Eibarko Pilota Eskolak palako zortzi jokalari federatu izango ditu denboraldi berrian

Eibarko Pilota Eskolak palako zortzi jokalari federatu izango ditu denboraldi berrian
2022/09/16 eta kitto!
Asteburu bete-betea izango du Eibarko Pilota Eskolak oraingokoa, denboraldiari hasiera ematen dion karteldegian eskuzko zein palazko hainbat neurketa hartuko duelako. Hori bai, Eibarko Klub Deportiboko batzorde horrek egoera berezia biziko du jardunaldi hauetan, Astelena frontoia obretan dagoenez, etxean jokatzea egokituko zaizkion partidu guztiak inguruko herrietako frontoietan jokatu beharko baititu. Momentuz Gipuzkoako Binakako Txapelketa abiatu da pilotan (bost neurketa asteburu honetan eibartarrentzat) eta Gipuzkoako Binakakoa ere paletan, gomazko modalitatean (bi partidurekin).

Atzo jokatu zen lehenengo partidua, paletan, Debako Aldats frontoian, Eibarko Eneko Urain eta Iosu Osa palistek osatutako bikotearen eta kostaldeko herriko Euskal-Jolas taldeko ordezkarien artean.

Gaur Soraluzeko eta Mendaroko frontoietan izango dira Eibarko Pilota Eskolakoak. Mendaroko udal frontoiak hiru partidu hartuko ditu 19:15ean hasiko den jaialdian. Lehenengo bietan kadete mailako pilotariek jokatuko dute eta azkenekoan paleta gomazko partidua izango da. Hasteko, 3. mailako kadeteen partiduan, Patxi Basaras eta Ekain Araolaza Zumarragako Belokiko bikotearen aurka jokatuko dute. Jarraian, 2. mailako kadeteen neurketan, Eibarko bi bikoteen arteko lehia izango dugu: Ekhi Azpilikueta eta Ugaitz Segurola alde batetik, eta Manex Gisasola eta Oñatz Urkiaga bestetik. Jaialdia amaitzeko, paleta gomazko binakakoan, Mikel Ginea eta Mikel Aparicio eibartarrek Zestoako bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Soraluzen, bestalde, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, eskuz binakako lehendabiziko jardunaldian, Ibon Ibarrak eta Caramanzanak osatutako Eibarko bikoteak lokal bezala jokatuko du Ataungoko bikotearen aurka.

Asteburuko karteldegiarekin amaitzeko, gaur bertan eta Bergaran, Gipuzkoako eskuz binakako txapelketaren barruan, helduen mailan, Iker Narbaiza eta Ander Agirresarobe eibartarrek Bergara 2ko bikotearen aurka jokatuko dute.