Aitor Sarasketak erakusketa zabaldu du Soraluzen

Aitor Sarasketak erakusketa zabaldu du Soraluzen
2022/05/12 10:41
eta kitto!
Joan zen barixakutik ikusgai dago Aitor Etxeberriaren (Mendaro, 1958) eta Aitor Sarasketaren (Eibar, 1962) erakusketa Soraluzeko Oreka Art galerian. Bi artista debabarrendarron eskulturak eta margolanak maiatzaren 31ra arte izango dira ikusgai.  

Ibilbide luzeko bi artista dira Etxeberria (eskultorea) eta Sarasketa (margolaria), BMW sarietan finalista izandakoa bata eta irabazitakoa bestea.

Etxeberriak azaldu zuenez, duela hamar urte ekin zion artelanen inguruko ideia lantzeari, itsasoak ekarritako hondakinak eta edukiontzietan aurkitutakoak jasotzen eta konturatu orduko material mordoa zeukan bildua. Ondoren, materialen arteko konbinaketan lantzeari ekin zion “bigun gogor, hotz bero, zuri beltz… Hasiera batean helburua ez zen eskulturak egitea, baizik eta elementu ezezagunekin figurazioak eratzea ondoren margolanetan baliatzeko. Dena den egiten niharduenaren argazkiak zintzilikatu nituen sare sozialetan eta Marina Barrena Portaleako aretoko arduradunak proposatu zidan erakusketa bat antolatzeko eta suertatu zen Sarasketak ere bertan zuela margolanez osatutako erakusketa”. Han bat egin zuten bi artistek eta harrezkero bost erakusketa egin dituzte elkarrekin, azkena Soraluzekoa.

Sarasketaren ustez, erakusketan obra batek bestea aberasten du eta artista bakoitzaren planteamenduak oso ezberdinak diren arren, obra biak ondo ezkontzen dira elkarrekin. Bere obrari dagokionez, azpimarratu zuen erakusketara ekarri dituen margolanak “oso barrura begirakoak” direla, “gutxienekoaren mugara eroandako paisaia abstraktuak”.

Bi begiradak erakusketan, guztira 50 margolan (neurri handikoak eta txikikoak) eta 15 eskultura daude ikusgai. Maiatzaren 31ra arte bisitatu ahalko da astelehenetik barixakura, 19:00etatik 20:00etara bitartean Orekar Art aretoan.

 

Argazkia: plaentxia.eus