Idoia abeslariak “Ilun eta abar” lana aurkeztuko du hilaren 10ean Korrika Kulturalaren barruan

Idoia abeslariak “Ilun eta abar” lana aurkeztuko du hilaren 10ean Korrika Kulturalaren barruan
2022/03/08 eta kitto!
Idoia Asurmendi Aramaioko abeslari gazteak 2021ean grabatu zuen bere lehenengo diskoa aurkeztuko du Coliseoan eguenean (martxoak 11), Coliseoan 20:00etan hasiko den emanaldian. 21 urteko abeslari, pianista, gitarrista eta konpositoreak ondo aprobetxatu du pandemia sasoia eta azken urtean Jazzaldian, Chillida Leku Museoan, Donostia Festibalean eta beste hainbat kontzertu ezagunetan hartu izan du parte. Sarrerak 10 euro balio du (7 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin).

Ohiko bideetatik kanpokoa izan da Idoiak orain arte egindakoa. Bere lehen diskoa atera aurretik, oraindik abestirik argitaratu gabe, sare sozialetan zabaldutako beste musikari batzuen bertsioak bere aurkezpen txartel bilakatuta, oihartzun zabala izatea lortu zuen.

Musikarekiko zaletasuna familiatik datorkio eta oso gaztetatik hasi zen musika-instrumentuekin esperimentatzen. Abesbatza ezberdinetan ere aritu izan da eta, piano ikasketak egiteaz gain, Musikenen pedagogiako espezialitatea lantzen dihardu Musika arloan. Oso gazterik hasi zen kontzertuak eskaintzen bakarlari gisa: lehenengo euskal abestien zein kanpoko pop-rock eta soul estiloko abestien bertsioekin eta, ondoren, berak konposatutako lanekin eta, hainbatetan, Maria Oses-en poesiak baliatuz.

Sare sozialetan egin zen ezagun 2019an, Berri Txarrak taldearen "Katedral bat" kantuaren bertsioarekin eta, Kutxa Kultur beka irabazitakoan, "Ilun eta abar" bere lehen proiektuarekin hasi zen. Hor poesia, ilustrazioa edota animazioa bezalako arte ezberdinak fusionatu ditu, berak pianoa eta ahotsa jarriz musika talde batek lagunduta.

Aurrekotik irten da Eibarren aurkeztuko duen bere lehen albuma, euskarazko eta gaztelaniazko estilo ugariko zortzi abestik osatutakoa. Zortzi gaietako bakoitza ezberdina da: "Mundo al revés" bossa nova bat da -bere ahizpekin batera abestua-, "Lo kanta" nana bat da, "Hitzetan" abestian amerikar folkera hurbilduko da, eta "Aulki jokoa" bere lehen singlean britainiar popera, beste garai batera garamatzan "Viejo refranero" ahaztu barik. Berak dioenez, “sonoritate ezberdinak nahi nituen, baina uste dut diskoak baduela logika bat”.

2020ko udan hogei bat kontzertu eskaini zituen Euskal Herriko hainbat tokitan, Eñaut Elorrieta eta Olatz Salvador bezalako artistekin kolaboratu izan du eta Fernando Velazquezek Euskadiko orkestrarekin moldatutako abesti bat grabatu du. Eta iaz Olatz Salvadorren "Aho uhal" diskoan hartu zuen parte "Gelditu hor" kantuan, bideoklip berria ateratzeaz gain, kasu horretan Eñaut Elorrietarekin batera abestutako "25. artikulua" kantuarekin.