Hodei Ezpeletak 23 urtetik azpiko txapela jantzi zuen Azpeitiko Urrezko Aizkolariak lehiaketan

Hodei Ezpeletak 23 urtetik azpiko txapela jantzi zuen Azpeitiko Urrezko Aizkolariak lehiaketan
2022/06/06 eta kitto!
Domeka eguerdian Azpeitiko Izarraitz frontoian jokatutako Urrezko Aizkolariak txapelketaren finalean, Eibarko aizkolaria erraz nagusitu zen 23 urtetik azpikoen mailan. Hodei Ezpeletak 7 minutu eta 49 segundoko denbora behar izan zuen bere lanarekin amaitzeko eta minutu eta erditik gorako aldea atera zion Jokin Urretabizkaia “Basozabal” bigarrenari (9 minutu eta 21 segundo) eta bi eta erdi Xuban Kañamares hirugarrenari (10 minutu eta 20 segundo).

Urrezko Aizkolariak txapelketan jokatutako beste finaletako emaitzak honakoak izan ziren: Julen Alberdi “Txkia IV” txapeldun izan zen absolutuetan, Iker Vicente eta Mikel Larrañagaren aurretik; Nerea Arruti nagusitu zen emakumezkoetan, Nerea Sorondo eta Lalene Pikabeari aurrea hartuz; 19 urtetik beherakoenetan Isidro Velasco izan zen onena. Amaitzeko, harrijasotzaileen modalitatean, Jokin Eizmendik Goenatxo II.ari irabazi zion, eta Karmele Gisasola “Zelai III” Lur Errekondo eta Patricia Martin baino gehiago izan zen.