Gipuzkoako pintxo onenaren bila

Gipuzkoako pintxo onenaren bila
ETA KITTO 2019, Urr 11

Donostiko Londres hotelak XXI. Gipuzkoako Pintxo Lehiaketa hartuko du urriaren 15ean, 16.00etatik aurrera. Lurraldeko taberna onenek hartuko dute parte txapelketan eta euren barrak apaintzen eta bezeroen gutiziak asetzen dituzten pintxoak aurkeztuko dituzte. Aurten, gainera, Eibarko parte-hartzaileak izango ditugu lehendabiziko aldiz.

 

Euskal Herriko tabernetako ikurrak dira pintxoak eta, era berean, taberna asko ikur bihurtu dira euren sukaldeetan egiten diren pintxoengatik. Gosaltzeko, hamaiketakoa egiteko, bazkaltzeko, meriendatzeko edo afaltzeko balio duten mokaduak dira pintxoak. Euskal Sukaldaritza Berriak gure gastronomiaren altxor hau beste maila batera eraman zuen eta izarrez beteriko tabernek miniaturazko jaki gozoak lantzen hasi ziren. Beraz, Gipuzkoa mundu mailan Michelin izar kontzentrazio gehien dituen herrialdea izanik, Gipuzkoako Pintxo Lehiaketa ez da ume-jokoa.

Tiburcio Eskisabel ibili da XXI. Gipuzkoako Pintxo Lehiaketa antolatzen. “Txapelketa udaberrian egin ohi dugu, baina antolakuntzako idazkaria hil zen eta udazkenera pasatu behar izan genuen”, dio telefonoaren beste aldetik. “Bestetik, udazkenean gastronomiaren inguruko ekintza ugari ditugu inguruan eta ez da erraza izan data aurkitzea”.

Eskisabelek esperientzia asko du pintxoak egiteko orduan. Donostiko Alde Zaharreko Casa Tiburcio tabernaren buru izan da urte askoan, 1929an bere aitxitxa eta amamak sortutako negozioaren lekukoa hartuz. Lehiaketako epaimahaia ere ez da hasiberria gastronomiaren munduan. Hauek izango dira Gipuzkoako pintxo onenak dastatuko dituzten epaimahai-kideak: Cristina Martinez eta Josema Azpeitia kazetari gastronomikoak, Alfonso Garcia Valladolideko Don Bacalao jatetxeko sukaldaria, Alberto Egizabal Arnedoko Sopitas jatetxeko sukaldaria, Josu Mugerza Elgoibarko Belaustegi jatetxeko sukaldaria eta Mireia Alonso Teknikerreko jatetxeko sukaldari eibartarra.

Epaimahaiak itsu-itsuan probatuko ditu 20 parte-hartzaileen pintxoak. “Euskal Herriko txapelketan parte-hartzaileek zuzenean ematen die pintxoa epaimahaiari, baina Gipuzkoakoan gela aparte batean egongo dira”, Eskisabelen berbetan. Parte-hartzaile bakoitzak zazpi pintxo aurkeztuko ditu, “bat aurkezteko eta beste seirak epaimahaikide bakoitzarentzat”, eta hiru irabazle egongo dira. Ez da baldintza berezirik jarriko pintxoak lantzeko orduan, “pintxoen kostua 2,5 eurotik ez pasatzea bakarrik”. Gero, ohikoa denez, parte hartzen duten tabernen barran aurkitu ahal izango dira pintxoak.

 

Eibartar bi

Eskisabelen berbetan “maila handiko” parte-hartzaileak egongo dira. “Hondarribiako Gran Sol eta Sardara tabernak, eta Donostiko Zeruko taberna, besteak beste”. Ez dira arerio errazak izango Gipuzkoako Pintxo Lehiaketan parte hartzen duten lehen taberna eibartarrentzat. Baratze tabernako Unai Altuna eta Kontent tabernako Oscar Trebiño izango dira ordezkari eibartarrak eta herriko tabernetan ekimen honi jarraipena emateko itxaropena dute antolatzaileek. “Pozik gaude Eibarko tabernek parte hartzen dutelako”, Eskisabelek dioenez. “Lehen pausoa ematea izaten da zailena”. Gainera, Mireia Alonsok esan digunez, badaude datorren urtean parte hartzeko asmoa duten taberna eibartar gehiago.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »