Esteban Vouilloz (Kirol Patronatua): “Eskaintzen dugun zerbitzua ez da bakarrik gure erabiltzaileei zuzendua”

Esteban Vouilloz (Kirol Patronatua): “Eskaintzen dugun zerbitzua ez da bakarrik gure erabiltzaileei zuzendua”
2021/09/27 16:10
eta kitto!
Esteban Vouillozek gela-jardueren dinamikaren ardura du beregain eta kezka azaldu digu Eibarko Kirol Patronatuko bezeroek eta “baita bestelakoek ere” herriko kirol instalazioek “eskaintzen dituzten zerbitzuen inguruko errealitatea” barneratu duten. Berak dioenez, “pandemiaren eraginez izan dira zenbait aldaketa gure funtzionamenduan, baina gutxinaka, eta beti ere agintzen digutenari jarraituz, zerbitzua normalizatzen doa”.

Ez hori bakarrik. Patronatuak zerbitzu medikoa eskaintzen duela dio, “klubei zein eibartarroi, medizina prebentiboaren bidetik”. Norma moduan, gainera, “60 urtetik gorakoei errekonozimendua egiten zaie edozein aktibitateri ekin aurretik eta, behar badute, beste orientazio bat eskaintzen zaie”.

Pandemiaren hasieran jendeari instalazioak itxi bazitzaizkien ere, gutxinaka eta “Eusko Jaurlaritzatik zetozen aginduak zorrotz beteta”, zerbitzuak eta aktibitateak zabaltzen joan ziren. Guztia, jakina, bere neurrian; horrela, bezeroek arreta jaso zuten aurrez hitzordua hartuta. Vouillozek onartzen du hor arazoak ere izan zirela: “Jarraitu genituen berdintasun-irizpideak ez dakit ondo ulertu ziren. Gehienez hiru erreserba hartzeko aukera bazegoen, horrek ez zuen esan nahi kopuru horretan zegoenik muga: bat agortzean, beste bat hartzeko aukera bazegoelako”. Aurrekoarekin batera, ordutegi-blokeak osatu behar izan zituzten. Eta, lau instalazioetatik bat galdu zuten, Astelena frontoia txertaketa-gune bihurtu zelako.

Segurtasunari lotuta
Normaltze-prozesuari jarraituta, klubei ateak irekitzen joan zitzaizkien, aldagelak izan ziren hurrengo urratsa, kanpoko igerilekuak zabaldu ziren udarekin... Baina, hala ere, egoerak horretara bultzatuta, jende gutxiagok erabili izan ditu azken aldian instalazioak. Baina beti ere “segurtasunari lotuta, hori izan baita gure jardunbidearen lehentasun nagusia”. Segurtasun-maila gorenari jarraitu nahi izan diote, “murrizketen normaltasunari paso ematen zioten neurrian”. Eta espazioak ere birziklatu dira, egoerak behartuta.

Jendearen erantzuna bikaina izan dela dio Estebanek, “maskarillaren erabilera nagusi bilakatuz”. Arlo horretan hainbat egokitzapen egin behar izan zituzten, tartean desinfektatzeko zailtasunak sortzen zituzten materialak baztertuz, esterak eta halakoak baztertuz: “Jendeak ondo ulertu zuen eta baita bakoitzak berea eramateak duen abantailaz jabetu ere”. Gauza bera bizikletak eskainitako aukerekin, “spinning-a izan barik, berrasmatzeko ahalmena izan dugulako”. Ordutegietan ere hainbat aldaketa egitera behartu zaien egoerak: “Klaseen arteko denbora behar izan genuen, gurutzatzerik ez gertatzeko, aireztatzeko eta desinfektatzeko”. Hala ere, jendean beldurra antzematen du Vouillozek, “indarrean dagoen arautegiaz batzuk zalantzak dituztelako oraindik”.

Orotariko zerbitzua
Denboraldi berriarekin aktibitate berriak antolatu badira ere, “aurrekoak ez ditugu inolaz ere baztertu eta ahalegindu gara bertan sakontzen”. Denboraldia itxi zuten baino jende kopuru handiagoarekin zabaldu dute, “hamar laguneko taldeak osatzeraino eta baita astero egun bateko klaseekin gutxienez”. Karatean eta tenisean, bestalde, urrian hasiko dituzte klaseak. Eta 3. adineko talde guztiek ere urriarekin bat aktibitate guztiak berreskuratuko dituzte. Gela-jardueren arduradunak aurreikusten duenez, “ordutegi-eskaintza gehiago zabalduko dugu eta, horrekin batera, jendearen parte-hartzea”.

Ohiko funtzionamenduari dagokionez, “helduek goizez eta umeek arratsaldez” eskemari jarraitzen diote erabiltzaileek; normala ere bada, jakinda gazteenek eskola orduak dituztela aurretik. Eta, Vouillozek sakondu nahi duenez, “eskaintzen dugun zerbitzua ez dago bakarrik gure erabiltzaileei zuzenduta, baizik eta kirola praktikatzeko gogoa duen beste edonori, Ibilixan-ekin erakusten dugun bezala”. Horren adibide Youtube kanalean pandemian eskainitako “klaseak ez, baina bai aktibitateak”, spinning egiteko koreografiak esaterako.

Amaitu aurretik aktibitate fisikoaren garrantzia azpimarratzen digu eta, dioenez, pandemiak ere lagundu du horretan zertxobait: “Ibiltaria zena mendigoizale bihurtzeraino, ahaztu barik etxea bizigarri ere badela ikusi dugula”.