Legarreko soinua herri osoan entzuteko aukera izango da hurrengo asteburuan

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
Legarreko soinua herri osoan entzuteko aukera izango da hurrengo asteburuan
ETA KITTO 2019, Ira 20

Eibarko musikak Legarren du egoitza. Auzoaren goiko aldean, etxeek eta zementuak mendiari lekukoa ematen dioten tokian, eibartarron barrenetik ateratako doinuak entzuten dira. Estilo eta ezaugarri ezberdinekin, baina Legarren bakarrik aurkitu daitekeen nortasunarekin. Belarriak prestatu, hilaren 27tik 29ra Legarretik jaitsi eta herriko hainbat tokitan izango baititugu hango musikariak.

 

Musikak lotzen dituen belaunaldi ezberdinetako jendea batzen da Legarreko musika sorkuntzarako lokaletan. Horren adibide dira Zaloa Urain (Kokein), Borja Etxebarria ‘Tiri’ (The Vartools, Dee Versions…) eta David Carballo ‘Karba’ (Kvalvika, DJ Karba). ‘Karrikan’ egitasmoa eta iristear den Legarreko lokalen 25 urteurrena aitzaki moduan erabilita, bertan bizi dutenaren berri emateko elkartu ditugu. Istorio ugari ezkutatzen dira Legarreko pareten barruan eta Eibarko musikaren historian zehar ibilbidea eskaini digute.

Legarreko musika sorkuntzarako lokaletan egiten den musika Eibarko osora zabaltzea. Hori da Eibarko Musikari Gazteen Elkarteak (EMGE) ‘Karrikan’ egitasmoarekin duen asmoa. “Elkarteak urtero kontzertu bat antolatu izan du Sanandresen bueltan, baina azkeneko urte bietan ez zen ia publikorik egon. Gauez izanda hotza egiten du, jendea tabernetan dago kalean baino gehiago… Grazia bariko zerbait zen”, dio Borjak. “Orduan, inguruko herri batzuetako ereduari jarraituz (Gernika, adibidez), Eibarko hainbat tokitan talde ezberdinen kontzertuak eskaintzea pentsatu dugu. Hemen sortzen den musika plazaratu eta, gutxienez, bizirik gaudela esateko, askok ez gaituztelako ezagutzen”. Zaloaren iritziz, gainera, talde askorentzat aukera polita da norberaren herrian jotzeko, “askotan ez delako batere erraza”. Orain arte antolatutako kontzertuetan kanpoko taldeak ekarri izan dituzte, “publikoa gehiago motibatzeko”, baina aurten etxean egiten dena erreibindikatu nahi izan dute.

Sei talde eibartarrek joko dute zuzenean herriko toki ezberdinetan hilaren 27tik, barixakua, 29ra, domeka. Egitarauaren azken xehetasunak zehazten dihardute, baina herriko toki guztietara musika eramatea da asmoa. Aldaketarik izan ezean, barixaku arratsaldean Ez Dok taberna parean Kvalvika eta Mise en Abymek joko dute 20:00etan eta 22:00etan, hurrenez hurren, eta Ametsa tabernan urteurren kontzertua egingo da 20:30ean; zapatu eguerdian Amesti tabernan DJ Karba egongo da 12:30ean eta Paulanerren Big Ion 13:30ean, arratsaldean Toribio Rock egingo da Ez Dok parean 17:00etatik 23:00etara eta gauean Ekinociok Belekon joko du 23:00etan; eta domeka eguerdian Ni Neu izango dugu Zubi Gain tabernan 13:00etan. “Estilo ezberdinak lantzen dituzten taldeak dira”, Borjak dioenez. “Azken finean lokaletan dagoenaren isla da”, Zaloaren berbetan.

‘Karrikan’ egitasmoa hasiera bat da EMGE-koen berbetan. “Ekimen honekin hazi bat erein nahi dugu”, Daviden berbetan. “Korrika ibili gara prestaketekin, arazoak izan ditugu baimenekin eta ikusiko dugu nola irteten den”. Zaloarentzat, bestetik, garrantzitsua da herritarren erantzuna zein den ikustea. “Entzuten dutena gustatzen bazaie, gehiago motibatuko dira hemengo taldeak jarraitzeko”. Horregatik, asko baloratzen du kontzertuak herriko hainbat tokitara eramatea (“ez bakarrik erdialdera”) eta eguneko momentu ezberdinetan programatu izana (eguerdian, arratsaldean eta gauean). Musika kalean bizitzea da Zaloarentzat ekimen honen gauzarik politena.”Horrelako ekintzak oso aberasgarriak dira kulturalki”.

 

Lokalen funtzionamendua

Legarreko musika sormenerako bederatzi lokalak denak emanda dabiltza lanean. Jo eta su. Gaur egun, ia beti gertatu izan den bezala, beteta daude, Eibarren musika egiteko dagoen gogo eta gaitasunaren seinale. Hiru talde daude lokal bakoitzean, beraz, 27 daude guztira gaur egun. “Talde batek uzten badu, beste bat sartzen da berehala, normalean itxarote-zerrenda egon izan delako”, dio Zaloak. “Orain, kasualitatez, ez dago itxarote-zerrendarik, beraz, aukera ona da izena-emateko”. Borjak, adibidez, urte eta erdi itxaron behar izan zuen sartzeko eta Davidek bederatzi hilabete. “Nik ezer”, dio Zaloak barrez. “20 urte daramatzat hemen Kokein taldearekin. 20 urte, errez esaten da. Lehen gauzak beste modu batean egiten ziren, baina moldatzen joan gara denborarekin”.

Asanblada inguruan antolatu da beti Legarreko musika sorkuntzarako gunea eta funtzionamendua kide guztien artean eraman da. “Beti egon da gehiago edo gutxiago egin duen jendea, baina guztion artean kudeatu dugu guztia, egiten duguna guretzat izan delako”, Zaloak dioenez. EMGE elkartea izanik, presidentea, idazkaria eta abar izendatu behar ditu ofizialki, baina eguneroko funtzionamenduan kide guztiek dute botere bera. “Txandaka ibili izan gara eta denok pasa izan gara postu guztietatik”, dio Zaloak. “Hemen ez dago hierarkiarik. Erabakiak guztion artean hartzen ditugu, guztion beharretara egokitzeko. Ez da erreza, jendea sartu eta irteten egiten delako, ikuspuntu ezberdinak dituen jendea dagoelako… baina gutxi gorabehera betiko funtzionamendua mantentzen dugu”.

Hilean behin biltzen dira eta talde bakoitzeko kide bat joan behar da bileretara. “Hor, adibidez, arauren bat jarri behar izan dugu, sasoi batean lau katu joaten biltzen ginelako”, Borjaren berbetan. Arau batzuk ezarri dituzte, “bizikidetza arau minimo batzuk”, lokalen funtzionamendua eta taldeen arteko errespetua bermatzeko. Hala ere, hirurek diote inoiz ez dutela arazo handirik izan. Lokal bakoitzean nahi duten moduan antolatzen dituzte talde bakoitzaren orduak, euren behar edo nahien arabera, eta ondo moldatu izan dira horrela.

Udaletxeak musikariei eskaintzen dien tokia da Legarrekoa eta EMGE-k kudeatzen du beste guztia. “Beste herri batzuetako musika lokalekin alderatuz, hemen ikusten dudan abantailetako bat da musika-tresnak eta abarrak barruan utzi ahal ditugula, ez garela aurrera eta atzera bili behar instrumentuekin soinean”, Zaloaren berbetan. Legarren, gainera, grabaketa-estudioa dago, gaur egun Walter Tuzzeo italiarrak kudeatzen duena, eta disko ugari sortu dira bertan. “Maila handiko estudio da”, Daviden iritziz. Izan ere, Zaloaren ustez, Legarreko lokalek eskaintzen dutena oso ondo dago. “Beste herri batzuetatik etortzen den jendea harrituta geratzen da hemen dugunarekin. Denetarik dugu, gozamena da”.

Hori bai, lokalek duten irisgarritasuna hobetzeko beharra ikusten du hirukoteak. “Hona heltzeko eskailerak igo edo jaitsi behar ditugu. Beraz, elbarritu batentzat arazo handia da hona etortzea eta, bestela ere, musika-tresnak kargatu edo deskargatzea nahiko gogaikarria da”.

 

25. urteurrena ate-joka

25 urte inguru pasa dira Legarreko lokalak martxan jarri zirenetik eta ehundaka talde pasa dira ordutik. Batzuek oraindik jarraitzen dute, beste batzuk hasieratik ez baina urte asko daramate, hainbat taldek hasi eta utzi egin dute eta, batzuk, bertan elkar ezagututako musikarien artean sortutako proiektuak dira. Hain modan dagoen sinergia berbak adibide polita du Legarren. “Elkarbizitza polita sortzen da hemen eta oso aberasgarria da”, Zaloaren iritziz. “Nire lehen eta bigarren diskoetan lokal ezberdinetako jendeak hartu du parte, adibidez”, dio Davidek. “Barixaku edo zapatuan etorri, beste lokal batean sartu eta jam session bat egiten amaitu dezakezu

Musika mota guztietako taldeak egon dira Legarren, eibartarrak zein kanpokoak. “Ermuan Betiondoko musika-lokalak zabaldu arte ermuar asko egon da hemen, eta oso aktibo gainera. Ekarpen handiak egin dituzte”, dio Davidek. Zendu berri den Iñigo Muguruzaren Sagarroi taldeak ere orduak eman ditu Legarreko lokaletan, Gorka Baskaran bateria-jole eibartarra tarteko.

Batzuk badoaz eta berriak datoz, musika estiloak bezala. Urte hauetan hemengo taldeetan estilo aldaketa egon dela ikusten du hirukoteak. “Gizartean aldaketak egon diren moduan, hemen ere egon dira. Lehen, adibidez, hemen ez zegoen DJ askorik, gehienak taldeak ziren (ahotsa, gitarra, baxua eta bateria). Lehen arazoak izaten genituen bateria lokalean sartzeko, baina hori ere aldatuz joan da, gizartea bezala teknologia ere aldatu egin delako”, dio Zaloak. Hala ere, Legarren beti egon dira estilo ezberdinetako musikari eta taldeak, gaur egun bezala.

Legarreko ateak zabalik daude musikari edo musika taldeentzat. “Hileko bigarren eguaztenean bilera egiten dugu eta bertan azaltzea nahikoa da izena-emateko. Esan bezala, orain etorriz gero, ez dago itxarote-zerrendarik”, Davidek dioenez. Jende gaztea animatu nahi du hirukoteak eta, batez ere, emakumeak. “Oso emakume gutxi egon izan gara. Musika egiteko toki bila nahiko galduta dabilen norbait baldin badago, hemen du tokia”, dio Zaloak. “Ez dakit nola, baina emakumeen parte-hartzea piztu beharko genuke”, Daviden iritziz. “Emakume eta gazte gutxi dago hemen, eta ez dakit zergatik”, Borjaren berbetan. Entzun duzue, hau da Legarretik iristen den deia.

karrikan

toribio rock

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »