Bixente Martinez, musikaria: “Berbarik gabeko bertsoak sortu nahi izan ditugu”

Bixente Martinez, musikaria: “Berbarik gabeko bertsoak sortu nahi izan ditugu”
2019/02/08 08:30
eta kitto!
Igelaren Bandak ‘Debalde festa’ diskoan landutako musika ekarriko du Coliseora otsailaren 15ean 20:30ean. Hasier Oleaga, Amaiur Cajaraville eta Bixente Martinez eibartarrak osatzen dute taldea, eta bertsolariek erabiltzen dituzten doinuak jazzarekin uztartzen dituzte proiektu honetan. Hamar urteren ondoren bere herrian joko du berriz Bixente Martinezek eta, gainera, Izukaitz talde eibartarraren abestien bertsioak ekarriko ditu.

 

- Noiz jo zenuen Eibarren azkenengo aldiz?

Ondo gogoratzen badut, orain dela hamar urte izan zen, Oskorrik eta Eibarko Musika Bandak eskaini genuen kontzertua.

- Beraz, zure jaioterrian jotzeko gogoz?

Bai, noski! Coliseoan jotzeko aukera sortu zenean asko poztu nintzen. Aspaldi negoen begiratzen zer egin nezakeen Eibarren jotzeko eta azkenean lortu da.

- Azaroan ‘Ur berri, urte berri’ diskoa kaleratu zenuen. Lan hori aurkeztuko duzue Coliseoan edo ‘Debalde festa’ diskoaren ildoa jarraituko duzue?

‘Ur berri, urte berri’ gabon kanten inguruko diskoa da, beraz, ez dauka zentzu askorik sasoi honetan horrelako abestiak jotzea. Gabonen inguruan landu dugu. Igelaren Bandaren proiektu berezia da, taldeko hiru kideez gain beste musikari batzuek hartu dutelako parte proiektuan. ‘Debalde festa’ lana taularatuko dugu Coliseoan, baina baita kantu berri batzuk ere.

- Bertsolariek erabiltzen dituzten doinuei dedikatutako diskoa da ‘Debalde festa’. Nola uztartzen dira bertsolaritzaren doinu tradizionalak eta jazz doinuak?

Igelaren Bandaren estiloa edo ideia beti izan da euskal kantu zaharretatik abiatu eta modu instrumentalean, inprobisazioarekin, jazzaren espirituarekin nahastea. Bertsolaritzak zerikusi handia dauka inprobisazioarekin eta oso aproposa iruditu zitzaigun bertso doinuak erabiltzea ‘Debalde festa’ lanerako.

- Doinuek garrantzia daukate bertsolaritzan, baina baita berbek ere. ‘Debalde festa’ lanaren kasuan, ordea, ez dago berbarik, instrumentala da. Musikaren bitartez berbekin esan ezin daitezkeen gauzak azaldu daitezke?

Musikak adierazten dituen sentimenduak ezin dira berbekin azaldu. Bestetik, gure gauza pertsonala da. Igelaren Bandako kideak ez gara abeslariak, espresatzeko dugun bidea ez da berba, musika baizik, eta hortik abiatu dugu gure estiloa. Berbarik gabeko bertsoak sortu nahi izan ditugu bertsoen doinuetatik abiatuz.

- Zuzenekoetan ere inprobisatu egiten duzue? Igelaren Bandaren kontzertu bakoitza ezberdina da?

Bai. Ideia edo abiapuntu nagusiak idatzita daude, baina inprobisaziora jotzen dugu kantuak garatzeko. Bertsolariek bezala egiten dugu. Gaia guretzako doinua da, baina egun bakoitzean gai berarekin bertso ezberdinak egiten ditugu.

- Aurretik lantzen den zerbait da hori edo momentuko inspirazioarekin irteten da?

Bertsolariek bezala lehenik landu eta, gero, irten egiten da. Badago ofizio parte bat. Zure burura datozen ideak momentuan islatzen eta azaltzen jakin behar duzu. Zuzenekoetan, benetako momentuan, teoriak ahaztu eta bihotzari eta sentimenduei ateratzen utzi behar diezu.

- ‘Debalde festa’ laneko abestiez gain kantu gehiago joko dituzuela aipatu duzu. Zeintzuk?

Material berria lantzen dihardugu, beti ditugulako gauza berriak buruan, eta Izukaitz taldearen abesti batzuk jotzea polita izan zitekeela iruditu zitzaigun. Coliseoan joko genuela jakin baino lehen hasi ginen Izukaitzen kantak prestatzen, baina orain, kontzertua Eibarren izanda, aproposagoa ikusten dugu.

- Izukaitz taldeko kidea izan zinen. Nolako oroitzapenak dituzu?

Oso onak! Aspaldiko kontua da, oso gazteak ginen eta mundua zegoen gure aurrean. Ni ez nintzen Izukaitz taldearen sortzaileetako bat izan; Fran Lasuen, Odile Kruzeta, nire anaia Aurelio eta beste eibartar batzuk baizik. Bi disko grabatu eta kontzertuak eskaini genituen ilusio askorekin. Oso sasoi polita izan zen. Polita da ikustea, baita ere, Izukaitzek grabatutako kantuek freskotasuna eta balioa mantentzen dutela gaur egun ere. Akats teknikoak izan ditzakete, baina mamia zegoen eta interesgarria da gaur egun abesti horiek berreskuratzea.

- Bizitza laburregia izan zuen izukaitzek?

Urte hauetako esperientziak erakutsi dit jende gaztea ilusio askorekin hasten dela musikaren arloan, baina bizitzan erabaki egin behar da: musikara dedikatu edo ez. Hor joan dira pikutara ez bakarrik Izukaitz, baizik eta talde asko, eta normala da. Musikaren mundua oso polita da kanpotik, baina zure ogia hortik lortu nahi baduzu, zailtasun puntu bat dago eta oso argi eduki behar duzu horretara dedikatu nahi duzula.

- Zuk musikaren aldeko apustua egin zenuen eta ibilbide oparoa egin duzu musikaren munduan. Oskorri eta Hiru Truku taldeetako kidea izan zara urte askoan, Igelaren Bandan zabiltza orain, baina beste proiekturik daukazu esku artean?

Igelaren Bandak asko betetzen nau. Dantza taldeekin eta antzerki taldeekin musikak egiten ditugu, besteak beste. Ofizio honetan erreza da lana topatzea, hain erreza ez dena da lan horregatik sosak ateratzea.

- Ez daitezela beste hamar urte pasa behar Eibarren berriz kontzertua eskaintzeko.

Espero dut ezetz! Eibarren beti egon da musika gustoko duen eta jakin-mina duen jendea. Guk egiten duguna jende gutxik egiten duela uste dut, gauza ezberdina da, eta nahiz eta gure kontzertua ikustera datozen batzuek ez jakin zer ikusiko duten, harritu egingo direla eta pozik irtengo direla uste dut.