Durangoko Azokako produktuak denda birtualaren bitartez salduko dituzte, aurten ez da erakusmahairik egongo

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
Durangoko Azokako produktuak denda birtualaren bitartez salduko dituzte, aurten ez da erakusmahairik egongo
ETA KITTO 2020, Urr 09

Ez-ohikoa izango da aurtengo Durangoko Azoka. Atzoko prentsaurrekoan azaldu zen bazala, “berritasun ugari izango ditu kulturaren plazak, osasun-egoerak baldintzatuta”.

Aldaketa nagusia erakusmahaiekin lotuta egongo da: aurten ez da stand-ik egongo Landako Gunean. Horren ordez, Durangoko Azokako webgunean denda birtuala sortuko da estreinakoz eta azokazaleek bertan erosi ahal izango dituzte produktu guztiak, abenduaren 4tik 8ra arte. Landakon egon ohi diren liburu, disko, ikus-entzunezko eta gainontzeko sormen-lanak eskuragarri egongo dira Azokako web orrian: klik egin eta aukeratutako DA! produktu-sorta jasoko du kulturzaleak bere etxean. Hori izango da Azokako salerosketa gune bakarra aurtengo edizioan.

Egitarauak ere, bere aldetik, aldaketa nabarmena izango du. Azokak espazio bi izango ditu bost egun horietan (Landako Gunea eta Plateruena) eta bertan diziplina ezberdinetako ikuskizun eta ekitaldiak egongo dira: kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak… Aforoa mugatua izango da eta aldez aurretik erreserba egin beharko da. Azaroan jakinaraziko da zein den Azokako egitaraua eta orduan irekiko da sarrerak eskuratzeko epea publikoarentzat, doan.

Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak azpimarratu zuenez, “guztiontzako segurua den Azoka” antolatzea izan da helburua, eta horregatik erabaki da azkenean denda bere osotasunean birtuala izatea eta kultur egitaraua presentziala mantentzea, aforo mugatuarekin. “Hamaika egoera posible aurreikusi eta baloratu ditugu. Agian aukerarik errazena zen aurtengo edizioa bertan behera uztea. Baina uste dugu kulturak inoiz baino gehiago behar duela Azoka; sortzaileek behar dutela plaza; argitaletxe eta diskoetxeek erakusleihoa; eta jendeak zuzenekoak bizitzea eta nobedadeez gozatzea”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »