Kokein: “Jotzea, abestiak egitea eta ondo pasatzea dira gure helburuak”

Kokein: “Jotzea, abestiak egitea eta ondo pasatzea dira gure helburuak”
2020/02/07 eta kitto!
Kokein musika talde eibartarrak 20 urte bete ditu eta ‘Lera’ izeneko lan berria eskaini die zaleei, opari moduan. 20 urte lagun artean, 20 urte rock erritmoan gozatzen, Legarreko musika lokala bigarren bizitoki bihurtu arte. Han bildu gara Iker, Zaloa, Jatsu eta Leterekin (Txitxes falta izan zen), eta Kokeinen ibilbidearen errepasoa egin dugu. Hilaren 21ean Untzagan eskainiko duten kontzertua maitasun handiz prestatzen dihardute, herrikideekin urteurren berezia ospatzeko. Badute zer ospatu.

https://youtu.be/HIX77QHp9so

- “Inkontzienteki bi hamarkada igaro ditugu”, esan duzue lan berriaren aurkezpenean. Gustora zabiltzanean denbora konturatu barik pasatzen da?

Lete: Bai, 20 urteak azkar pasatu dira. Atzera begiratzean konturatzen zara 20 urte pasa direla (ostia!), baina konturatu barik. Itxuraz, ez da sufrimendu asko egon.

Iker: Bizitza azkar doa eta beti gara gazte.

Zaloa: 20 urte azkar pasatu dira, baina momentu oro gozatu dugu. Eta gozatzen jarraitzen dugu oraindik!

Jatsu: Ziurrenik ez genuen aurreikusten Kokeinek hainbeste iraungo zuenik.

Zaloa: Ezetzik ere ez!

Iker: Sormenak atzeraelikatu egin gaitu eta horrela iritsi gara hona.

- Nola gogoratzen dituzue hasierako momentuak?

Zaloa: Gaur egun dugun grina eta gogo berarekin. Taldea sortzeko unea polita izan zen. Legarreko lokaletan gauza ezberdinak egiten genituen eta hemengo estudioan diskoa grabatu nahi zuen musikari batek instrumentazioarekin eta koroekin laguntzeko eskatu zigun. Elkarrekin oso gustora aritzen ginela konturatu ginen, gure artean txispa zegoela, eta horri heldu nahi izan genion, baina ez oso kontzienteki.

Iker: Hasieran egarri gehiago duzu eta urteekin egarria kontrolatzea lortzen duzu. Ez duzu hainbeste edan behar sormen jarioa mantentzeko.

Lete: Hasieran litroak edaten dituzu eta gero, haztean, ardoa (barreak). Bestetik, lehen denbora gehiago genuen entseatzeko. Astean hirutan elkartzen ginen eta orain astean behin, ahal badugu behintzat.

- Nolako erritmoa jarraitu duzue entseatzeko, lan berriak sortzeko, kontzertuak eskaintzeko... orduan?

Jatsu: Gorabeherak izan ditugu, sasoiaren arabera. Batzuetan astean hiru entsegu egiten genituen eta beste batzuetan hilean birritan geratzeko Tetrisa egin behar.

Lete: hala ere, orokorrean nahiko konstanteak izan gara.

Iker: Denbora oso ondo optimizatzen dugu, eraginkortasunez.

Lete: Lan guztia lokalean egiten dugu, guztiok batera. Horrek erritmoa moteldu dezake, baina gure erritmoa da.

Iker: Ez dugu presionatzen gaituen multinazionalik atzetik.

- Erritmo eta giro horrek 20 urtetan taldekide berdinek jarraitzeko lagundu du?

Lete: Azken finean, lagunak gara. Elkarrekin parrandak egitea garrantzitsua da taldea batuta mantentzeko (barreak).

Zaloa: Bestetik, beti izan gara oso kontzertuzaleak eta horrek asko baitu gaitu. Bakoitzak bere bizimodua du, baina beti elkartzen gara planen bat egiteko.

- 20 urte hauetan zein izan da Kokeinen puntu altuena? Eta baxuena?

Jatsu: Japoniara joatea zoragarria izan zen.

Iker: Lurpekhariä diskoarekin, diskoko abestiek izan zuten indarra eta sentimendua ikusita, urteetan sentitzen ez nuen zerbait sentitu nuen. Abestiek erabat betetzen ninduten. Behin, laneko kontu batengatik Poloniatik netorrenean, taldekideek Lurpekhariä diskoko abesti bat bidali zidaten eta negar batean entzun nuen Municheko aireportuan.

Zaloa: Nik momentu oso ezberdinak gogoratzen ditut eta gehienak positiboak dira. Momenturen baten baxuago ibili gara (gutxiago jotzen, adibidez), baina sekula ez dugu ikusi Kokeinen ibilbidea amaitzen zegoenik.

Lete: Baina zer da baxu egotea? Zer da arrakasta? Ez da arrakasta 20 urtetan zehar guk egin nahi izan duguna egitea? 20 urtetan jotzen jarraitzea nahikoa arrakasta da eta hortik etorri daitezkeen gauzak opariak dira. Jotzea, abestiak egitea eta ondo pasatzea dira gure helburuak.

- 20 urtetan asko aldatu da musikaren eszena eta negozioa. Sasoi berrietara egokitzen jakin duzue?

Jatsu: Kasu batzuetan aurretik joan gara! (barreak)

Lete: Hain aurretik ibili gara, inork ez gaituela ulertu (barreak). Kontua da ‘Izan’ diskoa fisikoki biniloan bakarrik kaleratu genuela eta abestiak interneten jarri genituela deskargatzeko, borondatearen truke. Eta oso borondate gutxi egon zen (barreak). Horrelako formulak bilatu ditugu beti.

Jatsu: Borondate gutxi egon zen, baina inoiz baino deskarga gehiago izan genituen. 20 urte hauetan asko aldatu da musikaren mundua. Baten batek esan zuen musika ura bezala iritsiko zela etxeetara, txorroa zabaldu eta kitto. Sasoi hori aspaldi iritsi zen. 20 urte hauetan gauzak momentuan erabakitzen joan behar izan dugu. Norabide zehatz bat jarraitu behar zela jakin baino lehen, gu bertan geunden erabakitzen. Batzuetan erabaki zuzenak hartu ditugu eta beste batzuetan ez hain zuzenak.

- Eta arlo musikalari begira, zuen estiloa sasoi berrietara egokitu duzue?

Zaloa: Oso musikazaleak gara eta, gauza berriak kontsumitzeaz gain, gauza zaharrak mantentzen ditugu. Gure artean musika partekatzen dugu, zaharra eta berria, eta gure beharrak asetzen ditugu musikarekin. Denbora guztian martxan egotera eraman gaitu horrek, etengabe ikasten egotera, eta hortik abiatuta gauzak egin ditugu.

Lete: Sasoi berrietara egokitu baino, gorputzak eskatu diguna egin dugu. Beharrezkoa da gauza berriak bilatzea, motibatu egiten gaitu. ‘Lera’ lanean, adibidez, zerbait ezberdina egin nahi izan dugu, bizipoza edukitzea.

- ‘Lera’ diskoak bi abesti ditu. Zergatik bi?

Lete: Opari bat egin nahi genion geure buruari eta baita jarraitzaileei ere. Ez dugu gehiegi azpimarratu nahi 20. urteurrenaren kontua, baina horren harira zerbait ateratzea polita izango zela pentsatu genuen. Denontzako oparia da ‘Lera’.

Zaloa: Nahi izan duguna egin dugu beti eta zergatik egin behar genuen hamar abestiko disko bat? Bi abesti nahi genituen egin eta maitasun handiz landu ditugu. Garbi genuen bi abesti ezberdin egin nahi genituela eta, gainera, bi bideorekin.

Iker: ‘Itzalak’ abestiaren bideoa argitaratu genuen eta laster ‘Iraganaren etorkizuna’ abestiarena egongo da ikusgai.

Jatsu: Dodoma (Maialen Belaustegi) sortzaile eibartarrarekin egin dugu bigarren bideoa eta oso pozik gaude.

Zaloa: Gozamena izan da bideo biak egitea, Hannot (Mintegia) eta Malaien lagunak ditugulako. Maialenen kasuan, adibidez, gure lagun mina da eta gurekin egon da 20 urte hauetan. Artista handia da eta zoragarria izan da bideoa berarekin grabatzea.

- Hilaren 21ean kontzertua eskainiko duzue Untzagan. Berezia izango da?

Lete: Abesti berriak aurkeztuko dizkiogu Eibarko publikoari eta beharbada beste gauzatxo bat ere bai. Gauza berriak egongo dira eta gauza zaharrak indar gehiagorekin eskainiko ditugu.

Zaloa: Untzagan jotzeko eta kontzertuaz gozatzeko gogo handia dugu. Abesti zaharrak beste modu batetan berreskuratuko ditugu eta ikusiko dugu zer gertatzen den.

Lete: Ez kontatu dena! (barreak)