Itsaspeko zinemarik onena pantaila handian eta argazki erakusketa Untzagan

Itsaspeko zinemarik onena pantaila handian eta argazki erakusketa Untzagan
2021/12/03 eta kitto!
Eguaztenean hasi zen Eibarko Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 20. edizioa, ikastetxeendako Coliseoan eskainitako Txikizikloarekin. “Itsasoarekiko maitasuna ahal denean” goiburuari jarraituta Klub Deportiboko urpeko jardueren batzordekoekin elkarlanean antolatutako zikloan aurtengo edizioan aurkeztu diren film labur eta dokumental onenak proiektatuko dituzte. Gaur hirugarren proiekzio eguna izango da eta, aurreko bi egunetan bezala, lehen mailako estreinaldiak ikusi ahal izango dira, pantaila handian, 19:00etatik aurrera Coliseo antzokian (sarrera doan da). Bihar, berriz, 10:00etatik 11:30era Txikizikloa familian ospatuko dute. Antolatzaileen berbetan, “ekitaldi honen helburua familia kontzientziatzea da, guztion esku dagoela aldaketa klimatikoa arintzen laguntzea eta gure itsaso eta ozeanoak salbatzea. Horretarako, gaur egungo egoeraren arazoa eta konponbideak azalduko ditugu”. Sarrera doakoa izango da, lekua bete arte.

Eta, horrekin batera, lehiaketara aurkeztutako argazki onenen erakusketa zabalik egongo da Untzagako jubilatuen etxean, abenduaren 5etik 19ra. 300 argazki baino gehiago aurkeztu dira, eta horietatik 24 dira deigarrienak. Antolatzaileen berbetan, “argazki hauek munduko itsaspeko hondoetan zehar eramango gaituzte eta espezie bitxienak erakutsiko dizkigute. Urtero gora egiten du lehiaketara aurkeztutako argazkien kopuruak, munduko txoko guztietatik iritsitako hirurehun argazkiak gaindituz”.