Astelehenean hasiko da Asier Errasti film laburren jaialdia

Astelehenean hasiko da Asier Errasti film laburren jaialdia
2021/11/05 11:48
eta kitto!
Asier Errasti Eibarko Film Laburren Jaialdiak Coliseo antzokia hartu du aste guztian zehar. Astelehenetik barixakura 52 film labur eskainiko dituzte eta, zapatuan, sari-banaketa ekitaldia egingo da, sorpresa eta guzti. Aurten jaialdiaren XXII. edizioa egingo da eta, iazkoa kostata baina aurrera atera bazuten, aurtengoari gogotsu ekin diote antolatzaileek eta parte-hartzaileek. Animaziozko filmak, fikzioa, proposamen poetikoak, hausnarketak, intriga, gai sozialak… Eibartik, Euskal Herritik eta kanpotik etorritako proposamenak ikusteko aukera izango dugu, errealitateak fikzioa gainditu duen sasoia atzean lagatzen dugun bitartean.

 

Plano Cortok, Asier Errasti Eibarko Film Laburren Jaialdia antolatzen duen elkarteak, ez du lan erraza izan azken bi urteetan, baina Koldo Edorta Carranza elkarteko kideak esan digunez, “pilak kargatuta” ekin diote aurtengo edizioaren antolakuntzari eta oso pozik daude parte hartzearekin orokorraren eta, are gehiago, izena eman duten eibartar kopuruarekin. Horrela, lehiaketako ohiko sailak berreskuratu dituzte eta egunero egongo da film labur bat euskaraz ikusteko aukera eta baita animaziozko film bat ere, gutxienez.

Antolatzaileak beldur ziren, azken urtean bizi izan dugun egoeraren harira parte hartzea baxua izan zitekeelakoan, baina inondik inora ere. “Hunkitu egin gaitu parte-hartzaile kopuru altuak”, aitortu digu Carranzak. Aurten 200 film labur inguru jaso dituzte eta aukeraketa egitea zaila izan da antolatzaileentzat. “Oso lan onak aurkeztu dituzte. Taldeko bost lagun ibili gara aukeraketa egiten eta, baheketa egin ondoren, gure artean eztabaidatu behar izan dugu azken aukeraketa egiteko”, azaldu digu. “Ikusi dugu muntaia aldetik oso lan zainduak egin dituztela. Agian, pandemiarekin denbora gehiago izan dutelako muntaia egiteko”, bere iritziz.

Jaialdian parte hartzen duten film labur batzuek pandemiaren gaia landu edo aipatzen dute, baina ez da jaialdiaren gai nagusia, ezta gutxiago ere. “Gai ezberdinak lantzen dituzten filmak aukeratu ditugu. Pandemiaren gaia nahikoa bizi izan dugu dagoeneko”, diosku Carranzak. “Orokorrean, Asier Errasti jaialdian gai sozialak asko lantzen dira, komedia ere… gai aldetik nahiko orekatuta dagoela uste dut”.

Antolatzaileek gogo biziz gonbidatzen dute jendea, egunero ordu eta erdi inguruko saioa gozagarria izango delakoan. Datorren zapatuan, sariak banatzeko, Lekim taldeak saioa animatuko du. “Ezin dut asko aurreratu, baina hegazkinekin zerikusia izango du ikuskizunak”, aurreratu digu Carranzak. Berak aurkeztuko du ekitaldia eta, bertan bilduko direnak elkar ezagutzea eta zinearen inguruan jardutea sustatzeko, lunch-a egingo dute. “Ekitaldi berezia izango da, normaltasunera bueltatuko eta zineman elkartuko garelako berriz ere”, gehitzen du.

 

Musikaren mundua iruditan

Eibarko parte-hartzaileei dagokionez, hiru aurkeztuko dizkizuegu datozen lerroetan. Aitor Alberdik ‘Turnoka’ lana aurkeztuko du eguaztenean, hilaren 10ean. “Pelikula mutua da, ez dago dialogorik. Musikak markatzen du film laburraren bidea eta musika da pelikularen protagonista nagusienetako bat”, azaldu digu Alberdik. “Entzun egin beharreko pelikula da. Gainera, Asier eta Eneko Balzategi musika-jartzaile eta produktoreek musika sortu dute lan honetarako espreski”, gehitzen du.

Musikaren gaia lantzea ez da ezustekoa Alberdiren kasuan. “Neure ogibidea musikaren munduan sartuta dago. Sasoi batean jendeak zera esaten zigun: ze ondo zuen lana, beti musikarien artean, beti eszenatokietan... Orduan, hori islatu nahi izan dugu filmean. Azken neurrian, gurea lana delako, ez festa bat”, kontatu digu.

 

‘Nana’ eta ‘Pairhaps’

Viviane Straubek Arte Ederrak ikasten dihardu eta ‘Nana’ (martitzenean emango dute, hilak 9) eta ‘Pairhaps’ (barixakuan) lanetan ikusi daiteke bere eskua. ’Pairhaps’ Eibarren dago kokatuta, gaztetxean hain zuzen ere, eta Lara Kaminsky ikaskide eta lagunarekin sortu du Straubek. “Ez da film labur arrunta, pixilazioa baizik”, diosku. Baina zer da pixilazioa? “Pertsonekin egindako animazio moduko bat da eta mugimendua aldatzen duten argazkien bitartez egiten da”, azaldu digu. Poema moduan garatzen den istorio honetan, maitasun harreman baten metafora moduan erabili nahi izan dute gaztetxea, denbora pasa ondoren toki batetan nola itsasten zaren erakusteko.

Beste film laburra, ‘Nana’, ikaskideekin sortu dute Kaminskyk eta Straubek. “Oso gauza interesgarria gertatu da proiektu honekin. Nahiz eta taldeko inor euskalduna ez izan, lana hasteko orduan argi genuen gauza bakarra mutazioaren gaia landuko genuela zen eta, lanarekin aurrera egin ahala, bertako zerbait sortzen ari ginela ikusi genuen. Hau da, pertsonaiak berba egiten zuenean, Euskal Herrian berba egiten den moduan egiten zuen; eta abesti bat sortu genuen, euskaraz”, azaldu digu.

 

Migratzaileen zorigaitza

Juanma Cano da jaialdian parte hartzen duen beste eibartar bat, Jairo Berbel elgoibartarrarekin sortutako ‘Miscere’ lana aurkeztuko baitu barixakuan. Miscere eta Alex dira film laburreko pertsonaia nagusiak eta irratiko elkarrizketa batek haritzen du istorioa. "'Todos hablamos' irratsaio ezagunean parte hartzera gonbidatu duten euskal neska da Miscere, eta Alex da irratsaioa gidatzen duen kazetaria. Martinen eta Eireren istorioa kontatuko du Miscerek uhinetan, Afrikan bizimodua hobea dela-eta hara migratuko duten aita eta alaba baten istorioa", aurreratu zion Berbelek Barren aldizkariari.

Migratzaileei buruzko istorioa dela dio, "baina alderantziz kontatua", eta horregatik jarri diote Miscere izena protagonistari eta laburmetraiari berari (gauzei buelta ematea esan nahi baitu Miscerek latinez). Migratzaileek bizi duten zorigaitzarekin eta minarekin enpatia sentitzea da lan honen helburua, bere berbetan. Laburmetraia argitu ezin duen ezusteko batekin amaitzen dela dio Berbelek.