Antzerki Jardunaldietan lortu duten arrakastarekin pozik daude antolatzaileak

Antzerki Jardunaldietan lortu duten arrakastarekin pozik daude antolatzaileak
2021/03/29 eta kitto!
Amaitu berri diren Eibarko Antzerki Jardunaldien 44. edizioaren inguruko balantze positiboa egin dute Jon Iraola alkateak, Patxi Lejardi Kultura zinegotziak eta Jose Luis Gonzalez “Poxpolo” saileko teknikariak. Emandako datuen arabera, ia 2.900 pertsona inguru (2.869, zehazki) joan dira antzeriaz gozatzera: guztira 22 ekitaldi izan direla kontuan hartuz gero, bataz beste 137 ikusle egon dira ikuskizuneko. Pandemia egoeran egon arren, Jardunaldiak bere horretan egin ahal izateari, “betiko datetan eta aurreko edizioetako egitura berarekin egiteko Udalak izan duen borondateagatik” garrantzia eman nahi izan diote antolatzaileek eta pozik daude emaitzarekin.

Alkatearen berbetan, “ziurgabetasun handiko egoerak, hala nola inguruko herrietatik jendea etortzea eragotzi zuen itxitura perimetralak, emanaldien ordutegia, aforoen murrizketa, nola erantzungo zuen jendeak pandemiaren aurrean, edo konpainietako kideak kutsatzeagatik funtzioak eteteko arriskua ez dira oztopo izan antolatzaileentzat. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet”.

Antolatutako egitarauari publikoak emandako erantzun ona ere nabarmendu nahi izan dute: “Coliseo antzokian 504 jarleku daude eta, osasuna babesteko neurrien eraginez, aforoa 131/170 bitartekoa izan da eta, hala ere, ia 3.000 ikusle izan ditugu. Ez da marka makala, kontuan hartzen badugu pandemiaren aurretik egin ziren azken Antzerki Jardunaldietan, 2019. urtean 6.000 ikusle egon zirela eta aurten ia horren erdia etortzea lortu dela, oztopoak oztopo eta aforoa %30era murriztuta izan arren”. Horri eskerrak, 26.590 euro bildu dituzte sarrerak salduta.

Antzerki Jardunaldietako egitarauak ere “ohiko kalitateari” eutsi diola azpimarratu dute antolatzaileek: “Antzerkian lan egiten duten ehundik gora lagunek, tartean 79 antzezlek, 30 teknikarik eta bestelako lanetan aritu diren beste bederatzi lagunek hartu dute parte. Pandemiaren eraginez sektoreak bizi duen krisia ikusita, konpainia guztiak pozarren etorri dira eta asko eskertu dute lan egiteko aukera eskaini izana”. Testuinguru horretan, euskal konpainia gehien egon den urtea izateaz gain, aurtengoa izan da euskerazko ikuskizun gehien eskaini den urtea ere.