Eibar Rugby Taldeak ezin izan zuen Valladoliden ere partidua aurrera atera

Eibar Rugby Taldeak ezin izan zuen Valladoliden ere partidua aurrera atera
2022/10/31 eta kitto!
Luze egiten ari zaio Ohorezko Mailako Eibar Rugby Taldeari denboraldi honetako lehenengo garaipena lortzea. Oraingoan Valladolideko El Salvador igoberriaren aurrean eman behar izan zuten amore Patricia Guntinen neskek: 24-12. Hala ere, errekonozitu behar da, igoberriak izanda ere, Gaztela-Leongoek talde indartsua osatzen dutela, eibartarren kontrara orain arte jokatutako partidu guztiak irabazi dituztelako. El Salvador-ek bi aukera garbi aprobetxatu zituen markagailua estreinatzeko atsedenaldira heldu aurretik.

Bigarren zatian, El Salvadorrek Eibarren lerroa hautsi eta beste entsegu bat egin eta gero, Eibarrek bi entsegu lortu zituen eta markagailuan El Salvadorrekin berdintzekotan egon zen, baina azken jokaldian Chamisak egindako azken entseguak Eibarren berdinketa lortzeko saiakera zapuzten zuen.

Zapatuan jokatuko dute hurrengo partidua, Olimpicoaren aurka: aukera berri bat lehen puntuak lortzeko!