolo” kultur- teknikariak, Sanandresak ospatzeko prestatu duten egitaraua aurkezteko prentsaurrekoan.

San Andres egunean, betiko martxan, 09:30etik aurrera zabalduko den XLIII. San Andres Nekazal Azoka izango da protagonista nagusia, baina aurten aldaketa batzuk egingo dituzte, “egoera berrira moldatzeko eta osasuna zainduko dela bermatzeko”. Toki bakarrean ipini beharrean, hiru gunetan (Txaltxa Zelaian, Untzagan eta Toribio Etxebarrian) banatuta egongo dira azokako postuak, “ahal den neurrian jende-pilaketak saihesteko”. Gainera, maskararekin ibili beharko da eta eskuak garbitzeko hidrogela ere eskuragarri ipiniko dute, jendeak erabiltzeko. Bestela, ohiko produktu guztiak eskainiko dituzte azokan parte hartzera animatzen diren ekoizleek. Izen-ematea ixteko egun gutxi falta arren, betiko moduan 65-80 postu bitartean egongo direla aurreikusten dute antolatzaileek.

Abereak erakutsiko diren ala ez oraindik ez dakitela aurreratu zuten, “beste gaixotasun bat tartean, Foru Aldundiak horretarako baimena ematen duen ala ez, horren zain gaude oraindik. Aste honetan bertan bildu gara hemengo baserritarrekin, baina azken hitza Diputazioak dauka”.

Eguna girotzeko egingo diren beste jarduerak ohikoak izango dira: Usartza txistulari taldearen eta trikitilarien kalejirak, aizkolarien txapelketa, bertsolariak, Plazara Dantzara erromeria eta San Andres Azoka, Pintxo Txapelketa eta Kartel lehiaketako sariak banatzea.

Gastronomia, musika eta bertsoak

Egun horren aurretik, baina, beste jarduera osagarri batzuk egingo dira eta horietan gastronomia izango da jaun eta jabe: azaroaren 19an Unzaga hotelean afari-dastaketa egingo da; 20an, berriz, Eibarko Hiria “Alkorta Bakailaoak” IV. Pintxo Txapelketa jendearentzat zabalik egingo da, Errebal Plazan, “txapeldunen txapeldunekin”. Eibarko Udalak, Bacalaos Alkorta enpresak eta Mireia Alonso Pérez sukaldari eibartarrak antolatu dute lehiaketa. Era berean, Aceites Urzante, Solera Eibarresa, Meka-Hotel, Esther Astarloa, Igartza, Inoxibar, Ederto, Lumagorri eta Eibarko (Bizkaia) Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutuaren laguntza du. Arabako txapelduna, Bizkaikoa, Gipuzkoakoa, Nafarrokoa, Iparraldekoa, Euskal Herrikoa, Elgoibarkoa, Ermukoa eta Eibarkoa bertan egotea espero dute.

Horrez gain Eskolarteko Bakailao Txapelketa (20an) eta XVIII. Bakailao Txapelketa (28an) Errebalen izango dira. Eta ...eta kitto!-ren bertso jaialdia, berriz, azaroaren 25ean izango da, Coliseoan. Arratsaldeko 18:30ean Bertso Paper lehiaketako sariak banatuko dira, eta 19:00etan hasiko da jaialdia. Aurtengo laukotea honakoa izango da: Amets Arzallus, Agin Laburu, Nerea Elustondo eta Sustrai Colina. Gai-jartzaile Jon Mikel Mujikak jardungo du.

San Andres bezperarako musika, berriz, Ustekabe fanfarrearen eta Parrapas erromeria taldearen eskutik izango da.