Jose Ignacio de Castro, argazkilaria: “Argazkiak gehiago disfrutatzen dira tamaina handian”

Jose Ignacio de Castro, argazkilaria: “Argazkiak gehiago disfrutatzen dira tamaina handian”
ETA KITTO 2019, Mai 03

Gaur hasiko da ‘Argazkilaritza maiatzean’ ekimena. Portaleak Juan Miguel Alba Molinaren ‘Guajiros’ erakusketa jasoko du gaurtik maiatzaren 26ra, Gabriel Brauk zuri-beltzezko argazkiei buruzko tailerra eskainiko du bihar; hilaren 12an ‘argazki rallya’ egingo da; 25ean ‘Topaketak kalean’ ekimena izango dugu eta ekainaren 6an Harvey Wang Portalean egongo da ‘From Darkroom to Daylight’ pelikulari buruz berba egiteko. Topalekuan, bestetik, Jose Ignacio de Castro argazkilari eibartarraren erretratuak izango ditugu ikusgai gaur 19:00etatik hilaren 26ra.

 

– Nolako argazkiak ikusi ditzakegu erakusketan?

Bi motatako erretratuak, tamaina txikiko zuri-beltzezkoak eta tamaina handiko kolorezkoak.

– Zergatik erabili dituzu tamaina ezberdinak argazki mota bakoitzarentzat?

Paperaren prezioak eragina du. Zuri-beltzezkoak paper baritatuan (argazki-paperean) inprimatu ditut, baina paper garestia da eta tamaina handiagoan eginez gero diru asko gastatu beharko nuke. Orduan, tamaina handiagoko argazkietarako kolorea erabili dut. Niretzat berria da kolorea erabiltzea, baina argazkiak tamaina horretan nola ikusiko ziren ikusi nahi nuen eta egia esan tamaina horretan argazkia gehiago disfrutatzen da.

– Zergatik erabili dituzu erretratuak bakarrik?

Mota askotako argazkiak egiten ditut, baina erretratuetan espezializatu naiz. Erretratuek atentzioa ematen didate. Gaur egun telefono mugikorrekin ateratako erretratu asko ikusten ditugu, selfieak eta abar, baina lehen erretratuak askoz ere gehiago lantzen ziren. Estudioan egiten den argazkilaritza gustatzen zait eta disziplina zaila denez lantzean behin estudioan argazki-saioak egin behar ditut praktika ez galtzeko.

– Erretratuetan pertsona bat argazki-kameraren aurrean dago eta beste bat atzean. Ze neurritan da garrantzitsua bien artean harreman ona egotea?

Oso garrantzitsua. Adibidez, modeloak horrelako argazki-saiorik inoiz egin ez badu, baliteke berak egiten dituen keinuak argazkilariari ez gustatzea, eta horregatik oso garrantzitsua da modeloa erlaxatzea, berba egitea, lasaitzea… Modeloa erlaxatzen bada, errazagoa da saioa aurrera ateratzea.

– Aurretik pentsatzen duzu zer lortu nahi duzun ala saioetan bapatean sortzen dena gustatzen zaizu?

Normalean aurretik prestatzen ditut saioak, bilatu nahi dudana lortzeko, baina batzuetan gauzak sortzen dira. Argazki batzuek aurretiko prestaketa handia eskatzen dute.

– Erakusketako erretratuek badute ezaugarri bera.

Bai. Galeriako erretratu klasikoak izateaz gainera, kolorea izan da erronka erakusketa honetan.

– Maila teknikoan zailtasun handiak izan dituzu?

Kolorea lantzea oso zaila da argazkilaritzan eta ahalik eta ondoen egiten saiatu naiz. Makina profesionala daukat eta erretraturako objektiboak erabili ditut, distortsiorik gabe eta konpresio bikainarekin. Modeloa ederra izan daiteke, baina ez badituzu objektibo egokiak erabiltzen argazkia alperrik galdu egiten da. Denak du garrantzia: argazkilariak, modeloak, argazki-makinak, testuinguruak eta inprimatzeak.

– Teknika bera erabili duzu argazki guztietan?

Bai, baina argazkiak prozesatzeko orduan oso fina izaten saiatu naiz. Ezin da argazkilariaren ukitua igarri, emaitza ahalik eta naturalena izan behar da.

– ‘Argazkilaritza maiatzean’ egitasmoaren barruan egingo duzu erakusketa. Berezia izango da zuretzat?

Erakusketaren inaugurazioan Argazkilaritza Sari Nazionala jaso duten bi argazkilari egongo dira (Juan Miguel Alba Molina eta Gabriel Brau), beraz, oso berezia izango da. Bestetik, Deporreko Argazkilaritza Taldekoei eskerrak eman nahi dizkiet, oso maila handia dutelako eta eurekin asko ikasten dudalako.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »