Urkiko talde nagusiak indartsu hasi du Liga

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
Urkiko talde nagusiak indartsu hasi du Liga
ETA KITTO 2021, Ira 24

Erregionaleko Gorenengo Mailan jokatzen duen Urkik, lehenengo jardunaldian Soraluzen 0-2 irabazi eta gero, Ligako bigarren jardunaldian Antzuolari 3-0 gailendu zitzaion Unben jokatutako partiduan, Bilboren bi golekin eta Txapartegiren beste batekin. Emaitza horrekin, sailkapeneko gorenean ditugu eibartarrak, Beasain eta Lagun Onak taldeekin berdinduta. Oraingo honetan, bihar eguerdian Aretxabaletan izango dute hurrengo partidua, 12:15etik aurrera Ibarra futbol-zelaian.

Urkiko taldeen asteburu honetako karteldegia, bestalde, honako neurketek osatuko dute. Jubeniletan, Ohorezko Mailakoek Bergararen aurka jokatuko dute etzi, 16:30ean, Agorrosinen; eta 1. Mailako Urki A-koek derbia izango dute Unben Eibartarrak A taldearen aurka bihar 15:30ean. Kadeteetan, Ohorezkoek Azkoitian izango dira bihar eguerdian, 12:15ean, Anaitasunari aurre eginez San Juan futbol zelaian; eta 1. Mailako taldeak Bergarari egingo dio bisita etzi, goizeko 11:45ean, Ipintzan. Haur txikietan, azkenik, beste derbi bat izango da, oraingoan Urki eta Eibar taldeen artekoa: norgehigoka domekan jokatuko da Unben, eguerdiko 12:30etik aurrera.

Bestalde, aurreko asteburuan Urkiko taldeen partidu guztietan minutu bateko isilaldia gorde zen Luis Minguez klubaren sortzaileetakoa izandakoaren omenez.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »