KEZKA dantza taldea: “Kalean egiteko asmoa genuen, baina Coliseora moldatu behar”

KEZKA dantza taldea: “Kalean egiteko asmoa genuen, baina Coliseora moldatu behar”
2020/06/24 15:43
eta kitto!
Kezka Dantza Taldekoek gaur, San Juan egunean egingo duten soka-dantza izango da aurtengo jaietako egitarauak hartuko duen ekitaldietako bat. 20:30ean hasiko den saioa ordu erdiren bueltan amaituko da eta streaming bidez zabaltzeko asmoa dute.

Kezka Dantza Taldekoek urteroko Sanjuanetako soka-dantzari eusteko ahalegina egin dute eta aurtengo jai-egitarau berezian sartuko dira azkenean. “Kalean egin nahi genuen”, diosku Oier Araolazak, “herriko-dantza edo kale-dantzaren bertsioa besterik ez delako soka-dantza”. Baina, azkenean, Coliseoan burutuko dute ekitaldia, “streaming bidez zabaltzeko”: gaur bertan, San Juan egunean, izango da, 20:30etan hasita, sarearen bidez eskainiko den dantzaldia. Plazako dantza izango da, dena dela, eskainiko dutena, Untzagakoaren antzerakoa.

Soka-dantzaren tradizioa berreskuratu zela 25 urte bete ziren iaz; eta, mende laurdena beteta, aurten ez egitekotan izan da. Berezia izateaz aparte, aurten hainbat muga eta protokolo bete beharko dituzte: “16 dantzari eta lau txistulari, Usartzakoak ere, izango gara ekitaldian, aurtengo omenduak izango diren bi osasun-langilerekin; ohikoa denez, gurekin integratuko dira eta dantza amaituko. Bestalde, sarrera ere mugatuta dago, 30 lagunentzat”. Untzagakoaren iraupena ordu erdiaren bueltakoa izaten bazen, Coliseoan 20-25 minututan amaituko dutela uste dute, “espazioa ere ez da Untzagakoa bezain zabala izango-eta”.

Soka-dantza horren izena aurreskua dela dio Araolazak, “XX. mendean toki askotan esku-dantza, gizon-dantza eta horrelakoekin ezagutzen zena; baina, nagusiki, aurreskua moduan. Sokan egiterakoan parte batzuk atera egin dira, aurreskua baino oihartzun handiagoa hartuta. Soka sinbolikoa da, eskuz-esku egiten dena; hortik datoz baita aurreko eskua, atzeko eskua... azkenean aurreskura ekarriko digutenak, gidari bera bakarrik jardutean, jarraipen barik. Agurra ere deitzen da, soka-dantzaren parte; gauza bera da”.

Eibarren lagata zegoen 1967-68tik gutxi gorabehera, “Arrateko Amaren egunean eta halakoetan dantzatu bazen ere”. 1994an berreskuratu zuten eta ordutik iraun du gaur arte. Kalerik egin gabe? Oierrek ez du ondo gogoratzen: “Euria ere egokitu zaigu noizbaiten, baina dantzan egin genuela uste dut. Gogoan dut nik baten orkatila bihurtu eta ezin izan nuela dantzatu”.

Udalbatzaren parte-hartzearen inguruko tradizioari buruz, Araolazak diosku lehen goizez egiten zela dantza hori: “Meza izaten zen 10:00etan, 11:00etan prozesioa egiten zen San Andresetik Untzagaraino eta, ondoren, aurreskua dantzatzen zen. Agintariek dantzatzearena aspaldiko ohitura da, ordezkari politikoei zegokien-eta ohore hori, herriaren izenean. Udalbatzak eskuz-esku dantzatzeak herriaren kohesioa irudikatzen zuen, erritual bezalakoa zen”. 1994an, Kezkak tradizioa berreskuratu zuenean, Juan Antonio Urbeltz ere ekarri zuten Eibarrera, sinbolismo horren alde lan gehien egin duen ikerlaria.

Kezka 2Kezka3

Gaur egungo soka-dantzan Eibarko zinegotziek ez dute parte hartzen: “10-15 urtetan jarraitu genuen udal-korporaziokoekin dantzatzen, baina Txontako bizilagunen kexekin eta bestelako mobidekin, halako batean laga zioten parte hartzeari. Iñaki Arriolaren sasoian izan zen hori eta De los Toyos alkate dela ez dira bueltatu. Zinegotzi zenean dantzatu bazuen ere”. Dioenez, azken urteetan ohiturari eusteko asmoa jakinarazi dio bateren batek, “baina gu ez gara inor erabaki hori hartzeko; eurak prest badira, gu pozik, eta aurrera. Herriarekiko euren konpromisoa edo zorra da”.

Ekitaldia prestatzeko “Coliseoan bi saio egin ditugu. Txaltxa Zelaian edo Legarreko frontoian entseguak egiteko baimena eskatu genuen, baina ez ziguten eman”. Bideo-konferentzia bidez jardun dute entseatzen eta euren aktibitateari eusten, “baina zaila egiten da sinkronizatzea eta, horrez gain, etxeetako espazioa ez da aproposena izaten askotan”.