Eibarko Koro Gaztearen historia oholtza gainean

Eibarko Koro Gaztearen historia oholtza gainean
2022/05/30 eta kitto!
Ikasturte amaiera iritsi da eta, horrelakoetan ohituta gaituzten bezala, ikuskizun berezia eskainiko du Eibarko Koro Gazteak. Ekainaren 2an, eguena, izango da Eibarko Coliseo antzokian, 20:00etatik aurrera. Talde gaztea, dinamikoa, alaia, modernoa, ausarta... Kalifikatibo asko erabili daitezke Elena Martinek zuzentzen duen taldea deskribatzeko. Baina guztiaren gainetik elkarlana eta familia bereko kide izatearen sentimendua dago. Datorren egueneko ikuskizunarekin gozatu nahi duzuenok adi ibili beharko duzue sarrerak eskuratzeko. Eibarko Koro Gaztearekin ohikoa izaten baita "dena salduta" egotea.

Oihane Zabala eta Jon Alonso Koro Gazteako kideak dira eta eurekin elkartu gara barixaku arratsalde batean. Egun garrantzitsua da eta eskertzekoa da minutu batzuk guri eskaintzea. Entsegu orokorra daukate 17:00etatik aurrera. Luze joango da. Data handia hurbiltzen denean entsegu orokorrak luze joaten dira. Gurekin elkarrizketa egin eta gero, Coliseoko teknikariekin daukate hitzordua, kide guztiak elkartu eta entsegua hasten denerako arlo teknikoa erabat lotuta izateko. Egun guztia daramate lanean bi gazteek. Eguna ez, asteak eta hilabeteak. Oraingo honetan beraiek hartu dute ikuskizunaren pisu handiena eta urduritasuna somatzen da. Eta ilusioa. Elena Martin zuzendaria etorri da. Elena ezin zen falta. Zuzendaria baino zerbait gehiago da.

Eibarko Koro Gaztea 2Jon Alonso Elena Martin Oihane ZabalaEibarko Koro gaztea 3

Azken urteak ez dira errazak izan. Gauza asko hankaz gora jarri ditu ditxosozko pandemiak. Elenak gogoratzen duenez, "azken kontzertua iaz egin genuen aire librean Txaltxa Zelaian, eta Coliseoan egin genuen azkena "EKG 10 urte" izan zen 2019an. Pandemia hasi zenean, 2020ko apirilean, bertan behera laga behar izan genuen egun gutxitara estreinatu behar genuen musikala. Sarrera guztiak salduta zeuden. Gogorra izan zen, lan handia zegoen atzean".

Beraz, pozik igoko dira berriro Coliseoko oholtza gainera. Ziklo bat amaitzeko kontzertu aproposa izango dela diote. "Aldaketa batzuk egongo dira, eta, nahita egin ez badugu ere, hori guztia isladatua geratuko da datorren asteko kontzertuan. Errepasoa egingo diogu Koroaren historiari. EKGren ibilbidearen une desberdinak ikusiko ditugu abesti garrantzitsuen bidez. Agian ez dira gure abesti onenak edo dibertigarrienak, baina bai izango dira inpaktu gehien sortu dutenak, hau da, edozein arrazoirengatik memorian geratu direnak", dio Jon Alonsok.

Abestien aukeraketa modu naturalean egin dutela esan digu Oihanek. "Ez zaigu asko kostatu, gauzak berez joan dira ateratzen, denon artean, eta hizkuntza aldetik ere oreka bat bilatu dugu: euskarazko, erdarazko eta ingelesezko kantuak egingo ditugu". Pozik daude emaitzarekin. Batez ere errepertorioarekin, Elenak esaten duen moduan, "in crescendo" doalako.

Sentimenduz betetako kontzertua
"Danetik egongo da kontzertuan. Abesti bakoitza emozio edo sentsazio bati lotuta dago. Abesten ditugun bazkoitzean oroitzapen horiek berreskuratzen ditugu, eta hori jendearekin partekatu nahi dugu. Koroak sortzen dizkigun emozioak publikoarekin batera bizi nahi ditugu", azaldu digute.

13 urte igaro dira jada Eibarko Koro Gaztea sortu zenetik, ilusio handiz eta abesteko gogo handiarekin sortu ere. Ez dira gutxi izan hamarkada luze horretan taldeak bizi izandakoak: taldekide aldaketak, lehiaketak, musikala, telebista, elkarrizketak, hamaika ikuskizun …

Historiak aurrera darrai, eta egueneko kontzertuan denetik egongo dela aurreratu digute. Denetik zentzu guztietan, sentimenduen aldetik baina baita musika-formatu eta errepertorio aldetik ere. Betiko moduan, dantzek eta antzerkiak ere lekua izango dute. "Ustekabeko musikariak gurekin egongo dira eta baita Sostoa abesbatza eta Juan Bautista Gisasola musika eskolako txikien abesbatza ere. Antzerki munduko jendea ere egongo da: Juan Cano, Maite Lorenzo, Karmele Etxeberria... "Gure historian eta bizitzan oso inportanteak izan dira horiek guztiak. Lagunak dira. Denok ezagutzen dugu elkar, eta gauza asko bizi izan ditugu batzuk besteekin", diote.

Elkarlana eta maitasuna
Elkarlanaren garrantzia aipatzen du Elenak. "Hori da nire filosofia pertsonala, eta kasu honetan Oihane eta Jonek egin duten lana izugarria izan da: sortzaile, produktore... Zenbat ordu eman dituzte!". Ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari da Oihane, eta, Koroaren ibilbidearen errepaso honetan osagarri izango dira bideoak.

Jon eta Oihane bat datoz elkarlanaren ideiarekin eta taldean dagoen maitasun-sentimenduarekin. Koroak erakutsi die zer den taldean lan egitea, elkarri laguntzea, konpromisoa... "Sorkuntza honetan ere kide guztiok hartu dugu parte. Guztion ideiak eta aportazioak daude", esan dute.

Hau guztia irakurri ondoren, zeinek ez dauka gogorik  ostegunean Coliseora joateko eta EKG-ren eta, bide batez, gure bizitzen errepasoa egiteko?