Maite Arroitajauregik 23. KORRIKA-rako sortu duen "Harro Herri" abestia aurkeztu dute
Gaur goizean aurkeztu dute HARRO HERRI, Maite Arroitajauregi Aranburu Mursego-ren gidaritzapean 23. KORRIKARAko sortutako abestia, Juan Bautista Gisasola Musika Eskolan. Aurkezpena Ane Elordi KORRIKAko arduradunak eta Arroitajauregik berak egin dute eta, kantarekin batera, bideoklipa ere aurkeztu dute. Musika Eskolako irakaslea den Arroitajauregik bere ikasle izandako neska-mutil batzuekin batera kantatu du abestia, eta ondoren azaldu du abestia sortzeko prozesua nolakoa izan den. Esan duenez, lana “ezberdina” izan da, gutxi izaten baitira enkarguz egindako lanak: “Horrek geure buruari muga batzuk jartzera eraman gintuen, baina horrelako kantuekin egon ohi diren inertzia edo ohiturak kolokan jartzera: Korrika egiteko ez dagoela modu bakar bat, ez dagoela kanta bakar bat, bideak badituela gorabeherak eta bihurguneak”.
Nabarmendu duenez, pertsona askok osatutako lantalde batek sortu du kanta, eta abesteko orduan ere ez da ahots nagusirik bereizten, hain zuzen ere egileak masa bat irudikatu nahi izan duelako. Arroitajauregiren berbetan, “hiru kanta ezberdin dira, kantu bakar batean”. Sei edo zazpi zati dauzka abestiak, kantuaren barruan hiru kanta ezberdin, eta minisinfonia moduko zerbait oharkabean: “Atea zabaldu diegu azelerandoei, disonantziei, kaos modukoei, keinuei... Eta hainbat kantariren artean abestua egon arren, apenas inor ez nabarmentzeari, masa bat irudikatzeari”, azaldu du Arroitajauregik.
Prozesua luzea izan arren, “elkarrekin egiten asko gozatu” dutela ere esan du: “Letratik abiatu ginen kantu pop bat egiteko, eta behin hezurdura eta melodia nagusia argi samar genituela hasi ginen konponketak proposatzen eta jolasten, askotariko ideiak botatzen eta eztabaidatzen, ados egon garen arte % 100ean. Berrehunka pista zirriborratu eta milaka aldiz entzun eta gero, emaitza pop-barroko kantu bat izan da”. Harrerari dagokionez, kontuan izan dute horrelako abesti bat publiko zabalari zuzenduta dagoela, eta berdin balio behar duela umeek abestu eta dantzatzeko, lagunarteko festarako, zein errepidean denok bat eginda oihukatzeko.
Bestalde, bideoklipa Amaia Badiola Elgezabalek egin du eta, eta, batez ere, aurreko edizioetako artxiboko irudiz osatuta dago: “23 ediziok eta 43 urtek askotarako ematen dute; besteak beste, ikusteko zer nabarmenak diren KORRIKAn mota guztietako bilakaerak: gizartea, aldarrikapenak, estetika, komunikatzeko erak... baita gauza horiek guztiak jasotzeko teknikak ere”. Izan ere, denboraren aurrera-egite horrek euskararen erresistentzia ere irudikatzen du. Egilearen berbetan, “bideoklipa batzuetan da nostalgikoa, beste batzuetan polita, eta punkia ere izan daiteke”.