Hilaren 27an Artesiagatik Lantzerainoko ibilbidea antolatu du Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordeak

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
Hilaren 27an Artesiagatik Lantzerainoko ibilbidea antolatu du Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordeak
ETA KITTO 2021, Aza 18

Azaroaren azken zapaturako antolatutako ibilaldi horrek 12,7 kilometro izango ditu. Autobusa Ego Gain kaletik irtengo da goizeko 07:30ean eta itzulera arratsaldeko 16:00ak bueltan aurreikusten dute.

Baztango bailaran kokatzen da ibilbidearen hasierako puntua eta, bidean, Saioa eta Zuriain gaindituko dituzte, amaieran Lantzera iritsi aurretik. Artesiaga mendatetik abiatuta, eta Olazar erreka ezkerretara lagata, Sagardegiko lepora iritsiko dira parte hartuko dutenek eta, iparralderantz hartuta, Saioa tontorreraino (1.418 metro) igoko dute. Han panoramika bikainaz gozatzeko aukera izango da eta, jarraian, Iturriondoko muinoari jarraituz, Xuriain edo Zuriain mendira igoko dute. Ondoren, Txorrostarri errekaren paraleloan doan bidetik erromatar meategien ondotik pasatuko dira Ultzamaldeko Lantz herrira iristeko. Bertan Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko eta Txatxus izango dituzte zain, guztiek ere iñauteriko pertsonaia ospetsuak.

Izena emateko, ohikoa denez, martitzen eta eguenetan Deporren bertan hartuko zaituzte (19:30-20:30) eta baita bestelako informazioa eskaini ere.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »