“Errobera artean” erakusketa zabalduko dute bihar Eibarko Armagintzaren Museoan
Bihar (azaroak 6) zabalduko dute Errobera artean izeneko erakusketa Eibarko Armagintzaren Museoan. Bizikletek eta Eibarko industriak arte-sorkuntza garaikidean izan duten eragina erakutsi nahi zaie bisitariei erakusketa honetan. Otsailaren 1era arte egongo da ikusgai, eta 2026an Eibarko Txirindulari Elkartearen eta GAC enpresaren mendeurrenen inguruan egingo diren ospakizunen abiapuntua izango da.
Antolatzaileen berbetan, “bizikleta eta mugimendua inspirazio iturri izan dira garai guztietako artistentzat, eta pintura, eskultura eta instalazio ugari sortu dira horien inguruan. Obra handiak egin dira, hala nola Henri Toulouse Lautrecen La cadena Simpson (1896), Natalia Goncharovaren El ciclista (1913), Fernand Legerren Ocio sobre Fondo Rojo, Marcel Duchampen Rueda de bicicleta edota Picassoren Cabeza de toro”.
Bizikletekin loturaren bat duten artelanak bilduko ditu erakusketa honek, hainbat artistak sortutakoak. Zerrendan Jose Zugasti, Anibal Tejada, Baroja Collet, Jacobo Castellano, Javier Rodriguez Perez-Curiel, Dora Salazar, Marina Barrena. Fernando Beorlegui, Leire Kareaga, Imajinez, Iñaki Garmendia eta Derek Kreckler daude, besteak beste. Gehienak eibartarrak dira, eta bestela Eibarrekin oso lotura hestua izan dute.
Iñaki Uriarte arkitektuaren hitzaldia azaroaren 19an
Erakusketa honekin bat eginez, azaroaren 19an, arratsaldeko 19:00etan, Portaleko areto nagusian, Iñaki Uriarte arkitektoak Bizikleta, makina mugikorra, azkarra eta ederra hitzaldia emango du. Ibilaldi bisuala izango da non bizikletaren historia eta haren ondare kulturala landuko diren, hainbat puntu garatuz: feminismoaren lorpena eta emakumearen emantzipazioa bizikletaren bidez; txirrindularien arteko hasierako desafioa, eta handik gutxira kirol lehiakor gisa lortu zuen arrakasta; bizikletaren memoria eta musika; bizikletak inspirazio iturri izan duen eragina, bai objektuen diseinuan baita artean ere.
