Korrika Kulturala gaur hasiko da Eibarren

Korrika Kulturala gaur hasiko da Eibarren
2022/03/10 eta kitto!
Korrika apirilaren 1ean pasako da Eibartik, baina aurretik, motorrak berotzeko, zenbait ekitaldi egingo dira herrian Korrika Kulturalaren barruan. Horrela, gaur, 20:00etan, Idoiak ‘Ilun eta abar’ diskoa aurkeztuko du Coliseoan eskainiko duen kontzertuan.

Hilaren 20an beste kontzertu bat izango dugu bertan, oraingo honetan Ruper Ordorikaren, Mugalaris bandaren eta Bernardo Atxagaren eskutik. Diskoa kaleratu eta 40 urte ondoren, Oñatiko abeslariak ‘Hautsi da anphora’ lana ekarriko du berriz ere jendaurrera eta abestien letrak landu zituen Atxagak zenbait pasarte kontatuko ditu. Emanaldia 20:00etan hasiko da.

Hurrengo egunean, hilaren 21ean, ‘Semea pixka bat motelago dabil’ antzezlana emango dute 19:00etan, Coliseoan.

Martxoaren 26an mendi-irteera kulturala egingo da, Urkoko koba bisitatuz. Irteera 9:30ean egingo da Untzagan eta 10:00etan Mañe jatetxeko aparkalekuan bilduko dira parte-hartzaileak. Ondoren hamaiketakoa egongo da Klub Deportiboak eta Eibarko Baso Biziak taldeak gidatutako ibilbidean.

Hilaren amaierarako umorezko bakarrizketak ekarriko dituzte. 30ean ‘Barredromoa’ eskainiko dute Mirari Martiarenak, Olatz Perez de Viñasprek, Ane Galarragak, Leire Narbaizak, Oier Araolazak, Gorka Guenagak, Koldo Garciak eta Josu Lopez Gazpiok. Idoia Torregaraik aurkeztuko du Markeskua jauregian egingo den saioa, 18:00etan.

31an, berriz, ’40 urte eta aldapan behera niek’ saioa eramango du ...eta kitto! Euskara Elkarteak Coliseora, 19:00etan.

Apirilaren 1ean, Korrika herritik pasatzen den egun berean, bertso afaria egongo da Kultun Unai Iturriaga eta Maider Arregi bertsolariekin. 21:00etan hasiko da Arrate Kultur Elkarteak eta Hankamotxak bertso-eskolak antolatu duten saioa.

korrika kulturala