Kaleko kontzertu “indartsua” eskainiko du Eibarko Bandak zapatuan

2023/05/24 eta kitto!
Zapatuan indartsu etorriko da Eibarko Musika banda, Andoni Vazquez zuzendariak esan digunez. Saioa Toribio Etxebarrian egingo da, eguraldia lagun. Bestela, euria eginez gero, Errebalen egingo dute.

19:30ean hasiko den saioan mota askotako lanak eskainiko dituzte eta amaiera metaleroa izango du. Hasteko, R. Hernandezen ‘El Cumbachero’ joko dute, “musika latinoa”, zuzendariaren berbetan. Gero, L. Bernsteinen ‘West side story’, “oso polita dena”. Eta amaitzeko, rock doinuak eskainiko dituzte. Hasteko, The Beatlesen ‘Hey Jude’; gero, Jon Bon Joviren musika mix bat; eta azkenik, ‘Metal!‘ izeneko saioa ‘Black Sabbath, Iron Maiden, Scorpions eta Ozzy Osbourneren abestiekin.

eibarko banda kontzertua