Eibarko kantuak zaharberritu ditu Ustekabe fanfarreak

Eibarko kantuak zaharberritu ditu Ustekabe fanfarreak
2021/07/26 08:34
eta kitto!
‘Arragueta kalian’ abestia dantzatu ezin daitekeela pentsatzen baduzue, ez duzue entzun Ustekabe fanfarreak prestatu duen bertsioa. Txaranga eibartarrak zeresana emango duen diskoa grabatu du eta Eibarko kantu zaharrei ukitu berezia eman die. Orain dela egun batzuk Coliseo antzokian grabaketa egin ondoren, lanak urtearen amaieran ikusiko du argia eta, herriari ekarpen kultural aberasgarria eskaintzeaz gain, mugarria ezarriko du taldean. Ustekabeko musikariek ahaztu ezin izango duten esperientzia izan da eta 20 urteko ibilaldiari bultzada emango dio disko berri honek.

 

Ustekabe fanfarreak bere habitat naturala laga du, kalea, bere historiako proiektu handiena sortzeko. Horretarako, Coliseo antzokia musika-estudio bihurtu zuen orain dela pare bat aste eta hamar egunez txarangako 18 musikari buru-belarri aritu dira bertan, Eibarko memoria musikalean aski ezagunak diren abesti zaharrak berritzeko. Proiektu bizia izan da, konpromiso handia eskatu du parte-hartzaile guztion aldetik, “baina diskoari eman nahi genion kalitatea lortu dugu”, Xabier Oruesagasti zuzendari musikalaren ustez.

Ustekabe osatzen duten musikariak ez dira profesionalak, baina proiektu honi izaera profesionala eman nahi izan diote eta erronka handia izan da eurentzat. “Musikari gehienentzat lehen aldia izan da horrelako grabaketa batean eta, gainera, grabaketa oso potentea izan da, estilo ezberdinetako 11 abesti grabatu ditugulako. Gainera, zuzenean grabatu dugu, musikari guztiek batera, eta akatsen bat eginez gero, berriz errepikatu behar genuen”, kontatu digu zuzendariak.

Josu Mendicutek, Ustekabe fanfarrean 20 urte daramatzan musikariak, Oruesagastik esandakoa berresten du. “Guretzat oso prozesu zorrotza izan da. Gehienok musikari amateurrak gara, kaleko musikoak. Batzuek oso maila ona dute, Xabiren kasua ikusgarria da adibidez, baina ez gaude horrelakoak egitera ohituta. Gure entseguetarako lokalak ez du zerikusirik Coliseoan antolatu dugun estudioaren akustikarekin eta niretzat zeharo ezberdina izan da bertan jotzea”, diosku. “Erronka handia izan da bi zentzutan. Batetik, Coliseoan orduak eta orduak jotzen egoteko ahalegina eskatu digu. Eta bestetik, maila handia eskaintzea eskatu zaigu. Zentzu horretan Xabierrek du erru handia, berari esker egin dugulako lan profesionala”, gehitzen du.

Egindako esfortzuak, ordea, badu saria, eta Eibarko kantu zaharrekin maila handiko diskoa sortzeaz gain, taldearentzat mugarria ezarriko du. “Diskoak jauzi kualitatibo oso handia suposatuko du Ustekaberentzat”, Mendicuteren ustez. Ez dago batere txarto iazko otsailetik gaur egunera arte bere ohiko jarduna eten behar izan duen txaranga batentzat. Izan ere, jairik eta kaleko ekitaldi kultural barik, Ustekabek ezin izan ditu kaleak girotu eta zenbait hilabetetan entseguak egin ahal izan barik egon da.

Diskoaren prestaketa izan da euren heldulekua sasoi nahasi horretan eta orain, diskoa grabatu ondoren, itxaropenez begiratzen diote etorkizunari. “Esan dezakegu lehen baino indartsuago irten garela pandemiatik”, Mendicuteren iritziz. Hala ere, taldeak ez du bere izaera amateurra galduko eta kale-taldeek duten filosofiari eutsiko dio, nahiz eta erronka berriei ekiteko asmoa duten. “Kalera itzuli nahi dugu, jendearekin gertuko harremana izan… hori da txaranga bat”, dio Mendicutek.

 

Abesti zaharrak gazteen begiradatik

Oruesagasti saxofoi-jolea da, Mendicute bezala, eta oso gazte sartu zen Ustekaben. Musikenen ikasketak egin ondoren, Amsterdameko Arte Unibertsitatean masterra ikasten dihardu gaur egun eta uztailaren hasieran Herbehereetatik etorri zen Ustekaberen proiektu berezienaren zuzendaritza musikalaz arduratzeko. “Xabierrek ikasitako guztia gure mailara ekartzen jakin du eta gure maila igotzea lortu du”, esan digu Mendicutek. Berba politen aurrean, Oruesagastik musikarien lana goraipatzen du. “Urtebete baino gehiago generaman abestiak prestatzen, grabaketa atzeratu egin zelako, eta grabatzeko ordua iritsi denean musikariek maila eman dute. Musikari amateurrentzat zaila da grabaketak irauten duen bitartean momentu oro %100 ematea eta eurek eman dute. Bikain aritu dira”, bere ustez.

Oruesagastiren zuzendaritzaz gain, Ustekaberen proiektuak fanfarrea ondo ezagutzen duten Asier Ardaiz, Rakel Arbeloa, Beñat Etxabe eta Jon Viejo musikarien eta Walter Tuzzeo soinu-teknikariaren laguntza jaso du. “Maila handiko jendeak lagundu digu. Walterrek demaseko lana egiten dihardu; eta bestetik, konposaketa lanak egin dituztenek oso maila altua dute. Euretako batek, adibidez, Donostiako Jazzaldian jo du aurten”, azaldu digu Mendicutek. Gainera, Ustekaberekin lotura berezia duen Eibarko Koro Gazteak ahotsa jarriko die fanfarreak prestatu dituen lau abestiri. “Eurentzat erronka polita izango dela uste dugu. Izan ere, abestiei doinu eta erritmo bereziak eman dizkiegunez, kantuak ezagutu arren, beste modu batean abestu beharko dutelako”, diosku Oruesagastik.

Ustekabek, Eibarko Koro Gazteak bezala, Eibarko Musika Eskolan du bere jatorria, bertako ikasleek sortutako egitasmoak direlako. Horregatik, Eibarko abestien proiektu honekin Eibarko Musika Eskolak duen garrantzia aldarrikatu nahi dute. “Herrian musika eskola egotea eta ondo funtzionatzea funtsezkoa da. Musika eskolak ez badu eskaintzarik eta ikasle kopururik hainbat alorretan, ezinezkoa izango da etorkizunean horrelako proiektuak egitea”, esan digu Mendicutek. “Proiektu honekin Eibarko jende gazteak nagusiek kantuak modu berri batean egitea bilatu dugu eta, iraganera begiratuz, musika eskolatik irten den jendeak gauza berriak egiteko duen gaitasuna erakusten du. Abesti zaharrak gazteen begiradatik berreskuratu ditugu eta, gure ondaretik abiatuta, gauza berriak eta apurtzaileak egin ditugu. Betikoa da, baina ez du betikoaren usaina”, gaineratu du.

Eibartik, eibartarren eskutik, Eibarrerako eta mundu guztiarentzat. “Dena da Eibarren egina, ehuneko egunean, eta denontzako da erakargarria, ez bakarrik herriko kantu zaharrak ezagutzen dituztenentzat”, diosku Oruesagastik.

 

Herriko sustraietatik mundura

Mendicute eta Oruesagasti sinetsita daude diskoak jendea harrituko duela. “Uste dut diskoa entzun arte jendea ez dela jabetuko benetan zertaz ari garen”, Mendicuteren ustez. Izan ere, Ustekabek ez du Eibarko kantu zaharren moldaketa hutsa egin. Kantu zaharretatik abiatuz erritmo, doinu eta konposaketa berriak sortu dituzte. “Diskoaren erdian euskal erritmo tradizionalak berreskuratu eta mantendu ditugu, eta beste erdian abesti tradizionalen erritmoak eta estiloak aldatu ditugu, New Orleans eta latin erritmoak emanez”, azaldu digu Oruesagastik.

Txaranga batek duen kaleko izaera diskora eraman dute, baina ez hori bakarrik. “Txarangaren ohiko formazioan aldaketa batzuk egin ditugu”, esan digu zuzendari musikalak. “Adibidez, perkusioari dagokionez kaxa, dunbala eta txindatak izan ohi ditugu txarangan, baina diskoa grabatzeko orduan hiru edo lau aldiz bakarrik egin dugu horrela, beste abesti guztietan musika-tresna berriak sartu ditugulako: congak, bateria osoa … Gainera, bi tuba erabili ditugu”, gehitzen du. Horrela, txaranga baten diskoa izan arren, “ez da txaranga-musika, entzuleak beste gauza bat aurkituko du”, Mendicuteren ustez. “Kaleko giroa eraman dugu diskora, baina ez da txaranga bat kalean entzutea bezala izango. Kaleko giroa abesti apurtzaileetan eta espero ez dugun kantuetan aurkituko dugu, eta Amerikako brass band bat edo jazz talde bat entzuten ari garela emango du”, diosku.

Eibarko kantuen zaharberritze horretan, “gure sustraietatik beste kultura batzuk besarkatzeko borondatea dago”, azaldu digu Mendicutek. Horretarako, Eibarko aspaldiko 11 abesti aukeratu dituzte (Agur esanda banua, Arragueta, Suite Eibartarra, Eibar tiene su entrada, Eibarko Herria, Forjarien kanta, Hiru gizon ilustre, Venid al pueblo de Eibar, Arrateko Ama, Himno a Eibar eta Cielito). “Aukeratzeko orduan, kantu batzuk argi genituen, baina beste batzuk arakatze-prozesu batetik datoz”, gehitzen du Mendicutek. Bere ustez, “aurretik beste batzuek antzinako abestiak berreskuratu dituztelako izan da posible lan hau”. Horrela, Ego Ibarrak 80. eta 90. hamarkadetan egindako lanaz eta Juan Bautista Gisasolaren musika-lanen bildumaz baliatu dira abestiak aukeratzeko orduan.

Oraindik ondo zehaztu gabe badute ere, diskoa fisikoki kaleratzea da asmoa eta, horrez gain, abestien inguruko dokumentazioa jasoko dute. “Abestien testuingurua azaldu nahi dugu eta ikerketa-lana egiten dihardugu Udal Artxiboaren laguntzarekin”, kontatu digu Mendicutek. “Herriko kantutegian bertsolaritzaren eta aratosteen garrantzia zenbaterainokoa izan den ikusi dugu, besteak beste”.

Diskoa San Andres jaien inguruan edo abenduaren hasieran kaleratzea nahi du Ustekabek eta aurkezpen-kontzertua eskaintzeko asmoa du. “Ekitaldi horretara joaten direnek urteetan gogoratuko dute”, Mendicuteren ustez. Bikotearen berbak entzunda, ustekabe handia izango da eibartarrontzat.