Odei Jainaga: “90 metrora heltzeko bidean martxa onean noala uste dut”

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
Odei Jainaga: “90 metrora heltzeko bidean martxa onean noala uste dut”
ETA KITTO 2020, Ira 04

Gure herriko jabalina jaurtitzaileak lehen ere izan zuen Espainiako marka berreskuratu du, pare bat urtetan izandako minen ondorioei aurre eginez. Leongo Goi Errendimenduko Zentrotik erantzun digu eta, betiko lez, animoso ikusten du etorkizuna. Bi-hiru astetako oporrak izango ditu zain Espainiako txapelketaren ondoren.

Esperotako emaitzak izan dira lortu dituzun biak?
Ez da ezustekorik izan. Horren bila nenbilen, aurreko asteetan ere lanean ondo genbiltzalako. Zortea izan da lehiaketa horietan ere nituen asmoak eta lortutako jaurtiketak bat etortzea. Orain falta zaidana da hemendik aurrera 80 metroren bueltan finkatzea nire jaurtiketan, hortik abiatuta aurrerantzean eskalatzen joateko.

Dena dela, urteko sasoi onenean zaudela esango zenuke?
Aurtengo onenean nago, bai. Puntu-puntuan. Baina mugan ere bai, aldi berean. Gorputza gehiago behartuz gero, min hartzeko arriskua ere hor dagoelako. Lesioak saihestea dut orain lehentasun. Une hauetan  hauskor nago, karamelu-puntuan esaten den moduan.

Epe motzeko erronkarik gabe orduan? Edo bai?
Badut erronkarik oraindik, ez pentsa. Hurrengo asteburuan, hilaren 12an eta 13an, Espainiako txapelketak jokatuko dira eta hor izango naiz, nire onena emateko prest, betiko moduan. Pena ere badut beste lehiaketa batean ezingo dudalako parte hartu: federazioen artekoa genuen egutegian, baina Euskadiko selekzioa izango da hor parte hartuko ez duen bakarra. Kirolarioi galdetu barik hartu dute erabakia eta hainbati faena ederra egin digute. Jokatzeko geratzen zaidan Espainiako  horretan, bestalde, irabaztera irtengo naiz. Baina ez naiz horrekin bakarrik konformatzen: tituluaz gain, marka ere bilatzen dut, gauza biak. Aurkariek ez dut uste 80 metrotik gora jaurtiko dutenik, ezinezkoa iruditzen zait.

Espainiako marka laugarren jaurtiketan lortu zenuen, Euskadikoan eskuratutako zure bigarren marka lehenengoan. Badu eraginik zugan hasierakoa edo amaierakoa izateak?
Ondo hasteari bai ikusten diodala abantaila, batez ere txapelketen kasuan. Orain arte amaitze aldera, azken jaurtiketetan, lortu izan ditut emaitza onenak, baina aurreko asteburuan, akaso erlaxatuegi irten nintzelako, atera zitzaidan jaurtiketa hori.

Euria ere gogotik bota zuen jaurtitzen hasi aurretik. Zein eguraldi duzu gustokoen?
Euriaren aldekoa ez naiz, jakina! Nahiago dut, behin entrenatzen hasita, hotzik eta euririk ez bada: belarretan jarrita arkupee tan sartuta baino erosoago nago betik. Euriak, gainera, badu beste eraginik ere: jabalinaren helduleku edo kirtena busti daiteke, epaileek ere jasotzen dutenean zelan tratatzen duten…

Lesiotik guztiz sendatuta zaudela esango zenuke?
Bai, pozik nago, eta itxaropentsu gainera… berriro min hartzeko beldur horrek hor jarraitzen badu ere. Egia da nohizbehinka, berotzeko orduan, zeozer nabaritzen dudala oraindik ere. Argi dago eskumako besoak eta ezkerrekoak ez dutela tratu bera jaso, hori bai igartzen dela.

Azken aldian izandako progresioan, nondik jo duzu gehiago: teknikaren edo indarraren aldetik? Zerk du garrantzi gehien zure modalitatean?
Gauza bietan hobetzeko ahalegin berezia egin dugu. Teknikan, esaterako, hobetu egin dut besoa ateratzeko orduan; arlo horretan asko galdu nuen min hartu nuenetik, blokeoa sotzen zitzaidalako, akaso beldurrarengatik. Dena dela, erdi eta erdi, %50eko pisua emango nieke biei azken emaitzan. Hori bai, indarra lortzea errazagoa izan daiteke: gimnasioan landu daiteke, pesak-eta baliatuz. Teknika perfektua eskuratzeko beste hainbat ezaugarriez jabetu behar zara eta asimilatzen jakin.

Urteko 14. markaren jabe zara eta Europako 11.a zara. Horregatik, Olinpiadetara joateko gutxienekoa 85 metrotan ezartzea ez da larregizkoa?
Rio de Janeirorako 82 metrotan ipini zuten minimoa eta, ordutik, IAAF Nazioarteko Atletismo Federazioak ikusgarritasunaren alde jo du, sailkapena puntuen bidez osatzeko. Horrela, txapelketen mailaren araberako puntuak banatzen dira eta azken sailkapeneko hamabi onenak joango lirateke Jokoetara. AEB-etan ez zeuden sistema horrekin ados eta, azkenean, minimak eskatu dituzte. Puntakoak ez direnak puntuazioz lortuko dute txartela, bakoitzaren bost txapelketa onenen batukariarekin. Horregatik, badut itxaropena datorren urteko Tokioko Olinpiadetan izateko. 80-81 metroren bueltan ibili beharko banaiz ere proba bakoitzean.

Non daude munduko jabalina jaurtitzaile onenak?
Alemaniakoak dira, batez ere, eta Finlandiak ere izan du tradizioa. Europan kultura handia dago modalitate horretan.

Zenbatero entrenatzen duzu? Zenbat ordu egunero?
Egunero jarduten dut, domekan jai hartuta. Gorputzari komeni zaio atseden hori; behin baino gehiagotan, domekan lehiaketa izan dudanean, hurrengo astelehenean mina izan dut. Orain egunero hiru ordurekin nahikoa dut, neguan luzeago jardun nuelako. Lehenago egindako lan-karga horri eutsi eta fresko egon behar naiz orain.

Zenbat entrenatzaile izan dituzu ibilibide honetan?
Inma Urkiola izan zen lehena eta orain Jose Antonio Garcia Feijoorekin nabil, Eibartik irten nintzenetik. Realarekin, bestalde, ikasturte hau egin dut. Aurretik beti Eibarko Klub Deportiboarekin jardun izan dut.

odei jainaga3

Odei Jainaga2

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »