Gurasoei euren seme-alaben hezkuntza prozesuan laguntzeko gune berria liburutegian

Gurasoei euren seme-alaben hezkuntza prozesuan laguntzeko gune berria liburutegian
2023/02/08 eta kitto!

Haurren eta nerabeen hezkuntza konplexua da batzuetan, eta, sarritan, gurasoek ez dakite nola aurre egin eta nola erantzun euren seme-alaben jarrera eta portaera jakin batzuei. "Liburutegian mota horretako kontsultak jasotzen ditugu, guraso asko etortzen dira euren ustez zuzenak ez diren seme-alaben portaerekin laguntzeko liburu baten bila", diote udal liburutegitik.

Horrelako informazioa emateko eta familiekin lankidetzan aritzeko, Guraso Eskola deitu dioten interesgune bat jarri dute haur liburutegian. Liburutegiko hainbat gunetan sakabanatuta zeuden liburuak bildu dituzte, eta puntu horretan jarri dituzte errazago aurkitzeko moduan.

Liburuak liburutegiko txartelarekin maileguan hartu ahal izango dira, beste edozein material bezala.

Liburutegitik gurasoak gonbidatu nahi dituzte "leku hau ezagutzera. Seguru aurkituko duzuela baliagarria izan daitekeen zerbait hezkuntza-etapa zail horretarako. Eta, jakina, erosketa-iradokizunak egin ditzakezu funts hori handitzeko".