Juan Carlos Jimenez Barrul, Kamelamos Adikerar: “Motxaileak gara, baina baita euskaldunak ere”

Juan Carlos Jimenez Barrul, Kamelamos Adikerar: “Motxaileak gara, baina baita euskaldunak ere”
2019/07/05 09:18 eta kitto!
Euskal Herriko ijito herriaren hainbat ordezkari egon ziren Eibarren joan den zapatuan Ignacio Zuloagari egindako omenaldian. Tartean Juan Carlos Jimenez Barrul egon zen, Kamelamos Adikerar ijito elkartearen arduraduna. Ijito kulturaren sentsibilizazio eta zabalkundeaz arduratzen den elkartea da, eta motxaileek bizi duen errealitatearen berri eman digu Jimenez Barrulek.

 

- Zer moduz egon zen zapatuko ekitaldia?

Oso ondo. Ijito herriak esker ona zor dio Ignacio Zuloagari, beti egon zelako ijito herriaren alboan eta motxaileak beti defendatu zituelako. Oso ekitaldia hunkigarria izan zen. Gainera, Ignacioren birbiloba egon zen. Ignaciok ijitoekin zuen harreman ona berreskuratu nahi du Zuloaga familiak, ondo dakitelako Ignaciok nolako garrantzia duen ijito herriarentzat. Ignaciok asko maite zuen gure herria eta maitasun harreman hori jarraitu nahi du haren familiak.

- Nolako garrantzia du ijito herriarentzat Ignacio Zuloaga bezalako ospe handiko margolari batek zuen herria bere koadroetan islatzeak?

Guretzat oso garrantzitsua da, ijito herria benetan nolakoa den islatu zuelako. Balioak dituen herria gara, sentimendu positibo eta onak dituen etnia, eta Zuloagak oso modu ederrean erakusten zuen hori. Oso ondo egiten zuen berba motxaileen inguruan han eta hemen. Motxaileak azaltzen diren hainbat koadro margotu zituen eta motxaileen bizikide izan zen.

- Kaloz ere egiten zuen berba, ezta?

Hori da, ijitoek iberiar penintsulan erabiltzen dugun hizkuntza ezagutzen zuen. Kaloa Romaniaren dialektoa da, motxaileen jatorrizko hizkuntzatik eratorria.

- Gaur egun Ignacio Zuloaga bezalako pertsonak falta dira ijito herriaren errealitatea kontatzeko?

Zuloaga asko falta zaizkigula uste dut. Jazarpena eta tratu txarrak jasan dituen herria da motxaileena. Ez gaur egun bakarrik, hainbat mendetan gertatu den zerbait izan delako. Ijito herria oso estereotipatua dago eta gizarteak modu negatiboan ikusi izan gaitu, baina egia esan gizarteak ez du benetan ijito herria ezagutzen. Ezjakintasun handiarekin egiten da berba motxaileen inguruan. Estigmatizatuta gaude. Gezurra dirudi gaur egun ere gizartean aurreiritzi horiek mantentzea, gaindituta egon beharko lukeela uste dut. Motxailea zarela esaten baduzu, arazoak dituzu, etiketatu egiten zaituztelako berehala. Adibidez, etxea alokatzeko orduan motxailea zarela esaten baduzu, ez dizute alokatzen. Beste modu batean begiratzen zaituzte motxailea zarela dakitenean. Nik ijito ez den pertsona askorekin izan dut harremana eta batzuk konfiantza galdu zuten motxailea nintzela jakitean, urrundu egin ziren, nahiz eta nire portaera beti ona izan den. Ikusten duzunagatik epaitu behar nauzu, ez besteek diotenagatik. Zuloagatarren Zumaiako etxean egon nintzenean, adibidez, bere idatzi batzuk irakurri nituen, non ijitoei buruz berba egiten zuen. Motxaileen irudi erreala erakusten zion gizarteari, positiboa, eta horrek asko lagundu zion ijito herriari. Horrelako ekimen gehiago beharko genituzke.

- Kamelamos Adikerar elkarteak funtzio hori dauka? Motxaileen errealitatea nolakoa den gizarteratzea?

Bai. Errenterian dugu egoitza eta hainbat ekintza antolatzen ditugu motxaileen kultura ezagutzera emateko eta elkarbizitza sustatzeko. Adibidez, Ijito Kultura Astea antolatzen dugu urtero eta herritarrak kafera gonbidatzen ditugu gurekin elkarrizketan jarduteko, ijito herriaren historiaren inguruan berba egiteko... Guk geure burua aurkeztu nahi diogu gizarteari, esterotipoak apurtzea, eta hortik aurrera besteen esku egongo da gure inguruan zein iritzi eduki. Ezagutza ona eta errespetua izanez gero, elkarbizitza perfektua edukiko genuke.

- Nolakoa da gaur egungo elkarbizitza?

Ia ez dago elkarbizitzarik. Zure burua ijito moduan identifikatzen ez baduzu, ez duzu arazorik edukiko. Baina motxailea zarela esaten duzunean hasten dira arazoa, estereotipoen ondorioz. Aspalditik ezagutzen nuen taxi gidari batek esan zidan ni ezin nintzela motxailea izan, normala nintzelako. Harrituta geratu nintzen. “Nola esan dezakezu horrelako astakeria bat?”, esan nion. Motxailea izateagatik gaizkilea izan behar naiz? Ezta gutxiago ere. Noski, badaude gaizkileak diren motxaileak, kultura eta herri guztietan gertatzen den bezala, baina horregatik ezin da herri bat estigmatizatu.

- Ijito Kulturaren Asteaz gain, zein beste ekintza egiten duzue elkartean?

Elkarbizitza arazoak daudenean esku hartzen dugu eta arazoak zergatik sortzen diren aztertzen dugu gehiagotan ez gertatzeko. Kasu askotan ulermen arazoak izaten dira, alde batek bestea ulertzen ez duelako eta alderantziz. Bestetik, flamenko lehiaketa bat antolatzen dugu baita ere. Flamenkoa kulturarteko zubia da eta harremanak sendotzen ditu. Estatutik etorritako flamenko-kantariek hartzen dute parte eta abeslari euskaldunak ere egoten dira.

- Sonacay taldea da aipatzen duzun zubi horren erakusle nagusia?

Duda barik! Sonacay taldeak oso ondo ordezkatzen gaitu. Motxaileak gara, baina baita euskaldunak ere. Hemen jaio gara, gure seme-alabek euskeraz egiten dute eta flamenkoaz gain kantu euskaldunak abesten dituzte. Euskal kultura maite dugu.

- Erromintxela (ijito euskaldunen hizkera) erabiltzen duzue oraindik?

Hilzorian dagoen hizkuntza da erromintxela, baina badaude erabiltzen duten motxaileak. Erromintxelaz egiten zuen gizon bat ezagutu nuen behin eta harrituta geratu nintzen, ez nuelako hizkuntza ezagutzen. “Gizon honek kaloa eta euskera nahasten ditu”, esan nion anaiari.

- Ijito herrian aldaketak izan dira belaunaldi berriekin azken urteetan?

Ikasketa kontuetan hobekuntzak egon dira gure komunitatean, herri moduan aurrera egin nahi dugulako. Aldaketak egon dira, baina gure nortasuna galdu barik. Gizarteak eskaintzen dituen gauza onak hartu ditugu. Ikasketa barik ezin dugu aurrera egin eta belaunaldi berriek formakuntzaren aldeko pausoak eman dituzte. Gainera, gure elkartean ere behin eta berriz esaten diegu ikasketak edukitzea oso garrantzitsua dela.