Javier Ortiz, argazkilaria: “Denetariko argazkiak egitea gustatzen zait, denbora-pasa da niretzat”

Javier Ortiz, argazkilaria: “Denetariko argazkiak egitea gustatzen zait, denbora-pasa da niretzat”
ETA KITTO 2021, Mai 07

Cuelik bezala, Javier Ortizek ere argazki-erakusketa du Portaleko erakusketa aretoan gaur hasi eta hilaren amaierara arte, baina bere argazkiak beheko aldean daude, atetik sartu eta ezkerretara joz. ‘A rapa das bestas’ izena du bere erakusketak, Galizian egiten den jai famatuaren lekukotza ekarriz.

 

Nolakoa da ‘A rapa das bestas’ tradizioaren inguruan egin duzun erreportajea?

XVIII. mendeaz geroztik Pontevedrako La Estrada herri txikiko Sabucedo auzoan uztailean egiten den tradizio honen inguruko argazkiak dira, ordena jakin batean jarrita (jaia hasten den momentutik amaitu arte, moduren batean esanda). Rapa hiru egunetan egiten da eta, hasteko, familiak mendira doaz eta zaldi basatiak batzen dituzte, herrira jaitsi eta rapa egiteko. Gero, zaldiak ‘curroan’ (zaldiak biltzeko gunean) izaten dituzte eta, han daudenean, jendeak, hiruko taldeetan, zaldiak hartzen ditu tresnarik erabili gabe, eskuekin bakarrik.

 

Eta zaldia hartu eta gero, zer?

Kimak mozten dizkiote. Kontua da, zaldiak mendian libre bizi direnez, rapa zaldiei bizkarroiak kentzeko, txertoa jartzeko eta kontrolatzeko erabiltzen dutela. Azken batean, zaldiak zaintzeko egiten den zerbait da. Beharrezkoa den tradizioa da niretzat.

 

Norenak dira ba zaldiak?

Santuarenak. Kondairan dio XVI. mendean Galizian izurritea egon zela eta ahizpa bik, beldur asko zutenez, mendira jo zutela bizitzera. Orduan, San Lorenzori zin egin zioten gaixotzen ez baziren, zaldi eta behor bana eskainiko zizkiotela. Ahizpak ez ziren gaixotu eta zin egindakoa bete zuten, eta horrela, mendiak zaldi eta behor hauen oinordekoekin bete ziren.

 

Nola izan duzu argazkiak egiteko aukera?

Urte asko daramatzat oporretan Galiziara joaten, han arbasorik ez dudan arren, asko gustatzen zaidan lurraldea delako. Behin, raparen inguruan egin nuen argazki bat hango egunkari batean azaldu zen eta argazkian agertzen den gizonaren arreba nirekin jarri zen kontaktuan. Orduan, argazkia eman nion eta bere etxera gonbidatu ninduen, rapa hurbiletik jarraitzeko. Harrezkero harreman ona dut eurekin eta ia urtero joaten naiz.

 

Beraz, hainbat aukera izan dituzu rapan argazkiak egiteko.

Bai, egun ezberdinetako argazkiak daude erakusketan. Argazki batzuetan, adibidez, laino moduko bat ikusi daiteke, baina ez da lainoa, zaldien berotasunak igortzen duen lurruna baizik. Raparen momentu ezberdinen argazkiak egiteko aukera izan dut. Lehen egunean familiari argazkia egin nion eta mendira jo nuen eurekin. Herriko etxeetan emozio handiz bizi da jai hau eta familiako belaunaldi guztiek elkarrekin hartzen dute parte. Horrela, belaunaldiz belaunaldi ohiturak bizirik jarraitzen du. Gero, zaldiak ‘curroan’ daudenean, hesiaren beste aldetik egiten ditut argazkiak, nahiz eta barruan sartzeko gonbitea egin didaten. Barruan sartzea ez da txantxa!

 

Argazkiek nolabaiteko indar basatia dute.

Beno, indar asko eduki behar da zaldi basati bat hartzeko, indar handia duen animalia delako. Toki askotan egin dut erakusketa hau eta egia esan jendeari gustatu egin zaio.

 

Baita Galizian ere?

Bai, han ere. Gero, Katalunian, Donostian, Bergaran eta beste hainbat tokitan egon da.

 

Orain, Eibarren dago ikusgai Argazkilaritza Maiatzean ekimenaren barruan. Zer iruditzen zaizu?

Eibarren argazkilaritza lehiaketetan egon naiz, epaimahaikide izan naiz eta aspaldi ezagutzen dut Jose Luis Irigoien. Ilusioa egin dit nirekin gogoratu izana.

 

Argazki-mota jakin bat egitea gustatzen zaizu ala probatzea duzu gustoko?

Argazki-mota ezberdinak egitea gustatzen zait. Argazki minimalistak egiten ditut, paisaiak, naturako argazkiak… argazkilaritza denbora-pasa da niretzat. Hori bai, ez zait gustatzen erretratoak egitea, erretratoa egiten diozunari argazkia inoiz ez zaiolako gustatzen.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »