Julio Castejon, Asfalto: “Eremu ez aproposean duintasun osoz aurrera egin du Asfaltok”

Julio Castejon, Asfalto: “Eremu ez aproposean duintasun osoz aurrera egin du Asfaltok”
ETA KITTO 2019, Abe 26

Asfalto taldeak kontzertua eskainiko du abenduaren 27an, 22:00etan, Coliseoan. 47 urteko ibilbidea egin ondoren errepidean jarraitzen du talde madrildarrak, “rock politinbrikoa” eskainiz. Lau hamarkadatan izandako gorabeheren ondorioz, Julio Castejon da taldearen lehen formakuntzatik gelditzen den kide bakarra eta kontzertu handia izango dela iragarri digu.

 

– 1972an sortu zenuten Asfalto. Zein da zuen sekretua hainbeste urtetan taldea bizirik mantentzeko?

Ez dakit pertseberantzia edo burugogorkeria kontua den. Asfalto bezalako proiektu bat hainbeste urtetan bizirik mantentzea ez da erraza izan. Horregatik, taldea sortu genuen kideotatik ni izan naiz Asfalto gaur egun zutik mantentzeko gorabehera guztiei eutsi dien kide bakarra.

– Nola kudeatu zenuten sasoi bateko arrakasta?

Arrakasta kontzeptua definitu beharko genuke. Arrakasta ospea eta baliabide ekonomikoak sortzea bada, Asfaltok huts egin du. Baina esaten badidate bost hamarkada geroago jendea gure diskoekin emozionatzen dela, gure abestiekin bere bizitzako momenturik onenak gogoratzen dituela eta gaur egun gure disko berriak lehenengo lanak bezain interesgarriak iruditzen zaizkiela, Asfaltok arrakasta ukaezina izan duela esango nuke.

– Nola egin duzue aurrera sasoi grisenetan?

Grisa kolore ederra da, ñabardura asko ditu. Ezer ez da guztiz txuria edo guztiz beltza. Zailtasunak agertzen direnean alde txuriari begiratu behar diozu, etorkizuna arazoak saihestuz bideratzeko.

– 50 urtetan gizartea, modak, gustuak… asko aldatu dira. Asfalto ere aldatu egin da?

Ez, Asfalto funtsean oso gutxi aldatu da. Hori bai, teknologia berriak, eta baliabide eta musika-tresna gehiago ditugu, gure soinua gaur egun estilo honen barruan erreferentea den edozein talderen baliokidea izanik.

– Belaunaldi berriek Asfaltorekin bat egin dute?

Gazteek ez dakite nortzuk garen eta zer proposatzen dugun. Normala da, gizarte honetan mediatikoa zara edo ez zara existitzen. Komunikazio defizit hau arintzeko gure irrati propioa sortu dugu, Radio Asfalto (radio.grupoasfalto.com), eta taldearen musika jartzen dugu egun osoan.

– Zuen ibilbideari errepasatuz, zer baloratzen duzue gehien?

Eremu ez aproposean duintasun osoz aurrera egin izana. Horregatik, milaka jarraitzaile izaten jarraitzen dugu eta esker ona zor diegu gure musika euren bizitzaren soinu-banda bihurtzeagatik.

– Nolako kontzertua eskainiko duzue Eibarren?

Eszenatoki gainean talde zoragarria gara eta primeran sinkronizatutako ikuskizun bisuala eskaintzen dugu. Gazteleraz abesten den rockean mundu mailako erreferente izaten lagundu diguten ñabardurak eskainiko ditugu kontzertuan.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »