Ignacio Zuloagaren bizitza eta lanari buruzko ikastaroa antolatu dute, bere jaiotzaren 150. urteurrenean

Ignacio Zuloagaren bizitza eta lanari buruzko ikastaroa antolatu dute, bere jaiotzaren 150. urteurrenean
2020/07/07 08:17
eta kitto!
Aurten betetzen dira 150 urte Ignacio Zuloaga (1870-1945) margolari eibartarra jaio zela eta, horren aitzakiarekin, atzo hasi zen Ignacio Zuloaga berrikusiz: haren pintura eta garaia, jaiotzaren 150. urteurrenean izenburukoa, gazteleraz eta online, UPV/EHUko Uda Ikastaroen barruan. Ikastaroak Zuloaga Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzaren laguntza du. Antolatzaileen berbetan, “une aproposa da margolariaren ibilbidea berrikusi, haren gaiak aztertu eta utzi zigun obraren alderdi garrantzitsuenetako batzuk berraztertzeko, alor honetan azken urteetan egin diren berrikuntzei erreparatuta. Ikastaroaren helburua da bi diziplina bateratzea (historia eta artearen historia) ikuspegi osoago bat edukitzeko, ez bakarrik Zuloagaren pinturari buruzkoa, baita haren garaiari buruzkoa ere”.

Ikastaroan gai eta arlo ezberdinetako adituek landuko dituzte edukiak. Atzo Juan Pablo Fusi historialariak egin zuen sarrera historikoa, Leticia Bermejo artearen historialariak Zuloagaren pinturaren nondik norakoak azaldu zituen eta Ismael Manterola artearen historialariak Zuloagak Euskal Herriarekin izan zituen loturei buruz egin zuen berba. Gaur, berriz, Sara Hidalgo historialaria Zuloagaren kontzientzia sozialari buruz aritu da eta, goizean zehar, Margarita Ruyra artearen historialariak Santiago Etxea zer izan zen. Eta bihar, ikastaroaren azken egunean, 09:00etatik aurrera Javier Novo artearen historialariak Zuloagak gerra zibilean izan zuen jarrerari buruzko ikerketaren azken nobedadeak azalduko dizkigu eta Zuloaga Fundazioko lehendakaria den Ignacio Suarez-Zuloagak “Zuloaga auzia” izango du hizpide.