Lucia Baskaran, idazlea: “Emakumeok jasaten ditugun eguneroko biolentziak irudikatu nahi nituen liburuan”

Lucia Baskaran, idazlea: “Emakumeok jasaten ditugun eguneroko biolentziak irudikatu nahi nituen liburuan”
2020/02/03 08:34
eta kitto!
Zeresana eman du Lucia Baskaran idazlearen ‘Gorputz madarikatuak’ liburuak, eta, hain zuzen ere, liburu hau izango da mintzagai ‘Harixa emoten’ egitasmoaren hurrengo saioan, otsailaren 4an, Portalean. Kontakizun hunkigarri honekin distira egiten du Zarauzko idazleak, ‘Partir’ liburuan utzitako sentsazio zoragarriak berretsiz.

 

- Zeintzuk dira gorputz madarikatuak?

Emakumeon gorputzek eta emakumeok jasaten dugun biolentziak garrantzia handia dute eleberrian, eta horren harira sortu nuen izenburua. Oso aukera biszerala izan zen. Eleberria irakurri eta gero argi geratzen da gorputz madarikatu horiek emakumeon gorputzak direla.

- Gutxiegi entzuten dira gorputz madarikatu horien ahotsak?

Eguneroko biolentziak irudikatu nahi nituen liburuan. Uste dut denok dugula argi zer den biolentzia fisikoa, baina eguneroko biolentziak ez dira askotan aipatzen eta ez diegu kasu handirik egiten.

- Zertaz ari zara eguneroko biolentzia aipatzen duzunean?

Adibidez, emakumeon gorputza objektibizatu egiten dela. Kanpoan dagoen begirada patriarkala barneratu egin dugu eta horrek eragina du gure gorputza begiratzeko dugun moduan.

- Gai latzak, gogorrak, lantzen ditu liburuak. Idazteko orduan ere gogorra izan da zuretzat?

Ez da erraza liburuan azaltzen dena azaleratzea, baina horregatik aukeratu nuen nigandik urruti zegoen pertsonaia bat, distantzia apur bat hartzeko. Ez dira gai errazak eta pauso bat atzera ematen saiatu nintzen beste pertsona baten azalean sartuz.

- Non aurkitzen duzu idazteko inspirazioa?

Kasu honetan, lagun batek istorio bat kontatu zidan eta hori izan zen inspirazioa. Istorio hori fikziora eramatea erabaki nuen, aipatutako gaiei buruz berba egin nahi nuelako. Emakumeok jasaten ditugun biolentziei buruz idatzi nahi nuen. Ez bakarrik kalean gertatzen diren biolentziak, baita familian isilpean geratzen diren biolentziei buruz ere. Argi nuen gai batzuei buruz idatzi nahi nuela, baina benetan gertatu zen istorio batean aurkitu nuen inspirazioa.

- ‘Harixa emoten’ saioan liburuaren irakurleekin zuzeneko hartu-emana izango duzu. Antzeko esperientziarik bizi izan duzu?

Bai. Orain dela gutxi Hondarribian egon nintzen liburuaren irakurleekin solasaldian eta oso esperientzia polita izan zen. Durangoko Azokan ere egon nintzen eta irakurleekin berba egiteko aukera ona izaten da. Horrelakoak oso ondo daude, ez dugulako irakurleekin egoteko aukera askorik izaten liburuarekin izan duten esperientzia ezagutzeko. Azken finean, nik istorio bat kontatu nahi izan dezaket, baina bakoitzak bere irakurketa egiten du eta oso interesgarria da bakoitzak nola irakurri duen ezagutzea.

- Espero zenuen moduan jaso du irakurleak liburu hau?

Ez nau gehiegi harritu jendeak liburua nola hartu duen, baina bai harritu nau 50 urte inguruko emakume askok irakurri dutela ikusteak. Asko pozten nau horrek.