Javier Gorosabel astrofisiko eibartarraren omenezko topaketa egingo da otsailaren 2an
Gaur goizean udaletxean egindako prentsaurrekoan aurkeztu dute ekimena Jon Iraola alkateak, Ana Telleria Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak, eta Iñaki Ordoñez Espainiako Astronomia Elkarteko ProAm Batzordeko ordezkariak.
Topaketa hau Eibarko Udalak eta Espainiako Astronomia Elkarteak zientzia-dibulgazioa sustatzeko 2020an sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen da. Hitzarmenaren arabera, saria eta topaketa, biak tartekatuko dira bi urtean behin.
Topaketan, Javier Peralta irakasleak ‘Astronomía a la caza de la discontinuidad de Venus’ izenburuko hitzaldia emango du Coliseoan. Gai horreen inguruan, Peraltak ‘Javier Gorosabel Saria 2022’ eskuratu zuen, Astronomiako ProAm kolaborazio onenari (profesionalek eta amateurrek osatutako batzordea), Emmanuel Kardasis astronomo amateurrarekin batera.
Javier Peralta ikertzailea da Sevillako Unibertsitatean, eta Akatsuki (JAXA) eta EnVision (ESA) espazio-misioetako kide. Gainera, Marteren (Mars Express) eta Lurraren (EnviSat) atmosferaren dinamikan aditua da. 47 artikulu argitaratu ditu izen handiko nazioarteko aldizkarietan, eta bere lanak Geophysical Research Letters aldizkarian argitaratu dira, bi aldiz.
Alkateak adierazi duenez, “Astronomia zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago konturatzen gara zein zirraragarria den eta, nolabait, haren parte ere bagarela. Gainera, astronomo profesionalak nahiz amateurrak elkartzeko gaitasuna duen zientzietako bat da. Horregatik, Eibarko Udaletik jardunaldi edo topaketa hauek bultzatzen ditugu, zeinek, 2015ean hil zen Javier Gorosabel astrofisikari eibartarraren omenez eta SEAren laguntzarekin, astronomia herritarrei zabaltzeko eta hurbiltzeko aukera ematen baitigute. Seguru nago topaketa honek gehiago hurbilduko gaituela mundu zoragarri honetara, eta interes handia piztuko duela zientzia honekiko”.
Javier Gorosabel Sariak estatu mailako astronomian profesionalen eta amateurren arteko lankidetzaren bikaintasuna baloratzen du; sariak, halaber, Gorosabelen ProAm lankidetzaren ibilbide luzea ere goraipatzen du, izan ere, zientzialari bikaina izateaz gain, astronomo amateurren hainbat talderekin elkar hartuta lan egiten jakin baitzuen.