Taldearekin bat egin zuten zaletuen animoekin ere ezinezkoa egin zitzaion Eibar KE-ri kanporaketa gainditzea

Taldearekin bat egin zuten zaletuen animoekin ere ezinezkoa egin zitzaion Eibar KE-ri kanporaketa gainditzea
2022/06/06 eta kitto!
Belarrondoko bikainak jaso ditu Eibar KE-k denboraldi amaieran. Zazpi egunetan bi, biak ere erabakigarriak, atzera egiterik lagatzen ez dutenak. Denboraldian zehar beti goi postuetan egon den taldeak ez du jakin azkenean, uzta jasotzeko sasoia heltzerakoan, fruitu emankorrik biltzea eta 1. Mailaren ateetan geratu da, hor aurrean zuenean.

Alcorconen zelaian jasotako porrotak zaletu asko lur jota laga ondoren, Gironan irabazteak berriro berpiztu zituen Eibarzaleen ilusioak. Baina ezin izan da, oraingoan Ipuruan bertan jaso dute zaplastekoa, partiduaren bigarren zatian batez ere kanporaketa gainditzeko aukerak sortu eta gero. Zirt edo zart egin beharreko uneetan ez asmatzeak ezin du ezkutatu taldeak aurrekoan igo zuenean baino puntu gehiago eskuratu dituela oraingoan: 80 puntu biltzea ez da txantxa, baina oraingoan ez da nahikoa izan. Zorteak bizkarra eman die bai taldeari, bai zaletuei.

Orain badakigu: taldeak 2. Mailan jarraituko du hurrengo denboraldian. Emakumezkoen taldeari gertatuko zaion bezala. Ea bien kasuan zaletuen ilusioak berpizteko gauza diren. Azken hauek ondo erakutsi zutelako atzo klubarekin daudela, partidua amaitu eta ordu laurdenetik gora emanik lur jota zeuden jokalariak animatzen eta Eibar KE-ren oihuak aireratuz. Aukera bat galdu bada ere, egongo dira beste batzuk. Urtebete itxaron behar bada ere.