Valenciaga Oroitzarrea lehiatuko da domekan eta Arraten izango du helmuga

Valenciaga Oroitzarrea lehiatuko da domekan eta Arraten izango du helmuga
2020/10/09 eta kitto!
Pandemiak bertan behera laga zuen apirilean lehiatu behar zen zaletu mailako txirrindularitza proba garrantzitsuenetako hau, baina Eibarko Txirrindulari Elkarteak lanean jarraitu du eta domeka honetan egingo da 49. Valenciaga Oroitzarrea.

Egoera berezia tarteko, lasterketa Arraten amaituko da. Horrek are gehiago gogortuko du lasterketa eta Angel Lopez Eibarko Txirrindulari Elkarteko kideak ‘…eta kitto!’ aldizkarian eskaini duen elkarrizketan aipatzen duenez, “mailari begiratuta nabarmen igoko dela esan genezake”.

Guztira 25 taldek eta 175 txirrindularik hartuko dute parte Valenciaga oroitzarrean, eta hainbat txirrindulari eibartar egongo dira tartean: Txomin Osoro, Perez de Obanos eta Ander Gutierrez (Debabarrena), eta Ion Ibarluzea (Eulen).

Lasterketa streaming bitartez jarraitu ahal izango da hemen.