Errebalgo plaza estaliaren ikus-entzunezko instalazioetarako proiektua lizitaziora atera du Udalak

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
Errebalgo plaza estaliaren ikus-entzunezko instalazioetarako proiektua lizitaziora atera du Udalak
ETA KITTO 2022, Urt 12

Eibarko Udalak lizitaziora atera du Errebal Plazia eraikineko ikus-entzunezko instalazioetarako proiektua egikaritzea. Aurreikusitako aurrekontua 156.879 eurokoa da (BEZa barne) eta lanak egiteko epea bi hilabetekoa. Eskaintzak aurkezteko epea zabalik dago otsailaren 14ra arte. Proiektuak beharrezkoak diren azpiegiturak jasotzen ditu argiteria, soinu eta komunikazio arloetan.

Beharrezkoa den ekipamendua zehazteko, bilerak egin dira udal teknikariekin eta Coliseo antzokiko arduradunekin, azken horiek izango baitira ikuskizun-areto berri honen gestioaz arduratuko direnak. Jon Iraola alkatearen hitzetan: “Sistema hauen instalazioarekin, Eibarko Udalak beharrezkoa den teknologia eta tresneria emango dio eraikinari, bermatu ahal izateko plaza estalian antolatzen diren aisialdiko ekitaldiak eta jarduera kulturalak ahalik eta kalitate handienarekin egingo direla, herritarrei esperientzia oso bat eskainiz”.

Argiteria eszenikoaren kasuan, egitasmoak aurreikusten du azpiegiturak behar adinako dimentsio eta egitura edukitzea, ekoizpen bakoitzak eskatzen dituen argi-baldintzei erantzuteko. Jarduera horretan jasotzen da zirkuituak, kontrol- eta erregulazio-gela eta argiteria instalatzea. Horrek guztiak aukera emango du Errebalgo plaza estalian egingo diren jardueren ikus-entzunezko premiei erantzuteko. Udaletik adierazi dutenez. “soinu eszenikoari dagokionez, audio-seinaleen banaketa-sareak diseinatu dira, azpiegitura indartsua, malgua eta moldakorra izan dadin eta zerbitzua eman ahal diezaien hainbat soinu-premia desberdinei. Horretarako, seinaleen banaketa formatu eta euskarri digitalean egingo da, audio-seinaleen kalitate altua bermatzeko”. Diseinuaren oinarria seinaleen banaketa guztia digitalizatzea da, baina audio-ekipo klasikoekin txertatzeko aukera emanik, izan ekipo horiek bertakoak izan konpainietakoak, alokairuzkoak, eta abar.

Komunikazioen kasuan, berriz, kable bidezko telebista-sistema bat egongo da, bideoko barne-seinaleak banatzeko adinakoa. Kable-instalazio egituratu bat proiektatu da, transmisio-linea bakar batetik hainbat bideo-kanal banatu ahal izateko, beren audioekin.

Sareen atalean jasotzen da ikuskizun-areto honen hornidura teknikoa osatzen duten atal bakoitzaren kuadro elektrikoen, kanalizazioen, kable elektrikoen eta ikus-entzutezkoan kableen azpiegitura guztia.  Gune honetan antolatu daitezkeen ekitaldiak behar bezala egiteko, kable-sare zabal bat aurreikusten da, interes eszenikoko gune guztiak hartuko dituena, beharrezkoak diren ikus-entzunezko zerbitzuak emanez.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »