Iraitz Lizarraga, aktorea: “Gailurrarekin itsututa bizi gara, baina bidea da garrantzitsua”

Iraitz Lizarraga, aktorea: “Gailurrarekin itsututa bizi gara, baina bidea da garrantzitsua”
2018/05/28 eta kitto!
Edmund Hillaryrekin batera Everest gailurrera iritsi zen lehen gizakia izan zen Tenzing Norgay. Iraitz Lizarragak ere mendia maite du, baina bere kasuan eszenatoki gainean igoko du gailurrera. Zizurkilgo aktoreak Tenzingen papera egingo du maiatzaren 29an, martitzena, 15:00etan Coliseoan eskainiko den Mendi Tontorrean antzezlanean. Xelebrea da Tenzing, baina are xelebreagoak dira berarekin mendian gora doazen bi bidelagunak.

 

- Tenzing sherparen azalean jarriko zara ‘Mendi tontorrean’ antzezlanean. Nolakoa da bera?

Oso sherpa xelebrea da. Oso umore ona dauka eta oso positiboa da, Himalaiako sherpak izan ohi diren bezala. Aurrera egiten du beti eta oso langilea da. Nahiko xelebreak diren bidelagun bi tokatu zaizkio espedizio honetan. Batetik, Kosme dago, ‘flipatu’ bat, natura eta txoriekin asko aluzinatzen duen mendizalea. Hori bai, pertsona ona da. Eta bestetik Txema daukagu, harroputz bat, bilbotarra, baina bere bihotza ere badauka. Pertsona onak dira hirurak, nahiz eta bakoitzak bere kontuak izan.

- Sherpa izanda, beste bien esanetara zaude?

Hasiera batean bai, baina nire nortasuna daukadala ikusiko da gero. Nire baloreak erakutsiko dizkiet eta eurek onartu egingo dituzte.

- Zu, Iraitz, abenturazalea zara?

Asko gustatzen zait mendira joatea, eskalatzea... Beraz, gozokia oparitu zidaten antzerki obra hau egitea proposatu zidatenean. Antzerkia nire lanbidea da eta nire pasio batekin uztartu ahal izan dut.

- Mendian eta bizitzan, oro har, gailurrera iristearekin itsututa gaude?

Bai, horrelakoa da gure gizartea. Gure buruari helburuak jartzen dizkiogu etengabe eta helburu horiek gero eta gorago jarri, hobeto. Ez gara ohartzen bidean galtzen dugun guztiaz eta hori ikusarazi nahi dugu antzezlanean. Bidea garrantzitsua da.

- Mendia irakasgai ona dela diote mendizaleek. Zer ikasi daiteke zuen antzezlanean?

Bizikidetzako baloreak taularatzen ditugu eta bizitza honetan garrantzitsua zer den adierazten saiatzen gara. Kosta ala kosta eta jendea zapalduz helburua lortu eta helmugara heltzea kritikatzen dugu; eta laguntasuna, talde-lana eta elkartasuna berebizikoak direla azaleratzen saiatzen gara. Helburuekin ez itsutzea da kontua. Bestalde, natura zaindu eta naturaz gozatzea aldarrikatzen dugu.

- Askotan esaten da umeei zuzendutako antzezlanak helduentzat ere egokiak direla. Horrela da kasu honetan ere?

Antzezlan hau publiko familiarrari zuzenduta dagoela esango nuke. Berez haurrentzako da, baina hainbat keinu egiten dizkie helduei eta helduentzako txisteak daude. Emanaldietan nabari da momentu batzuetan haurrak antzezlanean murgiltzen direla, eta beste batzuetan haurrek ez dute gertatutakoa ulertzen eta helduak barrezka hasten dira. “Zeinen ondo pasa dugun, baina guk eh!”, esan digute helduek noizbait. Zentzu horretan nahiko malgua da antzezlana.