Elene Arandia, Tenpora: “Jendeak gogo handia zuen zuzenekoekin gozatzeko”

Elene Arandia, Tenpora: “Jendeak gogo handia zuen zuzenekoekin gozatzeko”
ETA KITTO 2021, Ots 01

Pandemiak bete-betean harrapatu zuen Tenpora musika taldea hirugarren diskoa prestatzen. Tolosaldeakoek, ordea, ez zuten atzera egin eta ‘Berriro asma nazazu’ kaleratu zuten, kritikaren aldetik loreak jaso dituen lana. Irailean zuzeneko kontzertuak eskaintzen hasi ziren eta otsailaren 4an Coliseoan izango ditugu.

 

Zer moduz doaz zuzenekoak sasoi berezi honetan?

Gauza berria izan da guretzat. Diskoa udaberrian aurkeztea zen gure aurreneko asmoa, baina plana berritu behar izan genuen. Irailean kontzertuekin hasi ginen eta oso pozik gaude. Egia da beldurra genuela. Ez genekien zer aurkitu genuen, egoera berri honetan jendeak nola erreakzionatuko zuen eta kontzertuetara joateko gogoa izango zuen. Guretzat sorpresa izan da publikoaren erantzuna ikustea. Jendeak gogo handia zuen zuzeneko ikuskizun batekin gozatzeko. Kontzertu hunkigarriak izan dira, energia bereziarekin.

 

Pandemiarekin zalantzak izan zenituzten aurrera egin ala ez erabakitzeko?

Oso baikorrak izaten saiatu gara momentu oro, eta guretzat tartea hartu genuen diskoa lasai amaitzeko eta egindako lana barneratzeko.

 

Nola sortzen dituzue diskoak? Bat-batean datorren inspirazioa da? Planeatutako zerbait?

Denbora-tarte baten sortutako kantuen artean aukeraketa egin eta grabatu egiten ditugu. Aurreko diskotik urte bi pasa dira, baina ez dugu epe zehatz bat ezartzen. Juantxo Zeberiok (teklatua) melodiak konposatzen ditu, melodiak nirekin probatzen ditu tonoak eta egiturak adosteko, eta gero abestiak taldean lantzen ditugu, hasierako melodiak tenporizatuz. Entseguak egiteko dinamika zaintzen saiatzen gara. Azken finean, Tenpora entseguak egiteko eta musikari denbora eskaintzeko sortu genuen. Gutxienez astean behin gelditzen saiatzen gara sortzeko eta jotzeko.

 

Disko berriaren tituluarekin eta irudiarekin jolastuz, disko bakoitzarekin azala berritzen duzue?

Disko batetik bestera garapena eta aldaketa dago. Ez gara orain dela zazpi edo zortzi urteko taldekide berberak, pertsona moduan hazi egin garelako. Nik neuk ere orain ez dut sasoi hartan entzuten nuen musika bera entzuten. Jotzeko gelditzen garen bakoitzean egin nahi duguna edo irteten zaiguna lantzen saiatzen gara, eta hortik gauza berriak ateratzen dira. Horrela, azkenengo diskoan gauza berriak entzun daitezke.

 

Diskoak kritika onak jaso ditu. Nola hartu dituzue?

Ez gara kritikak bilatzen ibiltzen, baina batzuetan jendeak bidali egiten dizkigu eta loreek beti egiten dute ilusioa. Oso kritika onak iritsi zaizkigu.

 

Sasoi ilunari argia eman diozue, baina kulturaren arloan ez da sasoi erraza bizi. Gizarteak kulturaren balioa gutxiesten duela uste duzu?

Ez dut uste. Jendearen erantzun ona ikusita, kontrakoa esango nuke. Muga eta baldintza bereziak ezarri dituzte, baina zuzenekoak egiten ari dira, kultura programatzen ari da… eta aretoak betetzen ari dira. Guk ez dugu egoera konponduko, baina honetaz guztiaz hausnarketa egiten lagundu dezakegu.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »