Ane Miren Barrero, dantzaria: “Najwa Nimri bezalako artistekin lan egitean ezin duzu hutsik egin”

Ane Miren Barrero, dantzaria: “Najwa Nimri bezalako artistekin lan egitean ezin duzu hutsik egin”
ETA KITTO 2020, Mai 03

Ane Miren Barrerok amets bat bizi zuen, koronabirusak bat-batean eten zuen arte. Izan ere, Najwa Nimri aktore eta musikariak bere ikuskizunean dantza egiteko aukeratu zuen. Etxealdiak ikuskizuna eten du, baina dantza ez da eten. Internet bitartez dantza-ikastaro pertsonalizatuak eskaintzen hasiko da zapatuero, Instagramen @anemiren_13 edo Neledantzaren bitartez jarri daiteke berarekin kontaktuan.

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x3001

Najwa Nimrirekin lan egin duzu berriki. Nolako esperientzia izan da?

Nahiko istorio bitxia izan da. Nito Solsonak eskaintzen dituen klaseetara joaten naiz eta koreografiak egiten ditugu berarekin, eta egun batean Najwa Nimriren abesti baten koreografia egin genuen lagun batek eta biok. Dantza grabatu eta sare sozialetara igo genuen, eta Najwa Nimrik bideoa ikusi zuen. Hurrengo egunean deitu egin zigun eta bere bira berrian dantzari nagusi bezala aritzea proposatu zigun.

 

Nolako erronka izan da Najwa Nimriren alboan dantza egitea?

Dena oso azkar joan zen. Astebetean ikuskizun baten koreografia prestatu behar izan genuen, kontzertuaren erdialdean dantzatzeko. Oso denbora gutxi da horrelako zerbait prestatzeko, kontuan izanda, gainera, lan eta proiektu gehiago genituela esku artean (Madrilgo Studio11 akademian klaseak ematen ditut, adibidez). Zoramena izan zen, baina oso ondo irten zen. Najwa oso pozik zegoen gurekin eta gu ere bai.

 

Gaur egun denon ahotan dago Najwa Nimri. Errespetua ematen du?

Bai, asko! Mundu osoan arrakasta handia duten La casa de papel eta Vis a vis telesailetan dabil aktore moduan eta gaizto papera egiten du bietan (barreak). Baina ez, bera oso jatorra eta atsegina da.

 

Horrelako ikuskizun handietan exijentzia handiagoa izaten da?

Maila honetako artistekin lan egiten duzunean ehuneko ehuna eman behar duzu, ezin duzu hutsik egin.

 

Orain ez dago kultura emankizunik eta ezin dituzue dantza ikastaroak eskaini lehen bezala. Nola moldatzen zara?

Egoera honek jarraitzen duen bitartean klaseak online emango ditut. Atzo Dantzaren Nazioarteko Eguna izan zen eta dohaineko klasea eman nuen online Nerea Lodosak sortu duen Neledantza eskolaren eskutik. Gero, maiatzetik aurrera, klase pertsonalizatuak eskainiko ditut zapatuero, maila ezberdineko jendearentzat. Beraz, nahiz eta bakoitza bere etxean egon, klase normal batean egotea bezala izango da.

 

Horrela, dantza egiten jarraitzen duzu behintzat?

Itxialdiaren aurretik egunean 14 orduz egiten nuen dantza eta gero, alarma egoera ezarri zenean, dantza egin ahal izan barik geratu nintzen, ez lehen egiten genuen moduan behintzat. Beraz, egoera berrira egokitu behar izan gara eta dantza etxean egin.

 

Esku artean zenuen proiekturen bat bertan behera utzi du konfinamenduak?

Dantza lehiaketetan parte hartzen duten bi talde profesionaletan nago eta asko entrenatzen ari ginen Los Angelesen (AEB) jokatu behar zen Munduko Txapelketan dantza egiteko, baina bertan behera geratu da.

 

Dantza bokazioa da zuretzat?

Bai, guztiz. 2011n Shakirak Bilbon eskaini zuen kontzertuan dantza egiteko aukera izan nuen eta orduan dantza serio hartzen hasi nintzen. Dantza formakuntza jaso nuen Bilbon eta 19 urterekin Londresera joan nintzen, Studio68 akademia ospetsura. Ikastera joan nintzen eta zuzendariaren laguntzaile moduan amaitu nuen klaseak ematen. Itzela izan zen, demaseko aukera. Gero Madrilera etorri nintzen eta hemen nago ordutik.

WhatsApp Image 2020-04-24 at 19.46.39 WhatsApp Image 2020-04-24 at 19.46.42

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »