Saskibaloiaren aro berria

0    Kirolak 
Ekhi Belar
Saskibaloiaren aro berria
2019, Urt 11

Inoiz baino jende gehiagok jokatzen du saskibaloian Eibarren. Zortzi talde ditu aurten Eibar Saskibaloi Taldeak eta herrian saskibaloiaren hazia orain dela urte asko landatu bazen ere, aurten loratu da, bat-batean. Avia petrolio-sektoreko enpresak zeresana izan du taldearen hazkundean eta klubaren arduradunek ilusioz begiratzen diote etorkizunari.

 

KA 1173 Eibar Saskibaloi Taldea 2000. urtean sortu bazen ere, 2003an hasi zen jokatzen federatu mailan. Kluba Eibarko saskibaloi zaletuen ligako jokalari ohiei lehiaketa-plataforma bat eskaintzeko asmoz sortu zen eta Katu Kale taberna izan da taldearen babesle nagusia ordutik. Senior mailako taldea bakarrik eduki zuen klubak 2016. urtera arte, baina hainbat gurasoren eskaerak entzun eta klubak saskibaloi eskola sortzea erabaki zuen orduan. 2017an infantiletako eta alebinetako talde bana atera zituen, seniorraz gain, eta aurten apustua ia hirukoiztu eta zortzi talde ditu.

Herriko gazteenek saskibaloian jokatzeko duten gogoa Avia enpresaren babesarekin batera etorri da eta herrian inoiz ikusi den saskibaloi-proiektu handiena jarri du martxan aurten KA 1173 Eibar Saskibaloi Taldeak. Izena ere aldatu du, eta Avia Eibar Saskibaloia deitzen da orain. Klubaren izpiritua, ordea, ez da aldatu. “Saskibaloiaz gozatzea da euren helburua”, Fernando Valenciano presidenteak esan digun bezala, baina sasoi honetan hasitako aroak ikuspegi berriak ireki dizkio klubari.

 

Babesleen laguntza

Aviaren babesa berebizikoa izan da arlo ekonomikoan. “Bizia eman digu”. Bestela, ia ezinezkoa izango litzateke klubak zortzi talde edukitzea. Kirol-talde ia guztietan gertatzen den bezala, jokalariek diru-kopuru bat ordaindu behar izaten dute urteko gastuak ordaindu ahal izateko, “baina Aviaren laguntza bikaina izan da guretzat, talde guztientzako ekipamendua erosi ahal izan dugulako”. Beraz, gastu orokorrak murriztu egin dira.

Izen berriarekin kamiseta berriak etorri dira, baina seniorretako taldeak Katu Kale izena mantentzen du elastikoan, tabernak taldea babesten jarraitzen duelako. Gainera, hurrengo denboraldian berriz ere protagonismo handiagoa hartu dezake Katu Kalek. “Datorren denboraldian ez dakigu Aviak jarraituko duen eta, horregatik, Katu Kalekoei eskatu genien ahal den heinean taldea babesten jarraitzeko. Gutxienez ekipamendua erosi eta zortzi taldeen sorrerarekin oinarri sendoa lortu dugu aurten Aviaren laguntzarekin”. Hurrengo urtean ikusiko dute zer gertatzen den.

 

Entrenatzeko toki gutxi

Fernando Valenciano da AVIA Eibar Saskibaloi taldearen presidentea, baina bere emazteak eta hainbat jokalariren gurasoek laguntza handia eskaintzen diote. “Gainera, ezin dugu Iñaki Sanchez ahaztu, hainbat urtetan seniorretako taldearen gidaritzan lan handia egin duena, baita gaur egun ere”, Valencianoren berbetan. Bat-batean zortzi talde atera dituztenez lan handia pilatu zaie klubaren arduradunei eta aholkularitza jaso behar izan dute, baina ondo konpontzen ari dira.

Entrenatzeko orduan sortu zaizkie arazo handienak. “Eibarrek arazo handia dauka zentzu horretan. Eskubaloiko hamasei talde daude eta saskibaloiko zortzi, eta Ipuruako kiroldegiko kantxa da dagoen zelai publiko bakarra (Hezkuntza Esparrukoa Gipuzkoako Foru Aldundiarena delako). Kiroldegiko goiko pisuan dagoen kantxa berdean, bestetik, gimnasia erritmikokoek entrenatzen dute”. Hezkuntza Esparruan, Amañako ikastetxean eta ahal duten tokian entrenatzen dute, baina orain arte ondo moldatu dira. “Argi daukat Udal Kirol Patronatuak ahal duena egiten duela, baina Udalak ez du ikusten instalazioen kontuan motz geratu garela”.

Partiduei dagokienez, ordea, klubeko talde txikienek Ipuruako kiroldegiko beheko pisuan dagoen kantxan jokatzen dituzte neurketak (squash pisten alboan) eta beste taldeek goiko pisuan, lehen aipatutako kantxa berdean. “Kontua da hor ez dagoela tokirik, eta kanpoko taldearekin datozen gurasoei hainbat aulki jarri behar izaten dizkiegu”.

 

Hazkunde handia denbora gutxian

Entrenatzeko tokia bilatzea zaila izan da, baina zortzi talderentzako entrenatzaileak bilatzea ere ez da erreza izan. Lehen taldeko lau jokalari hasi dira harrobiko taldeetako entrenatzaile moduan eta, horretarako, hainbat ikastaro egiten ari dira. Bestetik, hainbat gurasok ere dihardute entrenatzaile lanetan. “Denbora gutxian taldea asko hazi da eta baliabideak behar genituela ikusi dugu, instalakuntzetan eta pertsonalean. Kontua ez da haztea, kalitatea eskaintzea baizik”.

Alebinetako ‘errendimendu’ mailako mutilen talde bat, alebinetako ‘partaidetza’ mailako neska eta mutilen talde bana, infantil txiki mailako talde misto bat, infantil haundi mailako talde misto bat, emakumezkoen eta gizonezkoen kadeteetako talde bana, eta seniorretako talde bat ditu gaur egun Avia Eibar Saskibaloi taldeak. Joan den denboraldian senior mailako taldeak puntu bakarrera eduki zuen mailaz igotzeko aukera eta aurten oso ondo hasi du urtea. “Igotzeko aukera daukagu”, Valencianoren ustez.

Emakumezkoen hainbat talde ditugu eta hori oso zaila da. Kadeteen taldea, gainera, oso-osorik etorri zitzaigun iaz. Saskibaloian jokatu nahi zuten eta guk taldea atera genuen jokatu zezaten. Oso pozik dabiltza!”, dio Valencianok. Presidenteak azaldu bezala, Espainian emakume gehiago dago saskibaloian federatuta foballean baino. Orain arte estatistika hori ez da gurean islatu, baina Eibarko neskek ere saskibaloian egitea nahi dutela ikusi da. “Saskibaloia kirol atsegina da, toki estalian jokatzen da, eta Eibarren bazegoen saskibaloiaren inguruko zaletasuna, baina jendeak ez zeukan izena non eman. Orain, guk aukera hori eman diegu eta horren ondorio dira aurten atera ditugun zortzi taldeak”.

Avia Eibar Saskibaloi taldeko arduradunak pozik daude klubak hartu duen bidearekin eta, garrantzitsuena dena, jokalariak saskibaloiaz gozatzen ari dira. Horren erakusgarri izan zen ekainean Untzagan egin zen saskibaloi festa. “Aurten ere antzeko ekintza bat egiteko asmoa daukagu. Saskiak jarriko ditugu, jokatzeko aukera egongo da, lehiaketak, taberna bat jarriko dugu… polita da saskibaloia kalera ateratzea”. Jende gehiago taldera erakartzeko balio badu, primeran, baina aurretik taldeari buruzko informazioa jaso edo taldean izena eman nahi duenak saskieibar@gmail.com helbidean lortu dezake informazioa.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »