Eibar KE-ren Akziodunen Batzarreko bozketetan izandako akatsak agerian laga ditu Beti Eibar elkarteak

Eibar KE-ren Akziodunen Batzarreko bozketetan izandako akatsak agerian laga ditu Beti Eibar elkarteak
2022/11/22 eta kitto!
Eibar KE-k Akziodunen Batzar Orokorra egin zuen hilaren 17an eta bertan gaur egungo Administrazio Kontseiluaren jarraipena bozkatu zen, besteak beste. Dena dela, Beti Eibar – Eibar Forever Akziodunen Elkarteak salatu duenez, “akats larriak atzeman genituen ezezko botoen ehunekoetan, Elkarteak Kontseiluaren proposamenak babestu ez zituen puntuetan”.

Gauzak horrela, Beti Eibar elkarteak, “hilaren 17an bertan, gertakaria nahikoa larria zela eta lehenbailehen aztertu behar genuela iritzita, Kontseiluarekin harremanetan jarri ginen, datuak berrikusteko eskatzeko”. Domekan, ostera, Deportivo Alavesen aurka neurketa garrantzitsua jokatu behar zuen taldeak eta Beti Eibarrek ez zuenez “ernegatzeko giroa sortu nahi”, ez zuten erreklamazioa publiko egin.

Domekako partidua igarota, astelehenean, Eibar KE-k sare sozialen bitartez argitaratu ditu bozketen emaitzak Beti Eibarrek eskatutako berrikuspena egin ondoren. Bertan azaltzen denez, “Batzarrean aurkeztutako datuen eta behin betikoen arteko aldea nabarmena da”, Beti Eibarrek dioenez. “Sailburu bakoitzaren berrautaketari eta horien kopurua 11 puntutan finkatzeari emandako ezezko botoen ehunekoa bikoitza baino gehiago da zuzenketa egin ondoren”.

Kontaketan izandako akatsak kontuan hartuta, “hurrengo bozketen emaitzen fidagarritasuna bermatzeko, akatsaren eragilea izan omen den sistema informatikoa ikuskatzea eskatzen dugu”, dio Beti Eibarrek.