Jose Agustin Gurruchaga (argazkilaria): “Emakumeen borroka islatu nahi izan nuen argazkietan”

Jose Agustin Gurruchaga (argazkilaria): “Emakumeen borroka islatu nahi izan nuen argazkietan”
2019/10/25 eta kitto!
Bergaran bizi den Jose Agustin Gurruchaga eibartarrak lortu du XXXII. Indalecio Ojanguren argazki lehiaketaren sari nagusia. ‘Urko’ izeneko bilduma aurkeztu zuen Gurruchagak eta sari hau irabazi duten maila handiko argazkilarien zerrendaren alboan idatzi du bere izena. Poz-pozik jaso du saria eta argazki sarituekin ireki duen bideari jarraipena eman nahi dio. Bere argazkiak, lehiaketara aurkeztu diren beste batzuekin batera, gaur 19:00etan Portaleko erakusketa aretoan inauguratuko den erakusketan ikusteko aukera egongo da. Irabazleei sariak emateko ekitaldia inaugurazioarekin batera egingo dute.


- Nola sentitzen zara Indalecio Ojanguren saria jaso ondoren?

Oso pozik. Indalecio Ojanguren lehiaketa erreferentea da niretzat eta oso pozgarria da irabazi ahal izatea. Estatu mailako lehiaketa izanik, maila handiko argazkilariak aurkezten dira lehiaketara. Iraganean sari txikiren bat irabazi izan dut Indalecio Ojanguren sarietan (euskaldun onenaren saria), baina sari nagusia jasotzea ez da erraza.

- Eibartarra izanik, are bereziagoa da sari nagusia jasotzea?

Euskal Herri mailako hainbat lehiaketatan hartzen dut parte, baina Indalecio Ojanguren sariak zerbait berezia du.

- ‘Urko’ izenburua jarri diozu saritua izan den argazki-bildumari. Zer islatu nahi izan duzu?

Orain dela hiru edo lau hilabete hasi nintzen ilobarekin argazkiak prestatzen. Feminismoaren eta emakumeen inguruko zerbait egiteko gogoa nuen, emakumeen borroka islatu, eta Bergaran dudan estudioan argazki batzuk egin genituen. “Esan nahi duguna ulertuko da?”, pentsatu genuen. Lagun batzuei erakutsi nizkien argazkiak eta islatu nahi nuena ikusi zuten. Indalecio Ojanguren sarietan aurkeztea pentsatu nuen, hor aurrera egiten bazuen, ulertu daitekeen zerbait dela argi gerat ko zelako. Hiru argazkiko bilduma prestatu eta, hara, lehenengo saria lortu dut. Saria pizgarria izan da gai honen inguruan lanean jarraitzeko.

- Beraz, argazkian agertzen direnak zure ilobak dira?

Bai. Nire argazkietako modeloak familiakoak izan ohi dira.

- Nolako tratamendua eman diezu argazkiei?

Zuri-beltzeko argazkiak dira, indartsuak, eta Photoshop programa erabili dut editatzeko. Gero, paperean aurkeztu behar direnez, Bilboko laborategi batean inprimatu ditut. Argazkiak ordenagailuan ikusten ditudan bezala inprimatzen dituzte laborategi horretan, konfiantzazkoak dira. Maiatzetik eduki ditut argazkiak etxean, Indalecio Ojanguren sarietarako apropos gordeta. Hiru argazkiko bilduma izanik zerbait kontatzeko aukera dago, normalean argazki bakarra aurkezten dugulako lehiaketetara eta argazki bakarrarekin oso zaila da zerbait kontatzea.

1-1 2-1 3-1

- Gai sozialak erretratatzea gustatzen zaizu?

30 urte baino gehiago daramatzat argazkiak egiten. Argazkiak egitea eta mendian ibiltzea dira nire bizio handienak. Ilobei hau edo bestea egin nahi dudala esaten diet eta asko inplikatzen dira. Demaseko zortea dut eurekin, gozamena da. Konplizitate handia dago argazkiak egiteko orduan eta horrek ez du preziorik. Gauza ezberdina da etxekoekin egitea edo modelo bati ordaintzea argazkiak egiteko.

- Konplizitate hori igartzen da argazkietan orduan?

Seguru nago baietz. Nire emaztea Albacetekoa da eta hara joaten garenean lagunen alabei argazkiak egiten dizkiet, eta asko igartzen da ezagunak eta lagunak direla. Ez dakit zelan, baina konplizitate hori argazkietan agertzen da.

- Argazki lehiaketetan parte hartzea gustatzen zaizu?

Bai, urte guztian zehar ibiltzen naiz argazki lehiaketetan parte hartzen. Gaur egun ehun mila lehiaketa daude, beraz, badago aukera.

- Motibatu egiten zaituzte?


Norberak egiten dituen argazkiak jendeari gustatzen zaizkion ala ez jakiteko modu bat dira lehiaketak. Bestetik, Beasain eta Bergarako argazki-taldeetan hartzen dut parte eta bileretan beti ikasten da zerbait. Argazkilari bakoitzak ikuspuntu eta gustu ezberdinak ditu.

- Zelako argazkiak dituzu gogoko?

Klasikoa naiz. Indalecio Ojanguren sarirako aurkeztu nituen argazkiak, ordea, ez dira klasikoak. Nire ohiko ibilbidea apurtu eta argazkilaritza klasikotik irten naiz pixka bat lehenengo aldiz. Bestela, mendian ibiltzeko zaletasuna dut, eta mendiko eta naturako argazkiak egin izan ditut. Orain mendian ez dut argazki-makina aldean eramaten, ez bada zerbait berezia ikusi dudala.

- Nola hasi zinen argazkilaritzaren munduan?

Ez dakit; beti izan dut afizioa eta interesa. Bergarara bizitzera etorri nintzenean argazkilaritza-taldean eman nuen izena eta eboluzionatzen joan naiz.

- Argazkilaritza ikasketak egin zenituen?

Ikastaro batzuk jaso nituen orain dela 30 urte inguru, baina lagunekin berbetan, internet bitartez, hitzaldietan... ikasi dut. Lagunekin egiten ditudan afarietan jasotzen ditut ikastaro onenak. Gutako bakoitzak egindako argazkiak erakusten diogu elkarri, gauzak zelan egiten ditugun azaltzen dugu eta asko ikasten da horrela. Nik ez dut sekreturik eta berba asko egiten dut argazkilaritza munduan dagoen jendearekin. Gainera, adiskidetasuna sortzen da gure artean.

- Baduzu argazki kuttunik?


Atzo bertan ilobaren erretrato bat egin nuen, ederra. Bestetik, orain dela urte bi argazki bat atera nion ilobari, buruan zapia duela, eta asko gustatzen zait. Begietan duen espresioa ikusgarria da. Mendian egin ditudan argazki batzuk ere gustatzen zaizkit, baina oso estilo ezberdinekoak dira. Ez dakit zein argazki den hobea, ezberdinak dira. Argazki lehiaketetan ere uste dut ez dagoela beste bat baino ederragoa den argazkirik. Epaitzen den momentuan epaileei gehiago gustatu zaien argazki bat egon daiteke, baina horregatik ez da hobea izango. Gainera, oso subjektiboa da.

- Eta baduzu argazkilaritza-proiekturik etorkizunera begira?

Indalecio Ojanguren sarietan aurkeztutako proiektua gehiago lantzea nahiko nuke, lana osatzeko.

- Argazki-erakusketak egiteko ohitura duzu?

Ez. Bergaran egin nuen bat, baina demaseko lana da. 30 argazki nituen, mendikoak guztiak, eta lagunei oparitu nizkien.