Ibai Garate, eskuArte: “Produktu bakoitza berezia da, ez daude bi produktu berdin”

Ibai Garate, eskuArte: “Produktu bakoitza berezia da, ez daude bi produktu berdin”
ETA KITTO 2020, Eka 19

Ibai Garate dendetan aurkitzen ez zituen gauzak egiten hasi zen eta, jendearen gustokoak zirela ikusita, eskuArte sortu zuen. Eskuz egindako produktuak sortzen ditu eta bezeroen eskaeretara moldatzen da. Bere produktuak Harixan dendan erosi daitezke edo berarekin harremanetan jarriz (Instagramen edo 688815257 telefonoan).

 

Nolako produktuak egiten dituzu?

Pultserak, eraztunak, belarritakoak, lepokoak… Baina norbaitek zerbait berezia nahi duela esaten badit, egiten saiatzen naiz. Orain dela gutxi, lagun batek txapazko eraztun jakin bat egiteko eskatu zidan, beste eredu baten oinarrituta, eta egin nion.

Edozein material erabiltzen duzu?

Erretxina, egurra, letoia, altzairu herdoilgaitza eta kobrea erabiltzen ditut batez ere. Herdoiltzen ez diren eta zikintzen ez duten materialak erabiltzen saiatzen naiz.

Nola moldatzen zara material ezberdinekin hainbeste produktu egiteko?

Tailerra ondo egokitzen saiatu naiz, material ezberdinak erabiliz era askotako produktuak egiteko. Gauza berriak probatzea gustatzen zait, asmatzen saiatzea. Akatsak eginez ikasten da gauza berriak egiten. Orain, adibidez, betaurrekoak egiten hasi naiz. Ez dut prestakuntza berezirik jaso horrelako gauzak egiteko. Eskua behar da, besterik ez, eta behin eta berriz saiatzea.

Beraz, tailerra ere zuk eraiki duzu?

Bai. Pare bat gauza kenduta, beste guztia nik sortu dut. Horrela, nire beharren arabera egokitu dut. Sortu ditudan eskailerez oso harro nago! (barreak) Lehen beste toki batean egiten nuen beharra, baina hona etortzeko aukera izan nuen eta hemen hobeto nabil.

Noiz jarri zenuen martxan eskuArte?

Hasiera batean labanak egiten nituen eta kirtena egiteko hainbat material lantzen hasi nintzen. Bestetik, dendetan ez nituenez aurkitzen niri gustatzen zitzaizkidan produktuak, ni hasi nintzen horiek sortzen. Berez orain dela pare bat urte hasi nintzen, baina eskuArte orain dela urtebete sortu nuen. Jendeari egiten nuena gustatu zitzaion eta gauza gehiago egitera animatu nintzen. Adibidez, nire lehengusina arropa-diseinatzailea da eta asko gustatu zitzaizkion nire lanak, eta horrek bultzada eman zidan. Polita da jendeak zure lana baloratzea.

Urte honetan eboluzioa igarri duzu zure lanetan?

Bai, orain gehiago ezagutzen ditut materialak, egiteko moduak, akaberak… Zehaztasun guztiak ondo zaintzea gustatzen zait, oso produktu txukunak egitea.

Gauzak eskuz egiteak balio erantsia ematen du?

Batzuek baloratzen dute eskuz egindako produktuak izatea. Produktu bakoitza berezia da, ez daude berdinak diren bi sorkuntza.

Nola erosi daitezke zure produktuak?

Nire lehengusinak Harixan denda ireki zuen eta egiten nuena gustatzen zitzaionez, dendan nire produktuak saltzen ditu. Bestela, nahikoa da nirekin harremanetan jartzea.

Azoketan saltzeko aukera pentsatu duzu?

Egon izan naiz azoketan saltzen. Bestetik, furgoneta hartu eta Frantzia aldera joango nintzateke produktuak saltzera, toki batetik bestera ibiliz. Ea laster hori egiteko aukera dudan.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »