Gizonezkoen Eibar Rugby Taldeak maila galdu du

Gizonezkoen Eibar Rugby Taldeak maila galdu du
2022/06/13 09:33
eta kitto!
Eibar Rugby Taldeko (ERT) gizonezkoen lehen taldeak Euskadiko Ligan jokatuko du datorren denboraldian, Espainiako Federazioaren Kirol Disziplinaren Batzordearen zigorra jaso ondoren. Hain zuzen ere, batzordeak ERT-ren bigarren taldea kanporatu du eta, Ohorezko B Mailako taldeek bigarren talde bat edo 23 urtez azpiko talde bat izan behar dutenez, lehen taldeak maila galdu du araua ez betetzeagatik.

ERT-ren gizonezkoen bigarren taldea ez zen bi partidutara agertu (biak La Unica taldearen aurka) eta, ondorioz, ez zuen denboraldia amaitu, txapelketatik kanporatu baitzuten.

 

Gaston Ibarbururen berbak

Gaston Ibarburuk Noticias de Gipuzkoa egunkariari esan bezala, “klubak zenbait errekurtso aurkeztu ditu, baina ez dute emaitzik eman. Berriz ere errekurritzeko aukera dugu, baina ez dugu egingo”.

Entrenatzailearen berbetan, “kolpe gogorra da, batez ere egin dugun denboraldiaren ondoren, non 5. postuan amaitu dugun A multzoan. Hurrengo denboraldiari ilusioz begiratzen genion, lan ona egiten genbiltzan eta gero eta talde egonkorragoa genuen”.

Ibarburuk horrela azaltzen du gertatu dena: “Bigarren taldeak 15 partidu jokatu ditu eta, beraz, jokatu behar diren partiduen minimoa bete dugu. Baina arauetan jartzen du liga amaitu behar dela eta txapelketak 18 partidu zituen. Normalean ez dira hainbeste jokatzen”.

Eibartarren bigarren hutsegitea martxoan gertatu zen eta Ibarburuk dioenez zenbait gauza elkartu ziren hori horrela gertatzeko: “Covid kontua izan zen eta prebentzioagatik ez genuen arazorik eduki nahi. Arlo administratiboan akats bat egin genuen eta alegazioak berandu aurkeztu genituen. Beraz, akats horren ondorioak onartu behar ditugu”.

Baikor izan nahian, zera dio Ibarburuk: “Jaitsierak indarra hartu eta hurrengo urtean berriz ere bigarren mailara igotzeko balio dezala espero dugu. Gazteei aukerak emango dizkiegu esperientzia hartu dezaten”.