Antzerki Laborategiak bost antzezlan eskainiko ditu bihar Coliseo antzokian

Antzerki Laborategiak bost antzezlan eskainiko ditu bihar Coliseo antzokian
2023/05/30 eta kitto!
Antzerki Laborategiak bigarren urtea bete du aurten eta bihar ikasturteari amaiera emango diote Coliseo antzokian eskainiko duten saio bereziarekin. Bertan, laborategian parte hartu dutenek ikasturtean zehar ikasitakoa erakutsi ahal izango dute, zenbait antzezlanen bitartez. Sarrerak Coliseoko leihatilan edo Kutxabank bitartez eskuratu daitezke, 3 eurotan.

Argazkia: Maitane Campos

 

Biharko saioa 17:30ean hasiko da haurren taldeekin. Bi antzezlan eskainiko dituzte eta ‘Gezurrak’ da lehenengoaren izenburua. “Publikoari azaltzen diogu batzuetan gezurrak beharrezkoak direla eta beste batzuetan ez, eta zein gezur mota ezagutzen ditugun, adibideak jarriz”, azaldu digu Irene Hernando Antzerki Laborategiaren irakasleak. “Ikusleek zenbait ideia hartu ditzakete antzezlanetik, gero euren bizitzan erabiltzeko”, gehitzen du.

Umeen bigarren antzezlanak ‘Zigortuak’ du izenburu. “Zigortuen eskolako klase baten gertatzen den vendetta istorioa da”, kontatu digu Hernando. “Ikasleek, zigortuta daudenez, irakasleekiko mendekua hartzen dute. Horretarako, talde bezala ekingo dute eta horrela oso ondo egingo dute lan”, bere berbetan.

Haurren taldean LHko 3. mailatik DBHko 1. mailara arteko umeek hartzen dute parte. “Adin horietako umeak nahastuta daude taldean eta oso harreman ona dute. Euren arteko adin ezberdintasuna igartzen da, baina nire lana da hori nola eraman asmatzea eta denak dira garrantzitsuak, duten adina dutela. Gero, bizitza arruntean, lanean adibidez, adin ezberdinetako jendea aritzen gara elkarrekin. Beraz, horren aldeko apostua egiten dut”, diosku koordinatzaileak. “Oso ondo portatzen dira, helduak baino hobeto”, esan digu barrez.

Haurren ondoren, helduen taldeen txanda iritsiko da 19:00ak inguruan. Hiru antzezlan eskainiko dituzte eta lehenengoaren izenburua “L’enfant’ da. “Familia baten istorioa kontatzen da bertan. Afari bat egingo dute, orain dela lau urte ikusten ez duten alaba datorrela ospatzeko, Frantzian bizi dena. Neskalagunarekin eta haurrarekin dator, baina familiak demaseko sorpresa hartuko du haurra benetako haurra ez dela ikustean. Eta ezin dut gehiago aurreratu”, esan digu Hernandok.

Bigarren lana ‘Kutsidazu bidea, Arrate’ izango da. “Izenburuarekin imajinatu dezakegun bezala, ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ lanaren bertsio eibartarra da. Noski, …eta kitto! agertzen da antzezlanean”, diosku keinu eginez. “Antzezlanean, Jaime Iruñatik dator, eibartatzera, eta neska eibartar batez maitemintzen da”, azaldu digu.

Helduen hirugarren lana, eta emanaldiko bosgarrena eta azkena, ‘Hau ez da Joxemari’ izango da. “Istorioa tanatorio batean hasten da. Bertan, hilkutxa bat ikusiko da eta inguruan minduta dagoen familia. Batzuk benetan minduta daude eta beste batzuk herentzia kontuagatik. Gauza da hilkutxan dagoena ez dela Joxemari. Orduan, denak ohartzen dira hortaz, alarguna ezik, eta bera ez enteratzen saiatuko dira”, aurreratu digu Hernandok.

 

Taldeei egokituta

Coliseo antzokian ,”azken hiru-lau hilabeteetan prestatu ditugun antzezlanak aurkeztuko ditugu”, esan digu Hernandok, “eta hori izango da ikasturtearen itxiera”. Dena dela, ikasturtea urrian hasi zuten, Antzerki Laborategiak iaz izan zuen arrakastari jarraipena emanez. “Antzezlanak azken hilabeteetan landu arren, garrantzitsua da urrian hasitako lana eta taldeek berdin jarraitzea, talde bakoitzarekin zer landu daitekeen konturatzen zarelako”, irakaslearen berbetan. Horren arabera, antzezlanaren gaiak berak ekartzen ditu eta nola egin dezaketen ikusten dute. “Batzuk fisikoagoak izan daitezke, beste batzuk testualagoak, apaingarriz beteak edo atrezzorik gabe. Talde bakoitzaren ezaugarrien arabera erabakitzen dugu zer eta nola egin”, diosku Hernandok. Aipatu, bestetik, atrezzoa erabiltzen duten taldeek euren kabuz landu behar izan dituztela elementu horiek.

Zer egin erabaki ondoren, “batzuetan eszena batzuk etxean idazten ditut, eta beste batzuetan eszenak klasean sortzea nahi dut, parte-hartzaileek zer eman dezaketen jakin nahi dudalako”, esan digu.

 

Antzezteko ausardia

Hernandok ilusioarekin ikusten ditu laborategiko ikasleak eta baita urduritasun puntu batekin ere eguazteneko saioaren aurrean. “Baina normala da. Ausardia handia dute hainbeste jenderen aurrean antzezten jartzeko”, bere iritziz.

Errebal Plazan astero egiten dituzten saioetan aritzea ere erraza ez dela diosku Hernandok, baina aurten bigarren urtea dute parte-hartzaile gehienek eta, irakasleak dioenez, “esperientzia hori igartzen da”. Bere berbetan, “batzuek diote nahiko juxtu iritsiko direla 31ko saiora, baina iaz lortu bazuten, aurten ere egingo dutela eta lasai hartzen dute”.

Ikuskizunari beldur barik helduko diote. “Hau Antzerki Laborategia da, eta nahita dago izen hori jarrita. Nekagarria da beti ondo edo gaizki egin duzun neurtzea, den-dena zuria edo beltza izatea”, azpimarratzen du Hernandok. Izan ere, gozatzeko aukera ederra izango da, publikoarentzat zein antzezleentzat.