Sanandresetako lehen mokadua

Sanandresetako lehen mokadua
ETA KITTO 2019, Aza 15

Sanandresak ospatzen amaitu ohi dugu azaroa eibartarrok, baina ospakizunak lehenago hasten dira. Gastronomiak protagonismo handia izan du hilabete guztian zehar eta protagonista izaten amaituko du. Bihar Berakatz Zopa Txapelketa egingo da, etzi Bakailao Pintxo Lehiaketa eta Eskolarteko Bakailao Lehiaketa, hilaren 19tik 21era Pintxo Lehiaketa, 23an Txistorraren Eguna eta 24an Bakailao Lehiaketa. On egin.

 

Mireia Alonso gastronomoaren arabera, “Eibarrek beti izan du bakailao usaina”. Barnealdeko hiria izanda, arrain-mota honek berebiziko garrantzia izan du Eibarren eta bakailao plater gozoak prestatu dira herriko sukaldeetan. “Eibar bakailaoaren kapitala izaten jarrai dezala”, adierazi zuen eguaztenean egin zen prentsaurrekoan Iban Alkorta Bacalaos Alkortako arduradunak, eta, ohore hori mantentzeko, domekan emango zaio hasiera bakailaoaren festari.

Udaletxeko barruko patioak Bacalaos Alkorta III. Pintxo Lehiaketa jasoko du 12:30etik aurrera. Irungo ‘Danako’ (Euskal Herriko txapelduna), Hondarribiako ‘Gran Sol’ (Gipuzkoako txapelduna), Ermuko ‘Kiska’ (Bizkaiko txapelduna), Gasteizko ‘Waska’ (Arabako txapelduna), Iruñako ‘Baserriberri’ (Nafarroako txapelduna), ‘Getari’ (Iparraldeko txapelduna), ‘Viento sur’ (Elgoibarko txapelduna), ‘Giroa’ (Ermuko txapelduna) eta ‘Baratze Gourmet’ (Eibarko txapelduna) arituko dira lehian, eta zuzenean kozinatuko dute.

Alonsok parte-hartzaileen maila handia goraipatu du. “Euskal Herriko onenak etorriko dira eta Debabarrenari protagonismoa emango diogu. Hemen ez dugu ezer asmatu behar, duguna ezagutarazi baizik, oso ona delako”. Horregatik, pintxo onenari eta bakailaoaren tratamendu onenari saria emateaz gain, ‘Km0 produktuen’ presentzia onenari eta tokiko pintxo onenari saria emango diete baita ere. Pintxoak baino, “miniaturazko sukaldaritza” dela esaten du Alonsok. “Gama altuko jakiak formatu txikian”.

bacalaos alcorta pintxo finala038

Bakailaoa gazte eta helduentzat

Horren aurretik egingo den ekitaldian, formatu txikikoak sukaldariak izango dira, 10:30etik 11:30era XVI. Eskolarteko Bakailao Lehiaketa egingo baita. Eibar BHI, Aldatze eta La Salle Azitaingo 25 bikotek hartuko dute parte eta pintxo lehiaketan parte hartuko duten sukaldarien aholkuak jaso ahal izango dituzte.

Hilaren 24an, bestetik, helduen txanda izango da. San Andres XXVII. Bakailao Txapelketa egingo da Untzagan 11:00etan eta Eibarko elkarteek, eskualdeko etxeek eta koadrilek hartu ahal izango dute parte. “Azken urteotan hazi egin da gazteen parte-hartzea”, Patxi Lejardi zinegotziaren arabera. Lehen, bigarren eta hirugarren sailkatuek 300, 200 eta 100 euro eskuratuko dituzte, hurrenez hurren.

sanandresak_bakailao txapelketa115

Berakatz-zopa, pintxoak eta txistorra

Eibarko Sarek 4. Berakatz Zopa Txapelketa egingo du bihar, zapatua, 11:30ean Untzagan eta hiru onenentzat sariak emango dituzte: 150 euro eta txapelak bikote onenarentzat, 100 euro bigarrenarentzat eta 50 euro hirugarren geratzen den bikotearentzat.

Hilaren 19tik 21era, Arrate Kultur Elkarteak antolatuta, Eibarko tabernarien arteko San Andres XVI. Pintxo Lehiaketa egingo da. Joan den urtean Baratze Gourmet tabernak irabazi zuen pintxo onenaren saria eta lehia bizia egongo da aurten.

Eibako Txirrindulari Elkarteak, bere aldetik, XVII. Txistorraren Eguna egingo du azaroaren 23an, zapatuan. Bizikletazaleek kilometro bat txistor prestatuko dute eta, horrez gain, kirol erakustaldiak, musika, jokoak eta beste hainbat ekintza egingo dituzte.

BZ 4 50 x 70 KARTELA DEF

pintxo lehiaketa

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »