Aitor Guerrero: “Tablet eta ordenagailu batekin egin dugu La Oreja de Van Goghen bideoklipa”

Aitor Guerrero: “Tablet eta ordenagailu batekin egin dugu La Oreja de Van Goghen bideoklipa”
ETA KITTO 2020, Api 28

Aitor Guerrero eibartarrak Bilboko TAOM agentzian egiten du lan, ikus-entzunezkoen arloan batez ere. TAOM disziplina anitzeko taldea da eta martxoaren erdialdean proiektu handi bat zuten esku artean: La Oreja de Van Gogh taldearen ‘Abrazame’ abesti berriaren bideoklipa grabatzea. Baina koronabirusa gurera iritsi zen eta hasierako planak berregin behar izan zituzten. Sormena lagun eta alarma egoerari aurre eginez, maisulana sortu dute.

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x3001

Nola iritsi zitzaizuen La Oreja de Van Goghen eskaria?

Urteak daramatzagu La Oreja de Van Goghekin elkarlanean. Euren azkeneko diskoan (‘El planeta imaginario’), adibidez, guk landu genuen ikus-entzunezko guztia. Lau urte egon dira lan berririk kaleratu gabe eta denbora gutxi barru kaleratuko dute disko berria. Lehen singlea ‘Abrazame’ da eta bideoklipa egiteko enkargua eman ziguten.

Hasieran zein asmo zenuten bideoklipa egiteko?

Taldeak lau urteren ondoren lan berria kaleratzen zuenez, bideoklipean playback indartsu bat egitea zen gure asmoa. Martxoaren 13an, barixakua, bideoklipa grabatzeko dena prest genuen. Munoan grabatu behar zen, Markinan dagoen jauregi batean, eta kamioia materialez bete genuen grabaketa egiteko. Muntaia egiten hasi ginen, baina material guztia kamioian sartu behar izan genuen berriz ere, koronabirusaren ondorioz grabaketa bertan behera geratu zelako. Alternatibak bilatu genituen, baina ezer.

Zer egin zenuten orduan?

Paper zuriaren aurrean geratu ginen berriz ere eta proiektu guztia birplanteatu behar izan genuen. “Zer egin dezakegu etxetik?”, “zein konponbide aurkitu dezakegu?”. Bideoa nahitanahiez egin behar genuen, baina ezin genuen musikariekin ezer egin eta egoera berriak hainbat muga ezarri zizkigun. Beraz, ideia orijinala sortzeko orduan egindako zirriborro batzuetatik abiatu ginen eta marrazki horiek animatzea pentsatu genuen. Zaldiak agertzen ziren, ekaitza… eta hari horri egin genion tira.

Bideokliparen grabaketa bertan behera lagatzeaz gain, alarma egoeran muga gehiago ezarri dira (konfinamendua eta abar). Nola egin ahal izan duzue lan bideoklipa sortzeko?

Etxetik egin dugu lana tablet eta ordenagailu batekin. Arkatz digital batekin tabletean marrazkiak egin eta aplikazio batekin marrazkiak animatu ditugu fotogramaz fotograma. Hor egin ditugu gauza guztiak: euria, zaldiak, mugitzen dira gauzak… Gero, guzti hori ordenagailura eraman dugu eta konposizioak egin ditugu, planoz plano istorio bat sortuz.

Marka da baliabide horiekin horrelako bideoklip bat egitea!

Gaur egun eskura ditugun gailuek ahalmen handia dute. Tablet eta ordenagailu txukunekin demaseko gauzak egin daitezke, oso erraminta onak dira. Ez dut esan nahi orain dena etxetik egin daitekeenik, baina luxua da pare bat gauzarekin horrelako lan bat egin ahal izatea.

Hutsetik hasi behar izan zineten berriz, baina La Oreja de Van Gogh hain talde handia izanik, epe batzuk ezarrita izango zituen lana kaleratzeko eta abar. Erlojuaren aurka egin behar izan duzue lan?

Lana entregatzeko epea pixka bat atzeratu zen. Hasiera batean abestia martxoan estreinatu behar zuten, baina apirilera atzeratu zen. Bederatzi egun behar izan genituen bideoklip berria egiteko, beraz, korrika ibili behar izan gara.

Sortzaile moduan nola moldatu zara egoera horretan?

Bitxia izan da. Berrogeialdia, berez, berezia da guztiontzat, baina lan honen inguruan gertatu dena gehituz gero, are bereziagoa izan da. Etxean egunero zerbait egiten nuen, disziplina mantendu nahian, baina arraroa da horrela lan egitea. Hala ere, niretzat dibertigarria da horrelako lanak egitea. Lan hauek egiteko zortea dut, ez da zigor bat. Beraz, presioa izan arren, aparta da.

Horrelako egoeretan sormenari zuku gehiago ateratzen zaio?

Egunak eta egunak daude. Batzuetan gogoz ekiten diozu lanari, baina beste batzuetan zure burua behartu behar duzu lana egiteko.

Antzeko egoerarik bizi izan duzue beste proiekturen batekin?

TAOMen lan ezberdinak egiten ditugu eta, besteak beste, enpresen irudia lantzen dugu. Sasoi honetan hainbat azoka egin behar ziren eta guk enpresen standak diseinatzen ditugu, baina azokak bertan behera geratu dira edo atzeratu egin dituzte eta, ondorioz, baita gure lana ere. Dena dela, lan batzuk etxetik egiteko aukera dugu (diseinuak, adibidez) eta hori zoragarria da.

Kulturgileek greba egin zuten hilaren 20an eta 21an, beren egoera bistaratu, neurriak eskatu eta kulturaren balioaz gogoeta eginarazteko. Zuek artistekin egiten duzue lan eta zuek ere, neurri handi batean, artistak zarete. Nola ikusten duzu gai hau?

Kultura bigarren lerroan jarri ohi da beti. Egindako kultura kontsumitzen dugu (adibidez, orain dela 20 urte egindako pelikula bat ikusi dezaket), baina produktu hori inoiz egin izango ez balitz, ezin izango nuke kontsumitu. Kulturak babesa behar du, jendeak kultura mila modutan kontsumitzen duelako. Konfinamendu sasoian etxean egunak daramatzan pertsona bati esan musikarik ez jartzeko, libururik ez irakurtzeko, bideo-jokoetan ez jolasteko edo pelikularik ez ikusteko. Leihotik salto egingo luke. Liburu bat, ilustrazio bat… kultura dira, baina baita aisialdia ere. Kulturak ez du zertan zerbait jasoa izan behar.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »