Ipuruako gimnastak denboraldiko estatu mailako lehen txapelketen aurrean

Ipuruako gimnastak denboraldiko estatu mailako lehen txapelketen aurrean
2021/06/22 eta kitto!
Hilaren 23tik 27ra arte oinarri mailetako banakako Espainiako txapelak izango dira jokoan eta ekainaren 30ean senior mailako taldekako Espainiako Koparako lehenengo fasea egingo da. Ipurua klubeko entrenatzaile eta kirolariek Valladoliden izango dituzte erronka bi horiek: barixakuan kadete oinarriko Haizeder Arguiz, Elene Ramirez, Maialen Apraiz eta Naroa Alonsoren txanda izango da, domekan Ane San Martin eta June Araujo jubenilena eta, azkenik, 30ean senior I taldearena; azken horrek maza bost parekin prestatutako lan ezin zailagoa eskainiko du. Valladolideko txapelketa horiek jende barik jokatuko dira.

Senior mailako Ipuruako bi taldeek, bestalde, uztailaren 11tik 18ra arte Espainiako Koparen bigarren fasean Euskadi ordezkatuko duten bi plazak lortu dituzte. Eskola mailako gimnastek, bestalde, ez dute aukerarik izan torneo bakar batean parte hartzeko hartutako neurri zorrotzek horrela aginduta; baina, kurtso-amaiera aprobetxatuta, klubeko entrenatzaileek alebin eta infantilentzako topaketa antolatu zuten euren lanak erakusteko, online beste topaketarekin batera.